Txus Martin gaur bihotzeko operazioa izaten ari da, aurrez ere zuen gaitz larriari gehitu zaion bihotzeko gaitzari aurre egiteko beharrezko zuen operazioa. Txusek larriki gaixo egonda ere espetxean jarraitzen du, baina kasu honetan, bere operazioa eta operazio osteko unea senideekin eta lasai bizi ahal izateko ezohiko baimena eskuratu zuen. Baimen hori ordea ez da errespetatua izaten ari, izan ere, Txus lekualdatze guztian zehar eskuburdinekin eta Ertzainez inguratuta igaro behar izan ditu operazio aurreko eta operazioko uneak.

Aurrez beste preso batzuen kasuan ikusi ahal izan dugun moduan, larriki gaixo diren presoak dagokien artatzea era egokiagoetan, euren senideen babesarekin eta etxean jasotzen dutenean, gaixotasunari aurre egiteko aukerak biderkatzen dira. Txusen kasuan, oraindik orain, salbuespen neurriak ezartzen zaizkio, horrek, gaurko kasuan ikusi ahal izan dugun moduan, dakartzan zailasun eta tentsioekin. Hori hala, Txus Martinek gaurko operazio hau, beharrezko duen lasaitasun eta normaltasun egoeran bizi behar duela uste dugu, eta berandu baino lehen, bai Txus eta baita larriki gaixo diren gainontzeko presoak ere, etxean behar dutela errepikatu nahi dugu.

Sarek, bestalde, halako egoerak iraganean utzi eta aurrera egiteko unea dela adierazi nahi du. Elkartasunaren eta bakearen bidea eraiki ahal izateko, aurrera urratsak emateko ordua baita, eta ez, iraganeko baldintza gogor eta salbuespenekoak mantentzeko unea.