Azken agerraldi hau, Euskal Herrian urtero egin ohi den manifestazio jendetsuena hasteko 48 ordu baino falta ez diren honetan, egun aldarrikatzaile honen baitako hainbat informazio emateko deitu dugu.

Baina, jakitun izanda duela bi egun eskas Madrilen Diputatuen Kongresuan Gobernu presidente berria izendatu dutela, honek duen garrantzia politika aintzat hartuta, ezin ezer esan gabe geratu.

Pasaden azaroaren 30ean, Miramon Parke Teknologikoan eginiko agerraldi batean, Madrileko Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdiei eskari eta galdera bat luzatu genien:

Eskari hau izan zen, eta honek izaten jarraitzen du; euskal diputatuen bozkek legealdi honetan izango duten garrantzia kontuan izan da, bozka hauek presoen egoera eta giza eskubideen urraketarekin amaitzeko beharra akordioen agendan txertatzeko erabiliak ere izan daitezela.

Eta galderak ere bera izaten jarraitzen du, bai euskal alderdientzat, baita presidente berriarentzat ere; ez bada orain, noiz?

Ez dakigu baikorrak izatea bertutea edo gabezia den, baina, edozein kasutan, badugu esperantza gauzak, eremu honi dagokionean, aldatuko direnarena. Hala behar luke, behinik behin.

Izan ere, Gobernu berri hau osatu duten bi alderdi nagusiek, hemen, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, espetxe politika hau aldatzeko borondatea behin eta berriro erakutsi dute azken urtean onartu diren adierazpen anitzetan. Honi, Gobernu honen aldeko bozka eman edota abstentzioaren bitartez ahalbidetu duten alderdien izaera gehituz gero, alderdi katalan eta euskaldunak kasu, elkarbizitzaren eta bakearen alde zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude. Horregatik, gaur, are enfasi gehiagorekin, galdera bera errepikatzen dugu; orain da unea, izan ere, orain ez bada, noiz?

Datorren larunbatean milaka eta milaka pertsonak hauxe bera aldarrikatuko dute Bilbo eta Baionako kaleetan. Euskal instituzioek, gehiengo politikoak eta gehiengo sindikalak onartu duten bera aldarrikatuko dugu. Hori hala, jendarte honen gehiengo zabalaz mintzo garela kontuan izanda, Madrileko Gorteetan dauden euskal diputatuei, larunbatean Bilboko zein Baionako kaleetan entzungo den aldarria beren egitea eskatzen diegu.

Aukera ezinhobe baten aurrean gaude. ETAk urte eta erdi baino gehiago darama deseginda. Euskal politikagintzan akordio sendoak lortu dira espetxe politikaren aldaketaren harira. Eraman diezaiogun aldaketa nahi hau Gobernu berriari.

Urteetako minari amaiera emateko ordua da. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da. Elkarbizitzen den jendarte bat osatzeko unea da. Giza Eskubideen errespetuan eta akordioetan oinarrituko den jendarte bat eraikitzeko ordua da.

Hau da, aurtengo urtean gure buruari ezartzen diogun helburua larunbatean, arratsaldeko 17:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazio honetan. Amaiera Bilboko Udalean izango da eta bertan Asun Lasa eta Rosa Rodero, GAL eta ETAko biktimak izango dira manifestua irakurriko dutenak.

Beste urte batzuetan egin izan dugun moduan, urtarrilaren 11ean ez dugu soilik manifestazioa antolatu, berau ekintza nagusia izan arren, beste bi ekimenen berri ere eman nahi dizuegu:

1) Batetik, La Bolsa, Alde Zaharreko eraikinean, goizean, 11:15etan Eskubideak eta Askatasunak izenburupean mahaingurua antolatu dugu. Bertan Antoni Bassas, kazetari katalana, ziurrenik Catalunyan gehien entzuten den kazetarietako bat; Pili Kaltzada kazetari euskalduna eta Javier S√°daba Filosofoak hartuko dute parte.
2) Bestetik, manifestazioaren aurretik, 15:30etan Silken Hotelean ‚Äúemakumea espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea‚ÄĚ ekitalditxoa antolatu dugu. Bertara politikagintzan, sindikalgintzan, giza eskubideen eta bakearen alorrean zein eragile sozial eta feministetan lanean dabiltzan hainbat emakume gonbidatu ditugu.

Ez dugu amaitu nahi, berriro ere, sortu diren benetako aldaketarako aukerak baliatzeko deia luzatu gabe; orain da unea, orain ez bada, noiz bestela? Guztion bultzada ezinbesteko dugulako espetxe politika aldatu eta jendarte gisa aurrera egiteko, datorren larunbatean 17:00etan Bilbon elkar ikustea espero dugu.