Pandemia hau hasi zenean, SAREk bere kezka plazaratu zuen COVID-19aren ondorioz espetxeetan sortu ahal ziren arazoen aurrean.

Orduan, Europako zenbait erakundek gobernuei eta estatuei helarazitako gomendioak aipatu genituen. Hain zuzen, gomendio horien bidez eskatzen zen kartzelatik ateratzeko adin handiko presoak, gaixotasun larriak dituztenak edo kondenaren zati handi bat beteta dutenak. Izan ere, uste zuten espetxeak ez zirela mota honetako pandemia bati aurre egiteko lekurik egokiena.

Bada, Espainiako gobernuak eta bere justiziak ez dute aintzat hartu Nazio Batuek edo Europako Kontseiluak neurriak hartzeko egindako eskaera, ezta Erresuma Batuak edo Kataluniak preso asko aske uzteko hartu duten erabakia, konfinamendua etxean betetzeko aukera izan dezaten.

Espetxeetan gertatzen ari denari dagokionez Espainiako Gobernua opakotasunez jokatzen ari bada ere, baditugu datuak salatzeko birusa gogor sartu dela kartzeletara, eta espetxe askotan COVID-19a dutela bizikide, hala nola, Picassenten, Brievan, Cordoban edo Estremeran, non euskal preso ugari dauden.

Gaur egun, presoak, oro har, mundutik erabat isolatuta daude; ez daukate komunikazio arruntik ez apartekorik. Baina euskal presoen egoera are gogorragoa da, ez baitaukate senideei bideo-deirik egiteko aukerarik, eta horrek areagotu egiten du kanpokoen eta barruko osasun-egoeraren inguruan sortutako kezka eta angustia.

Eta oraindik gogorragoa da motxilaren umeentzat –100 baino gehiago dira–, aita, ama edo biak etxetik oso urrun espetxeratuta baitituzte. Egoera normalean sakrifizio handia da haientzat hain distantzia luzeak egitea, baina beti dute elkartzeak edo elkar ikusteak eragiten duen poztasuna. Baina, orain, aurrez aurreko komunikazioak kenduta edo bideokonferentziak erabiltzeko aukerarik gabe, umezurtz daude baterako. Alferrikako krudelkeria da, eta kofinamendu bikoitza dakarkie alde biei.

Bertan behera utzi behar dira preso hauek mendeku-tresna bihurtzen dituzten salbuespen-legeriak.

Hala ere, egoera hori izanda ere, SARE itxaropentsu dago etorkizun hurbilari dagokionez. Covid-19a dela eta, komunikabideetan “Gaindituko dugu hau!” eta antzeko esapideak entzuten ditugunean, bat egin nahi dugu mezu horiekin, baina ea lortzen dugun, gainera, elkartasuna eta bizikidetza eraikitzeko asmoarekin.

Gakoa da konpromisoa hartzea urruntze-politika desagerraraztearen alde lan egiteko, politika horren ondorioz, besteak beste, ume asko eta asko milaka kilometro egiten jarraitu behar izango dutelako beren senideak minutu batzuetan besarkatu ahal izateko.

Egoera honen aurrean, berriro eskatzen dugu aske uzteko gaixotasun larriak dituzten presoak, adin handikoak direnak eta kondenaren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak.