Urruntzeak eta zigor neurrigabeek haurren osasunean duten ondorioak jasotzen dituen txostena ari da osatzen.

Prentsaurreko honen bidez, Sarek, orain arte ezkutuan egon den koletibo batez hitz egin nahi du: euskal presoen seme-alabez, hain zuzen ere.

Datu bilketa bat egin ostean, kolektibo hau 113 umek eta nerabek osatzen dutela jakin dugu: 102 umek ama edo aita dute espetxean, 9k ama eta aita, eta 2 haur amarekin bizi dira espetxean bertan: Xua, Picassenten eta Izar Madrilen.  Duela bi egun arte, 3 ziren amarekin barruan ziren umeak, baina astelehenean Ametsek, Idoia Mendizabalen eta Ion Gonzalezen semeak, hiru urte bete zituenez Picassenteko espetxetik atera behar izan zuen.

Haurrak 3urte betetzean amarengandik bereizteak zein egoera gogorra eragiten duen ezagutzen dugu jada. Orain Amets, hilean behin edo birritan egon ahal izango da, gehienez ere, bere gurasoekin. Hori gutxi balitz, Ordiziatik Picassentera 1200-ko bidaia egin beharko du. Gainera, bere gurasoak urrunago eramateko arriskua ere badago, horrela egin baitute duela gutxi Josune Oña eta Asier Mardonesekin; 3 urteko alaba kalera atera eta Valentziatik Alicantera urrundu baitituzte. Bestetik, ezaguna da ere Izarrek bizi duen egoera. Lehengoan jakin genuenez, SARA –bere ama- ezin da arratsaldeko 5ak arte zentrutik atera eta Madrilen bizitza normal bat garatzea ezinezkoa zaio (bere nortasuna agertzeko ezintasuna, medikuetara joateko zailtasunak, isolamendua….). Honek ondorio zuzenak ditu Izarrengan.

Datu bilketa honetan bi ñabardura egin nahi ditugu. Batetik, 18 urte arteko haurrak eta nerabeak hartu ditugula soilik kontutan, eta ez dugu aipatu gabe utzi nahi badaudela gaur egun 21,23 urte dituzten gazteak, eta aita edo ama sekula kalean ezagutu ez dutenak. Bestetik,  iheslarien seme-alabak ere badira, noski, eta haur-nerabe horien egoera ere argitara ekarri nahiko genuke. Alta, zailagoa egiten ari zaigu datuon bilketa, egoeraren berezitasuna dela eta. Horretan jarraituko dugu eta eskuartean ditugunean aurkeztuko dizkizuegu.

Ume hauek bizi duten egoera larriaz ohartarazi nahi dugu gaur

Batetik, urruntzea dela eta, gurasoak 600-800-1000 km.tara izatearen ondorioz, ume hauek asteburu askotan furgoneta, kotxe, tren… batean pasa behar izaten dute gaua.  Horrek deskantsurik eza, estresa eta istripu arrisku handia dakar, bidaia hauek era jarraian hilabetean behin edo birritan egiten baitituzte.

Bestetik, bere egunerokotasunean, urrunketari ez ezik, ume hauek beste egoera zail bati egin behar diote aurre: bere gurasoen gabeziari. Estatu espainiar eta frantses nahiz nazioarteko artikulu desberdinek eskubide hau aitortu arren, haur horiek nekez jaso dezakete preso dauden gurasoen afektibitatea, eta  ezin dira gurasoen ondoan hazi. Hilean behin edo gehienez bi aldiz egoten baitira haur hauek gartzelan dituzten gurasoekin, eta beti espetxeko espazio itxi eta txikietan. Hau, ikusten ari garenez, oso gogorra egiten zaie umeei.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, haur eta nerabaeek gurasoen maitasun, arreta eta kontaktua behar izaten dute; kontaktu fisiko zein emozionala. Zentzu honetan, bai haurtzaroan eta baita nerabezaroan ere, lehentasunezko beharra izango da ziurtasun emozionala. Eta, horretarako, beharrezkoa izango da haur eta nerabeek gurasoekin interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa izatea, izan ere, modu horretan jasotzen baitituzte afektuzko adierazpenak zein emozionalak. Adierazpen hauek guztiek, enpatiazko, ziurtasunezko, goxotasunezko lotura afektibo positiboak lortzea ahalbidetzen dute.

Alabaina, guraso hauetako askok  20 eta 30 urteetako  kartzela zigorrak dituzte oraindik aurretik. Eta, normala denez, ume hauen ohiko galderatariko bat honakoa izaten da: Noiz aterako da ama/aita espetxetik? Zigorrok kontuan hartuta, guraso hauek umeak nagusi direnean geldituko dira libre. Ume hauek gurasorik gabe bizitzera kondenatu nahi dira, eskubide hori ukatzen ari zaie. Eta horrek, txostentean ikusten ari garen bezala, beraiengan ondorio larriak ditu. Ume hauen osasun fisiko-emozionala eta ongizatea kontutan hartuta, egoerari irtenbidea bilatu behar zaio.  Ume hauek ORAIN behar dituzte gurasoak ondoan. Ez 30 urte barru.

Ume hauei, dagoeneko, “motxiladun umeak” deitzen dienik bada. Izan ere, ume hauek une oro ari baitira bidaiatzen eta beti baitute motxila soinean. Baina motxila honen esanahia haratago doa, noski. Motxila hauek ume hauek daramaten zama afektiboaren ikur ere badira.

Hain zuzen ere, egoera honek beraiengan duen eragina aztertzen duen dossierra ari gara osatzen. Horretarako, psikologo desberdinen laguntzaz gain, ume hauen zaintzaz eta heziketaz arduratzen diren ama, amona eta tutoren lankidetza ere ari gara izaten.

Bereziki interesgarriak eta xamurrak  diren enkontruotan informazio asko ari gara jasotzen eta, gainera,  elementu amankomun ugari gertatzen direla ohartzen hasiak gara. Adibidez, 3 urtetatik aurrera, umeek etengabe galdera hau egiten dutela jakin dugu: NOIZ aterako da nire ama/aita espetxetik?

Txostenaren ondorioak zabaltzearekin batera, ume hauen galderak –NOIZ ARTE- jendarteari luzatzeko asmoa dugu. Hortaz, laister jendarteko eragile, erakunde etab. egingo diegun galderak izango dira honakoak. Noiz arte egon behar dute guraso hauek espetxean?

Ume hauek ez dute komunikabideen aurrean hitz egiten, ez eta parlamentuetan ere. Baina oso modu zuzenean bizi dituzte hainbat politika. Horregatik, Sarek haur hauen guztien ahotsa izan nahi du. Sarek haur hauek aurpegia eta bizipenak dituztela erakutsi nahi du, ikusgarri egin nahi ditu, eta euren eskubide eta ongizatearen alde lan egingo du.

Gurasoen ondoan hazteko eskubidearen alde.

> Pretsan bildutakoak

> NAIZ

Sare visibiliza las consecuencias del alejamiento en los menores.

Sare está elaborando, con la ayuda de psicólogos, tutores y madres, un informe en el que queden recogidas las consecuencias que el alejamiento tiene en la salud de las niñas y niños cuyos padres están en la cárcel. Una vez finalizado será presentado a agentes y grupos políticos.

.

Jarraitu irakurtzen

> BERRIA

Euskal presoen seme-alaben egoera “ikusgarri” egin nahi du Sarek

Euskal presoen seme-alabei buruzko txostena prestatzen ari da Sare plataforma. 109 haurrek preso dute aita edo ama; bederatzik, bi guraso dituzte espetxean. Beste bi haur, berriz, amarekin bizi dira kartzelan.

 

Jarraitu irakurtzen