Sare Herritarrak Txus Martin, larriki gaixo den presoa, bihotzeko operazioa izan eta ospitalean egunak igaro ostean Zaballako espetxera eraman dutela jakin du. Informazio honen aurrean, Sarek, Txusen gaitzaren larritasuna ikusita, berriro ere espetxeratua izateko hartutako erabakia salatu nahi du.

Txus Martinek urteak daramatza gaixotasun bati espetxean aurre egiten. Gaixotasun horri orain, bihotzeko gaitza gehitu zaio eta azken urtebetean birritan eraman behar izan dute ospitalera gaitz berri hori dela eta. Azken honetan, bihotzeko operazio bati egin behar izan dio aurre eta egunak igaro behar izan ditu ospitalean ingresatua. Larritasunaren aurrean, ulergaitza dela uste dugu, Txus Martin berriro ere Zaballako espetxera eraman izana, larriki gaixo dagoen presoa izanik eta bere gaitzak behar duen zaintza eta artatzea ahalik eta egoera eta baldintza egokienetan jaso ahal izateko, etxean behar lukeela uste baitugu. Hori hala, Txusen egoera berriro ere gehiago okertu aurretik, etxeratua izan dadila eskatzen dugu. Berandu baino lehen, bere gaitzari dagokion baldintzetan aurre egin ahal izateko.

Gorak Fraile presoari hiru eguneko baimena

Bestalde, positibotzat jo dugu Gorka Fraile presoari etxean hiru egun igarotzeko emaniko baimena, aurrera urrats gisa baloratzen baitugu. Dena dela, Sarek, larriki gaixo diren preso guztiak etxean behar dutela aldarrikatzen du eta bide horretan lanean jarraituko du.