Sarek Txus Martin eta larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu eta azken egunetan Txusek eta bere senideek jasandako tratu gizagabea salatu du.

Sare Herritarrak elkarretaratzea egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren delegaritza aurrean, Bilbon, Txus Martin larriki gaixo den presoaren berehalako etxeratzea eskatzeko. Ekimen hau pasa den larunbatean deitu zuten Zaintza Epailearen autuaren gainean Barne Sailak eginiko interpretazioarekin adierazitako jarrera salatzeko, “interpretazioa guztiz murriztailea, zeinak, Ertzaintzaren une oroko presentzia ahalbidetzen zuen Txus Martinen gelan bertan”.

Inaxio Oiarzabal bozeramaileak, “azken orduetan”, Txus Martin presoaren gaineko zaintza lan zorrotz horiek “nabarmen aldatu” direla adierazi du, Sarek eta baita presoaren senide eta lagunek aurreko astetik hona eginiko eskaerei kasu eginez. “gizatasuna eskatzen genuen; zurruntasun gutxiago izatea eta preso honen egoera kliniko konplexuaren gaineko eragin ahalik eta gutxien eragitea”.

Baina, Sareren ustetan, larriki gaixo diren presoen gaineko arazo estrukturalak bere horretan dirau. Eta, ardura, “batez ere”, Espetxe Zuzendaritzarena da eta “kasu honetan, baita, Espetxe Zaintza Epaitegian ere”.

Sarek, “beste behin ere” euskal presoen giza eskubideen errespetua eskatu du, bereziki, osasuna eta bizitzeko eskubidea. “Espetxe politikaren aldaketa eskatzen dugu, kasu honetan, larriki gaixo diren presoei dagokionean, dagokien tratamendua espetxetik kanpo eta senideekin jaso ahal izateko”. Sareren ustez, ETAren desagerpenaren eta euskal presoek legedia errespetatzeko eginiko hautuaren ostean, ez du inolako zentzurik presoei, “askatasuna ez ezik, osasunerako eta bizitzarako eskubidea ukatzen dien” salbuespen legediak indarrean jarraitzea.

Hori dela eta, eta Ertzaintzaren jarreran izandako “behar-beharrezkoa zen” aldaketa egonda ere, Sarek elkarretaratzea bere horretan mantentzea erabaki du, aurreko egunetan Txus eta bere senideek jasan behar izan duten tratua salatu eta Txusen eta larriki gaixo diren presoen berehalako etxeratzea eskatzeko.

“Etxean eta bizirik nahi ditugu” esanaz amaitu dute gaurko elkarretaratzea.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare