Sarek Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du gaur, bertan ordezkatuak dauden talde politiko guztiei 0km dokumentua aurkeztu eta instituzioei, bai EAEkoei zein Nafarroako Parlamentuari, gorrotoa eta mendekua alde batera utzita, giza eskubideak, konponbidea eta bakea gauzatzeko akordioak egiteko eskatzeko. Zentzu honetan, Sarek argi du “memoria, biktima guztieikiko arreta eta espetxeen auziari irtenbidea ematea, normalizaziorako eta elkarbizitzarako ezinbesteko baldintza” direla.

0km, ideologia anitzeko hainbat pertsonen lanean oinarritutako dokumentua da. Unibertsitate munduko zein zuzendaritza munduko pertsonen lana jaso da bertan, baita indarkeria mota ezberdinak jasan dituzten hainbat biktimaren ekarpenak ere, euren bizipen eta kezkak plazaratuz. Dokumentuak zortzi zatitan sailkatzen ditu proposatzen dituen urratsak. Bide honetan, atzera begiratzeko beharra azpimarratu du Sarek Parlamentuko kideen aurrean “zalantzarik gabe, guztiok egin izan ditugun akatsetatik ikasteko”.

Bere agerraldian, Sarek nomalizazio sozio-politikoan oinarritutako justizia baten beharra azpimarratu du, mendekuan eta amnesian oinarritutako justiziak albo batera utzita. “Ezin izango dugu aurrera egin Estatu estrukturetatik, politiko zein judizialetatik, azken urteetan ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen jarraituz gero”. Sarek “egun ematen den mendeku jarreratik urrun, hausnarketa sakona” eskatu du eta , gaineratu du, ezinezkoa izango dela konponbide bidean aurrera urratsak ematea “indarkeria mota guztien biktima guztiak” kontuan izan gabe.

Zentzu honetan, Sareren ustetan, biktimen gehiengo handia ez da gorrot edota mendeku grinagatik mugitzen, baina aldi berean, saltu du badirela “hainbat elkarte indarkeria aroan geratu direnak, biktimak diskriminatzen dituztenak eta gatazka eta sufrimendua mantentzearen alde egiten dutenak, behin eta berriz, elkarbizitzarako prozesua dinamitatuz eta gobernuen politikak baldintzatzearen aldeko apustua eginez, bereziki espetxe politiken auzian”. Sareren arabera “euskal jendarteak etapa luze eta mingarri hau gainditu nahi duela erakutsi du eta hau, ahaztu gabe baina gorrotorik gabe egin nahi du”. Ideia honi eutsiz, egun “uste dugu inork ezin diola eutsi, are gutxiago biktimen izenean, euskal presoen senideei ezartzen zaien mina mantentzearen aldeko jarrera, zeinak duela 29 urtetatik, astero astero, ehundaka kilometro egitera behartuak dauden euren senideak ikusi ahal izateko”.

Orainari begira

Sarek, gaur Nafarroako Parlamentuan egin duen agerraldian, azken urteetan eman diren urratsen inguruko irakurketa positiboa egin behar dela nabarmendu du, hala nola, “ETAren ekintzen amaiera eta gizarte zibilaren konpromisoaren fruitu izan den bere armagabetzea”, edota “EPPKk hartutako erabakia, zeinak 2013an Durangon hartutakoarekin bat egin eta, eginiko mina onartzeaz gain, espetxe legedia jarraitzea erabaki zuten”.

Sarek “espetxe legediaren interpretazio trantsizional eta flexiblea” egin behar dela uste du “justizia printzipioei, bakegintza eta elkarbizitzaren normalizazioari begira egongo dena”. Baina, bake prozesuaren aldebakartasunaz kontziente izanik, “justizia trantsizional hori akordioen fruitu izan beharko da, lehenik EAE eta Nafarroako Parlamentuen arteko akordioak eginez eta ostean Gorte Nagusietara joz”. “Gehiengo parlamentarioek injustiziei amaiera emateko balio behar dute”. Arrazoi honengatik Sarek, bi abiapuntu hauek onartzean “aurrera urrats garrantzitsu bat” emango litzakeela uste du:

BAT: Giza eskubideen eta integrazio sozialaren lehentasunean inspiratzea

BI: alde guztien inplikazioa eskatzen duen indarkeria eta konfrontazio estadio batetik, bake, elkarbitzita eta adiskidetze estadio baterako igarotze une batean gaudela onartzea.

Sareren arabera, honek “memoria, biktima guztieikiko arreta eta espetxeen auziari irtenbidea ematea, normalizaziorako eta elkarbizitzarako ezinbesteko baldintza” direla esan nahi du.

Printzipioak

Sarek, gaurko agerraldian “printzipio oso zehatzen baitan” lanean jarraitzeko asmoa duela adierazi du:

  1. Memoriaren errelatoa gauzatzea. Inklusiboa izango dena. Hainbat errelatoren batasunean oinarritua.

  2. Biktima guztiek justizia, memoria, errekonozimendu eta erreparaziorako duten eskubidea errespetatzea.

Horrez gain, preso diren pertsona guztiak “eta ondorioz, baita ETAko kide izatea edota ETArekin kolaboratzea egotzita kartzelan diren pertsona guztiak, errespetuaren eta gizarteratzen planoan euren eskubideen jabe” direla eta gaineratu du. Hori hala, Sarek presoak “normalizazio eta adiskidetza prozesuan parte hartu behar” dutela baieztatu du.

Asmoak

0km dokumentuaren aurkezpenaren azken tartean, Sarek, normalizazioan eta konponbidean aurrera urratsak emateko beharrezkotzat jotzen dituen helburuak proposatu ditu:

  • Bake eta normalizazioa oinarri dituen kultura kolektiboa bultzatu.

  • Gaixotasun larriak dituzten edota adin tarte nagusia duten presoen kaleratzea eta euskal preso guztien gerturatzea euren etxeetatik gertuen diren kartzeletara.

  • Salbuespen legedia ezarri izan zaien prozesu penalen berrikustea, giza eskubideekin bateragarriak diren moduak ezarriz, hau da, salbuespen legedia bertan behera lagatzea atzeraeraginezko izaerarekin eta legedi arruntaren ezartzea.
  • Tortura edo tratu txar umiliagarrien salaketa izan diren kasuen sententziak berrikustea.
  • Oinarrizko eskubideen aurka doazen espetxe politikaren baitako neurrien desaktibazioa.
  • LO 7/2014 modifikazioa, zeinak aurrez akusazio berdin baten baitan beteak diren zigorrak espainiar Estatuan haintzat hartua izatea ukatzen duen, kasu honetan, frantziar Estatuan bete diren zigorrak.
  • Isolamendu neurrien amaiera.
  • Zigorrak bere osotasunean betetzearen inguruko 7/2003 legearen indargabetzea.

Amaitzeko, Sarek, Foro Sozialaren parte den heinean, honen dokumentuetan jasotako aholkuak bere egiten dituela adierazi du:

  • Oinarrizko giza eskubideen eta nazioarteko estandarren aurkakoak diren espetxe neurri guztien desaktibazioa. Honek hurrengoa esan nahi du:

  • gaixo larrien eta adin tarte handiko presoen kaleratzea

  • lege oinarririk ez duen eta duela 29 urtetatik indarrean den urruntze politiken amaiera. Honekin batera, hirugarren graduen ezartzea, baldintzapeko askatasunena eta kaleratzea errazten duten bestelako neurrien ezartzea. Honela, bereziki, inolako deliturengatik inolako zigorrik jasan ez duten, senideen kolektiboaren gain ezartzen den eta mendekuan oinarritzen den espetxe politika ankerrari amaiera jarriz.