Aitzolek ia 20 urte daramatza espetxean eta gaur jakin denez, espetxealdi arinduan bere etxean jasoko du bere gaixotasunari aurre egiteko dagokion tratamendua. Sarek positiboki baloratzen du erabaki hau eta nabarmendu nahi du berau, Oreretako herrian eginiko lanketari esker lortu dela, bereziki herritarrek, eragileek eta instituzioek, Aitzolen gaixotasunaren berri izan orduko eginiko lanari esker. Erakutsitako aktibazio eta konpromisoak eman dion bultzada ezinbestekoa izan da Aitzolen etxeratzea lortzeko.

Zentzu berean, gogorarazten du oraindik orain, beste 20 euskal preso daudela gaixotasun larriekin espetxean, baldintza gogorren pean gaixotasunari aurre egiten, eta horiek ere euren gaixotasuna baldintza egoki eta duinetan, berandu baino lehen, artatua izan dadin etxeratuak izan daitezen lanean jarraitu beharra dagoela.

Bide honetan lanean jarraitzeko, Sare Herritarrak dei egiten du apirilaren 7an, Nazioarteko Osasunaren Egunean, herrietako zubiak gaixo larrien etxeratzearen alde betetzera.

Legez eta giza eskubidez, larriki gaixo diren presoak etxean behar dute.