TESTUA EUSKARAZ

Zortzi egun barru, urriaren 24an, larunbata, Sarek beste behin ere euskal gizarteari dei egin dio, atxikimendu ideologikoak edo alderdikoiak alde batera utzita, Antigua auzoan hasi eta Kontxako hondartzan mosaiko handi bat osatuz amaituko den mobilizazio berezi batera.

Prentsa-deialdi hau ekimen honen helburuak eta hartuko ditugun neurriak azaltzeko deitu dugu, parte hartzen duten pertsona guztien segurtasuna zaintzeko.

Ekimen honen helburuari dagokionez, esango dugu, behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, salbuespeneko espetxe politikak indarrean jarraitzen duela euskal presoei dagokionean, bai Espainiako Estatuan, bai Frantsesean.

Baina, era berean, unikoa den une baten aurrean ere bagaude. Hainbeste urtetako sufrimenduarekin amaitzeko eta konponbiderako eta bizikidetzarako urrats irmoak ematen hasteko momentua da.

Alde horretatik, guk nolabaiteko itxaropenez baloratu behar dugu hainbat presoren lekualdatzea. Bistakoa da familientzat aringarria izan daitekeela bisitak Algecirasen egin beharrean Salamancan edo Estremeran egitea. Baina urrats horiek ez dute esan nahi urruntze-politika hori amaituko denik. 204 presoetatik sei baino ez daude euskal kartzeletan. Egoera horrekin behin betiko eta irmoki amaitu behar da. Tinta-erdiek ez dute balio.

Ezin dugu ahaztu salbuespen-legedia horrek indarrean jarraitzen duela, ETA amaitu zenetik hamar urte baino gehiago igaro ondoren; desegin zenetik bi urte igaro ondoren; eta presoei eta haien senideei eragiten dien salbuespen espetxe politika amaitzeko hainbatetan gehiengoaren babesez onartu diren adierazpen instituzionalen ostean. Ezin ditugu ahaztu indarkeriaren biktima izan direnek aurrera egiteko emandako pausoak, ahanzturarik gabe, baina gorrotoa alboratuz.

Alde batetik, esparru politiko eta instituzionaleko jarrera positibo horiek daude, baina baita, era berean, behin eta berriro errepikatu diren herritarren mobilizazioak, sufrimendua baino sortu ez duten etapak ixteko eta gorrotoa eta mendekua bizikidetzagatik ordezteko duten irrika helaraziz.

Elkarbizitzarako eremu horretan aurrera egin nahi badugu, espetxeetako egoerak bidezko irtenbidea izan behar du. Ezin dugu oinarrizko eskubideak baliogabetzen dituen salbuespenezko espetxe-politika batekin jarraitu. Ez baitira presoen eskubideak soilik urratzen, baita haien senideenak ere. Egoera hori, gainera, euskal deportatu eta erbesteratuei ere aplikatzen zaie, oraindik ezin izan baitute etxera itzultzen hasi.

Aipatu egoera gainera larriagotzen ari da pandemia honen ondorioz; izan ere, presoen eguneroko bizitza zailtzen ari da, kontuan izan behar baitugu ingurune masifikatuan, itxian, baldintza higieniko zalantzagarrietan eta osasun-sistema prekarioan daudela espetxeetan.

Senideak ere egoera hori pairatzen ari dira. Bisitak egiteko zailtasunak dituzte; bis a bisik gabe geratu dira hainbat espetxetan, eta jada urruntzeak berak zail egiten duen harreman iraunkorra izateko arazoak areagotu dira.

Errealitate honek era nabarmenean presoen seme-alaba diren 89 haurrei eragiten die. Horietako askok sei hilabete baino gehiago daramatzate aita, ama edo biak besarkatu ezinik. Zigor ankerregia da, eta desagerrarazi egin behar da.

Gure ardura da une hau aprobetxatzea. EHn lortutako gehiengo politiko eta sindikalak helburu hauekin bat egiteak eta euskal gizartearen inplikazio gero eta handiagoak, gure mezua helaraztera animatzen gaitu; horregatik urriaren 24an, gero eta indartsuago eta inoiz baino urrunago eramango dugu mezu hori bera.

Guzti honegatik, duen urgentziagatik, une historiko honengatik, gorrotoa eta mendekua atzean utzi eta aurrerapausoa eman duten pertsona guztiengatik eta jada nazkatuta gaudelako eta bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun baterantz aurrera egin nahi dugulako, euskal gizarteari dei egiten diogu urriaren 24 honetan berriro ere kalera irten dadin; Resolution! Etxera! Lelopean.

Mobilizazio honek korapiloak askatu eta mugak hautsi nahi ditu, munduko txoko gehienetara iristeko, Kontxan osatuko dugun mosaiko handi hau sare sozialen eta komunikabideen bidez zabalduz.

Deialdi honek milaka pertsona mugiaraziko ditu eta COVID19ren aurrean segurtasun-neurriak zorroztuz egin nahi dugu.

Horregatik, manifestazioa lau ilaratan jarrita egingo dugu, metro eta erdiko tartearekin. Eta distantzia hori bera mantenduko da mosaikoaren osaeran ere.

Presarik gabe ibiliko gara; distantziak beti errespetatuz eta mantenduz; maskarak une oro jarrita eramango ditugu (modu egokian), oinez goazela, autobusetan eta mosaikoan zehar.

Neurri horiek ziurtatzeko, segurtasun-txandak indartu ditugu, eta bi pertsona izango dira bozgorailuetatik une oro arauak gogorarazten.

Aldarrikatzea eta mobilizatzea posible dela uste dugu, beti ere erantzunkizunez jokatuz.

Beraz, manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu. Euskal presoen eskubideak aldarrikatuko ditugu eta guzti hau arduraz egingo dugu.