Sare Herritarrak, Esti Amenabarro eta Marian Bilbatua adituek osatu duten “Motxiladun haurrak. Hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik hezkuntza premien inguruko analisi eta proposamenak” unitate didaktikoa aurkeztu du gaur goizean EHUko Donostiako campusean. Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak egungo motxiladun haurren datuak* eman eta kokapen labur bat egin ostean, Esti eta Marianek, lan unitate didaktikoaren aurkezpena egin dute.

“Motxiladun haurrak. Hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik hezkuntza premien inguruko analisi eta proposamenak” unitate didaktikoa, gurasoak espetxean dituzten haurren errealitatearen inguruko hausnarketa bat da, hezkuntza ikuspegitik osatua. “Gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten haurren errealitatea aztertu dugu” eskolaren ikuspegitik. Bi norabidetan, espetxeak eta urruntasunak haur hauei euren eskolatzean eragiten diena aztertuz batetik, eta eskolak erantzunak emateko orduan dituen mugak eta zailtasunak aztertzen saiatuz bestetik.
Esti eta Marianek adierazi dutenez, lan hau “eskolaren ikuspegitik, egoera hau bizi duten haur zein nerabeek ere, eskolaren aldetik zaintza eta arreta zehatza behar dutela uste dugulako egin dugu, bereziki ikuspegi inklusibotik”. Bi aditu hauen esanetan “errealitate eta aniztasun egoera guztiak aintzat hartuko diren eskola espazioak eraiki behar ditugula esaten dugunean, errealitate hau ere kontuan hartu beharra dago”, haur zein nerabe hauek bizi duten egoerak euren eskolaratzean ere eragin zuzena duelako.

Honela, haur zein nerabe hauek espetxe errealitate krudela bizi dute (familia egiturako erreferentziazko pertsonetako bat edo bi, kartzelan egotean) eta honi urruntze politikaren ondorioak erantsi behar zaizkio (bidai luze eta neketsuak, errepidea, arriskua, urruntasuna, beldurra maite dituzten gurasoak ikusi ahal izateko, antsietatea…). Amenabarro eta Bilbatuaren ustetan “honek guztiak eragina dauka eskolan eta eskolak ezin dio muzin egin honi”.

Orokorrean, gai hau nahiko ikusezina izan ohi da, baita hezkuntza eremuan ere. Eskolak, “denei tokia egin behar dien filosofiari lotuta” egotea beharrezkoa da, eta hau eskolan lan egiten duten profesionalak gai honen inguruan “kontzientzia hartzea”, haien ikasleen errealitateari erantzunak emateko, “ezinbestekoa” da.

Gai honekin kezkatuta, ikuspegi kualitatiboa erabiliz, errealitate hau haien geletan bizi izan duten “irakasleekin lan bat egin dugu” (sakoneko elkarrizketak eginez) eta irakasleen ikuspegitik gai honi dagokionean zein nolako kezkak eta hutsuneak agertzen diren aztertzen saiatu dira. Txosten honetan “horiek jasotzen saiatu gara, etorkizunari begirako lerro eta ikerketa eremu berriak finkatzeko”.

Bi ondorio nabarmendu dituzte, lehena, gai hau lantzeko unean irakasleen aldetik formakuntza gabezia eta prestakuntza espezifikoaren beharra, eta bigarrena, ikasgelan lantzeko baliabideen beharra, material didaktikoena, alegia.

* MOTXILADUN HAURREN DATUAK: Egun bost haur bizi dira euren amekin espetxean: lau haur Picassenten, Valentzian (Xua, Haitz, Hilargi eta Izadi) eta bat Aranjuezen (Irati). Zentzu honetan, Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak Irati eta bere ama Aranjuezen bakartuak izatea salatu du, gainontzekoekin bateratzeko beharrizana azpimarratuz. Bestalde, 18 urte arteko 104 motxiladun haur-nerabe daude oraindik ere; eta beste bi bidean. Horietatik 13k aita eta ama kartzelan dituzte, 6k ama eta 85k aita.