Sarek, “garai berrira egokituz”, bere lan-ildoak ugaldu eta indar gehiagorekin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du bere IV. Batzar Orokorrean

Sare Herritarrak bere IV. Batzar Orokorra burutu du gaur, arduradun nagusiekin eta Sareko taldeak dauden hainbat herrietako ordezkariekin. Laugarren batzar honetan, aurrera begirako lan-ildo eta dinamikak definitu eta ugaltzeko eztabaidak izan dute protagonismoa.

Sareko kideek, eztabaidarako tartea izan dute Etxarriko Kultur Etxean egin duten Batzarrean. Bertan, egun oraindik, euskal presoek bizi duten problematikaren eta bereziki, gizarte gisa aurrera egin ahal izateko “askatu beharreko” korapilo diren eta sufrimendua sortzen jarraitzen duten oztopo eta salbuespen neurrien inguruan aritu dira; zigorren batuketa, larriki gaixo diren presoen urgentziazko egoera, motxiladun haurren dinamika, presoek espetxe sisteman aurrera egin ahal izateko gradu aldaketen inguruko lanketa egitearen beharra, urruntze politika, emakume presoen urruntze eta bakartze egoera eta, geroz eta nabariagoa den, preso eta senide adinduen arazo dira, besteak beste, batzar honetan landu eta aurrera begira ezarri dituzten lan-ildoak.

Urtero egiten duten moduan, Batzar Orokorra urtarrileko manifestazio jendetsuaren ostean antolatu dute, urteko balorazioa egin eta kurtso berriko lan ildoak zehazteko. Aurtengo batzarrak ordea kutsu berezia hartu du; batetik, ETAren desagerpenaren ostean zabaldutako “garai berri baten aurrean kokatzen garelako, aukera berriak eskaini dizkiguna eta oraindik ere, eskaintzeko dituena”. Zentzu honetan, duela hilabete batzuetatik hona, elkarbizitzaren eta bakearen eraikuntzaren bidean urratsak ematen hasiak direla nabarmendu dute eta bide horretan, bai maila instituzionalean, politikoan, sindikalean zein sozialean lortutako adostasun, babes eta konpromiso berriak nabarmendu dituzte. Sareko kideek, orain artean iritsi ez diren horiengana heltzeko eta hauen konpromisoa eta aktibazioa bilatzeko lan egiten jarraitu behar dutela ziurtatu dute, “presoen auzia guztion ardura izanik”, jendarte anitz eta zabalaren aktibazioa izango dutelarik aurrera begira ere helburua eta horretarako Sareren diskurtsoaren egokitzapenaz ere mintzatu dira. Elkarbizitzarako eta bakerako sortutako aukera berriak ardatz hartuta, presoen eta espetxeen auziari aterabidea emateko gizarte osoaren sentsibilizazioa, ardura eta aktibazioa izango dira Sareren lanaren oinarri.

Bestetik, aurtengo ekainean Sare Herritarrak sortu zenetik bere 5. urtea beteko duela gogorarazi dute batzarrean, eta urte guzti hauetan eginiko lanaren errepasoa egiteaz gain, emaniko aurrera pausuak eta lortutako adostasunak balioan jarri eta Sarek gaur, inoiz baino indar gehiagorekin lanean jarraitzeko beharra azpimarratu dute, “sufrimendu oro sortzea eten eta jendarte honek elkarrekin bakean bizitzeko duen nahia gauzatu dadin presoen auziari aterabidea ematea ezinbestekoa da” eta horretan buru-belarri jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare