Egun, euskal presoen %84a, espetxealdi hasieratik, lehen graduan aurkitzen da, hau da, izatez, denbora murritz baterako diseinatuta dagoen eta presoari neurri zorrotzak ezartzen dizkion graduan. Espainia mailan preso diren gainontzeko pertsonen kasuan, %2,1a baino ez dago lehen graduan. Gradu sistema, espetxealdia presoentzako birgizarteratze prozesu bat izan dadin diseinatu dago, gradu aldaketen bitartez eman beharreko prozesua. Birgizarteratzen plan horretan, presoek bide bat jarraitu behar dute, eta urteak dira, euskal presoei bideo hori jarraitzeko eskatzen zaiela Gobernutik. Horretarako urratsak emateko prest agertu ostean ordea, euskal presoei bide hori egiteko aukerak ukatu eta oztopoak ezartzen ari zaizkie espetxe zuzendaritzetatik. Eginiko eskarietatik, gutxi batzuei baino ez zaie onartu gradu aldaketa hori.  Gradu aldaketa eskatu dutenen gehiengoak ezezko borobila jaso du eskari egiterakoan. 115 eskaera egin dituzte, HIRU onartuak izan dira. 69k ezezkoa jaso dute eta 43k oraindik ez dute erantzuna jaso. Egoera, are konplikatuagoa bilakatzen da, bigarren gradua eskuratu duten apur horientzat, hirugarrena eskuratzerako orduan. Orain artean, ez da hirugarren gradua eskuratzeko aukerarik eskaini.

Salatu nahi dugu ere, Villabona eta Burgoseko espetxe zuzendaritzak izaten ari diren jarrera, bertan diren euskal presoen gradu aldaketa eskaeren aurrean, automatikoki kontrako informeak osatzen ari baitira, bide orri hau egin ahal izateko aukera oro ezabatuz, inolako argudiorik gabe. Hau onartezina dela deritzogu eta interes politiko eta ideologiko hutsetan oinarritzen dela azpimarratu.

Zentzu honetan, Marlaska ministroari gogorarazi nahi diogu, jendarte honek argi adierazi duela, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko ordua dela eta beraz, euskal presoen auziari aterabidea emateko urratsak emateko ordua. Gradu aldaketen ukazioa eta espetxe zuzendaritzetatik izaten ari diren kontrako jarrerak ez datoz Marlaskak berak eta Sanchezen gobernuak adierazitakoarekin bat. Marlaskaren ahotik entzun dugu urrunketa politikak ez dutela zentzurik, behin ETA desagertu denean. Ze zentzu dute gradu aldaketen ukazioak edota bestelako salbuespen neurrien aplikazioak? Eurek ezarritako legedia eta bide orria aplikatzeko eskatzen gabiltza, ez besterik. Gogorarazi nahi diogu ere, horren inguruan eta aurrera begira eman beharreko urratsen inguruan hitz egiteko bilera eskaria egin geniola 85.000 pertsonatik gora espetxe politika honen aldaketaren alde Bilbo eta Baionan batu ostean.

Gauza bera adierazi nahi diogu Sanchez presidenteari ere. Ostiralean apirilaren 28rako hauteskundeak deitu ostean, Gobernuan izan den hilabete hauetan eginikoaren inguruan ere hitz egin nahi baitugu. Presoen auzia askatze bidean kokatzeko intentzioa agertu zuen Sanchezek presidente postua hartzean eta Sarek era positiboan baloratu zuen jarrera aldaketa hura, era positiboan eta esperantzaz. Atzetik etorri diren hilabeteetan ordea, esperantza hori apaltzen joan da, urruntze politikarekin amaitzeko hautua hitzez adierazi duten arren, ez delako gauzatzen ari. Izan ere, hasieratik garbi adierazi dugun moduan, presoak 250kmren bueltan dauden espetxeetara mugitzea ez da, legeak jasotzen duen moduan, euren etxeetatik gertuen den espetxeetara mugitzea, eta ondorioz, ez da urruntze politikarekin amaitzea. Senideak oraindik ere 500km egin behar baidituzte astebururo eta Euskal Herrian diren espetxeetara gerturatzeko aukera erreala delako. Ondorioz, ez egitearen arrazoiak urrunketa politika ezartzearen arrazoi berari jarraitzen dio; zigor atxikia ezartzeari, ez soilik presoei, baita senideei ere. ETA desagertuta urruntze politikak ez badu inolako zentzurik, zein da, mendekua ez bada, urruntze politika hori mantentzearen arrazoia?

Urruntze politikak oraindik indarrean jarraitzen duela diogu beraz, eta ez hori bakarrik. Oraindik ere, 21 dira espetxean larriki gaixo diren presoak. Bizia jokoan izan arren eta euren osasun arazoak baldintza duinetan artatuak izan daitezen eskubidea izan arren -Zaplanak jaunak duen eskubide berbera-, oraindik ez dugu gaixo diren euskal presoen egoera aldatzeko urratsik ikusi. Eta noski, gauza bera gertatzen da, aurrez aipatu dugun moduan, euskal presoen gradu aldaketa eskaerekin ere. Non geratzen dira beraz Sanchez jaunaren hitzak?

Hauteskunde ziklo berri baten atarian gauden honetan, eta Euskal Herriko zein espainiar Estatuko alderdiak jada kanpainan sartuak daudela jakitun izanda, gauza bat eskatzen diegu; herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko subjektu izateko asmoa izanez gero, herri honetako herritar diren euskal presoei eta euren senideei eragiten dieten espetxe politika krudel honen amaiera presente izan dezatela datozen hilabeteetan aurkeztuko dituzten euren gobernantza bide orrietan.

Egun, ezin baita bakeaz eta konponbideaz hitz egin, elkarbizitza espazioak sortu ahal izateko oinarrizkoak diren auziei aterabidea eman gabe:
1. Biktima guztiei aitortza eta errespetua eskainiko zaien trataera adostu bat osatzea, biktimen izaera politikoki erabiltzea albo batera utziz.
2. Presoen eta espetxeen auziari behin betiko irtenbide bat ematea. Inoren eskubideak urratzen jarraitzen duten bitartean ezinezkoa izango baita inolako elkarbizitza espazioez hitz egitea.

Sarek lanean eta herritarren aktibazioan jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen du oinarrizko auzi hauei dagokien irtenbidea eman bitartean.