Sare Herritarrak Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta ondorengo espetxeratzearen aurrean hurrengoa adierazi nahi du:

Bakerako eta elkarbizitzarako urratsak emateko garai baten aurrean gauden honetan, atxiloketa eta espetxeratze hau ulergaitza egiten zaigu. Atzera garamatza. Urteetako sufrimenduaren amaitzeko une historiko baten aurrean gauden honetan, aurreko egoera bortitza mantendu eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitza egoera bat zapuzteko ekintza gisa baino ezin ulertu genezake Apeztegiaren espetxeratzea. Espainiarko Gobernu berriari aurrekoak hasitako mendekuan oinarritutako politikarekin ez jarraitzeko eskatu diogu behin eta berriro, jendartearen gehiengoaren behar eta nahiei erantzuteko ordua dela eta giza eskubideen errespetuan, bakearen eta elkarbizitzaren alde, zein konponbide bidean aurrera urratsak emateko balentriaz jokatzeko garaia dela azpimarratuz. Atxiloketa eta espetxeratze hau ordea, norabide horren aurka doa eta zentzu horretan gogor salatzen dugu eta argi adierazi bakearen norantzan aurka doan erabaki bati erantzuten diola, herritarrok elkarbizitzaren alde ematen ari garen urratsen aurkakoa da.

Karlos Apeztegiak 22 urteko espetxe zigorra bete du, urte gehienak senideengandik milaka kilometrotara urrundua Andaluziako espetxeetan, eta mendekuzko espetxe politikaren neurri zorrotzenak jasanaz. 2013an kondena bere osotasunean bete ostean eskuratu zuen askatasuna. Orain, Audientzia Nazionalak berriro ere espetxeratzea erabaki du, bere aurkako inolako sententziarik ez izan arren, akusazioa besterik ez. Apeztegia, egun, Etxerat Elkarteko kidea da eta Etxeratek berak adierazi duen moduan frantziar Estatuan dauden euskal presoen senideei laguntza tekniko zein humanoa emateaz arduratzen zen.

Sare Herritarrak babes eta animo mezua helarazi nahi die Karlos Apeztegiren senide eta lagunei eta bere konpromisoa adierazi orain arteko bidean lan egiteko jarraitzeko. Honekin batera, herritar oro, edozein delarik bere ideologia ere, larunbat honetan Orain Presoak dinamikako kideek Donostian deitu duten manifestazioan parte hartzera deitzen du, espetxe politika aldatu eta halako gertakariekin amaitzea ezinbestekoa baita elkarbizitza eta bakearen oinarriak eraikitzeko. Gutako bakoitzak larunbaten Donostian emango duen urrats bana, elkarbizitzaren aldeko pausu izango da.