Atzo Espetxe-erakundeen barne zirkular batek larriki gaixorik diren euskal presoak, soilik damutuaz gero, edota heriotzaren atarian daudenean askatuko dituztela esaten duela jakin izan genuen.

Lehenik eta behin, Sare herritarrak eskerrak eman nahi dizkie, injustiziaren eta mendekuaren gorazarrea hain argiki egin izanagatik. Krudelkeria eta gizatasunik eza aspaldidanik salatzen ari gara, eta zirkular honek, gure irakurketak zuzenak izan direla baieztatzen digu.

Jarrera itxi eta arduragabe hau, giza eskubideen aurkako eraso larri bat da. Larriki gaixorik diren euskal presoak heriotzera zigortu nahi dituen, bortxazko deklarazio kontzientea. Gainera, barne legedien eta nazioarteko araudien aurkakoa ere badena. Beraz, gaixo diren euskal presoen aferan alarma guztiak pizturik zeudela esaten bagenuen, zuzen geunden ere.

Euskal jendartea izango da ordea, preso hauek aske eta bizirik izatea bermatuko duena. Sentsibilitate ezberdinak baturik indar egingo dugu hori horrela izan dadin. Gaur Orereta-Errenterian egin izan dugun moduan, Aitzol Gogorzaren egoera larria salatuz eta bere askatasuna aldarrikatuz (textua eta argazkiak atxekitzen dizkizuet).

Zentzu horretan, Sara eta Izarren auzian Donostiako udaleko alderdi gehienek izan duten jarrera ausarta, eta hartu duten inplikazio maila txalotu nahi ditugu. PP izan ezik, gainontzeko udal talde guztiak (Irabazi, EH Bildu, EAJ eta PSE) elkarturik ama-alaben askatasunaren alde, giza eskubideen errespetuaren alde.

Bada, preso gaixoen aferan ere, eta orohar, giza eskubideen urraketa guztiekin amaitzeko, euskal instituzioek horrelako jarrerak aktibatu ditzatela eskatzen dugu.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare