Sare Herritarra sarea etengabe ari da lanean gizartea bere osotasunean aktibatzeko Euskal presoei aplikatzen zaien espetxe-politika bertan behera uztea lortzeko, eta, dinamika horren barruan, egokitzat jo zuen adierazpen bat helaraztea arlo juridikoarekin lotura dute pertsona batzuei. Gaur, COVID-19aren pandemiak larriagotu duen egoerari buruzko zenbait planteamendu jasotzen dituen adierazpen hori aurkeztu nahi dizuegu.

Euskal herritar ugarik eta haien senideak bizitzen ari diren egoerak eragindako mina salatu nahi dugu. Lehenengoak, beren etxeetatik oso urrun daudelako bizitzen ari dira min hori; besteak, amaierarik gabeko bidaiak egin behar dituztelako. Honek erakusten duen krudelkeria amaierarik ez duen zigor gisa baino ezin da sentitu. Justizia eta legea betetzeko eskatu nahi dugu, gauza biak ebasten baitzaizkie egoera honetan. Urte asko eta asko egin ditugu urtarrileko manifestazio jendetsua eta SAREk antolatutako bestelako ekintzak egiten. Guztietan milaka pertsona elkartu dira, baina, hala ere, aldaketa txikiak, oso txikiak, egin dituzte estatuko erakundeek. Gaur aurkezten dugun adierazpenak bat egiten du mobilizazio sozialarekin, baita Gasteizko eta Iruñako parlamentuetan, lurraldeetako Batzar Nagusietan eta udal askotan espetxe-politikaren aldaketaren alde lortu diren gehiengoekin ere.

Iñaki Lasagabasterrek eta Amaia Goirigolzarrik jarraian aurkeztuko duten dokumentua 200 legelarik baino gehiagok babestu dute. Ideologia askotakoak eta hainbat lekutakoak dira. Estatu osoko juristak dira, ahotsa goratu nahi dutenak injustizia hau salatzeko.

Josebak esan duen bezala, ez da soilik ez dutela kontuan hartzen herritarren borondatea eta ez dituztela aintzat hartzen herritarren eskaerak, demokraziaren kontzeptuaren esanahia murriztuta, botoa ematera mugatuta.
Neurtzeko aukerarik izango bagenu, espetxe-politika honen alderdirik larriena da legez kanpokoa dela eta ez dituela errespetatzen oinarrizko eskubideak.

Eta ondo diogu: ilegaltasuna eta oinarrizko eskubideen zapalketa. Aldarrikapen demokratikoaren aurrean, eskubideak ukatzera mugatzen den jardun politiko bat dago, eta arauetan jasota ez dauden betekizunak asmatzen dituzte -eta hitz hori, asmatu, azpimarratu nahi dugu-, eskubide horiek betetzeari dagokionez.

Indarkerien biktimekiko errespetua oinarritzat hartuta, esan behar dugu horrek ez diola baimenik ematen ezein elkarteri Gobernuaren eskumeneko politika baldintzatzeko. Ildo horretan, espetxe-politikak ezin du ahaztu espetxeratuta dauden pertsonen gizatasuna.

Kezka eragiten digu instantzia batzuetatik espetxe-politikaz hitz egiten dutenean politikaz modu abstraktuan hitz egiteak, politika horren egitateak testuinguruan kokatu gabe, eta ezarritako arauak aintzat hartu gabe. Politika ezin da modu abstraktuan egin. Aipatutako arauei dagokienez, aurkezten ari garen adierazpen honetan gogoeta hauek egiten ditugu:

Politika ezin da ulertu eskubiderik gabe, eskubideei buruz hitz egin gabe, eta arlo biak bereizi behar dira. Politikak eskubideak baliatzeko aukera ematen du; horregatik jokatzen da politikoki, lortuko den arrakasta kontuan hartu gabe. Adibidez, hor dugu ingurumenaren arloko politika, merkataritzaren arlokoa, ordutegiei buruzkoa…, pandemia honetan hartu diren zenbait neurri, hainbat gaitan, edo eskoletarako araubidea, familia-jarduerena, maskaren erabilera, etab.

Politika horietaz hitz egiten denean, herritarrek dituzten eskubideak dira oinarria. Politikak eskubideak gauzatzeko tresna izan behar dira, baina, aldi berean, eskubideak dira politiken muga.
Horregatik, pandemia honetan, espetxe-politikaz hitz egiten bada, kontuan hartu behar dira espetxeratuta dauden pertsonen eskubideak; ezin dira baztertu eskubide horiek. Espetxe-politikak ezin ditu eskubide horiek ukatu, eta, praktikan, ukatzen ari dira.

SARE HERRITARRA sarearen adierazpen hau sinatzen dugunok uste dugu Administrazioak ezin duela bere kabuz erabaki kondenatuen banaketa. Konstituzioan jasotako gizarteratze-printzipioa garatuz, legeak ezarritako muga eta betebehar batzuk errespetatu behar ditu, eta askatasuna kentzeko zigorren xedea beti izan behar da gizarteratze hori. Hori horrela da, Espetxeen arloko Erregelamenduaren 3.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, espetxeko bizimoduaren erreferentzia-esparrua askatasunean egindako bizimodua izan behar delako, helburua delarik espetxeratzearen ondorio kaltegarriak ahalik eta gehien murriztea, lotura sozialak mantentzeko aukera emanez horretarako.

Euskal presoek eta beren senideek jasaten duten urruntze-egoera honen aurrean, gogorarazi behar dugu Espetxeei buruzko Legeak 59.2 artikuluak ezartzen duela tratamenduaren helburua dela presoa zigor-legea errespetatuz bizitzeko gai den pertsona izatea, eta, horretarako, espetxean norbere burua errespetatzea eta familiarekiko erantzukizun indibiduala eta soziala ahalbidetzen duen jarduera soziala garatu behar dela. Horrenbestez, presoek beren familia-ingurunetik hurbil dauden espetxeetan egon behar dute. Hala aitortzen du Giza Eskubideen Europako Itunak ere.

Barruko eta kanpoko arau guztiek ezartzen dute presoak familia-bizitzarako eskubidea duela, eta eskubide hori baliatzeko ezinbesteko baldintza dela bere familiaren bizilekutik hurbil dagoen espetxe batean izatea destinoa.

Adierazpen honetan jaso dugun legez, Igor Gonzalez Sola presoaren heriotzak presoei aitortzen ez zaizkien beste eskubide batzuk gogorarazi dizkigu: osasunerako eskubidea, gradu-progresiorako eskubidea, beste espetxe-onura batzuez baliatzeko eskubidea, gaixotasun batzuen ondorioz baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea. Bestalde, kondenak larriagotu egin dira ez direlako metatu Europako beste estatu batzuetan betetako zigorrak.

Eskubideen urraketa gehiago aipatu ahal ditugu, pandemian areagotu egin baitira, baina uste dugu esandakoa nahiko adierazgarria dela.

Gure kezka zuzenena eta premiazkoena da adierazpenean jasota sei puntuak betetzeko eskatzea:
1.- Urruntze-politika bertan behera uztea
2,- Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartuta.
3.- Pandemiari aurre egiteko, presoen oinarrizko eskubideak gehiago errespetatzen dituzten neurriak hartzea
4.- Familia-bizitzarako eskubidea ahalbidetzeko neurriak hartzeko
5.- Erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera eta baldintzapeko askatasunak azkartu eta ahalbidetzea.
6.- Presoen oinarrizko eskubideak bete eta errespetatzea.