Ekimen hau iragarri genuenean, munduari mezu bat helarazi nahi geniola esan genuen; konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egiteko borondate irmoa duen jendarte baten irudia.

Egoerak ordea arduraz jokatzera ere behartzen gaitu.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur hemen batu zaretenoi. Baina eskerrak ere, aipatutako ardura horrengatik, gaur hemen egoteko gogoz izan arren, etxean geratu diren milaka eta milaka pertsonei.

Sarek sei urte daramatza euskal jendartea aktibatzen milaka eta milaka pertsonek partekatzen duten helburu beraren baitan; preso diren pertsonen eta euren senideen oinarrizko eskubideen defentsa.

Oso argi baitugu, sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko parametro lagungarrietako bat preso diren pertsonen eskubideen errespetuan oinarritzen dela eta tamalez, Estatu espainiarra ez da materia hau gainditzen ari.

Zentzu honetan, eskakizun argia egiten diegu euskal instituzioei, alderdi politikoei eta erakunde sozial zein sindikalei; mantendu itzazue aktibo Euskal Herrian lortutako akordio zabalak, atera itzazue agendatik desadostasunak eta atera ezazue konfrontazio eremutik espetxeen auzia, akordioen agendara eramateko.

Izan ere, gorrotoaren eta konfrontazioaren politikek ez dute ezer positiboa eraikitzeko balio. Aldiz, akordioen politikak, giza eskubideen errespetua, konponbidea eta bakearen aldeko politikak, gure seme alabek guk jaso genuena baino jendarte hobe bat izateko balio du.

Guzti hau, gaurkoa gisako jendarte mobilizazioarekin batera, Madrileko eta Pariseko Gobernuei espetxe politika krudel hau aldatu dezaten eskatzeko berme garrantzitsuena da.

Urratsak emateko eskatzen dugun bakoitzean eskuinera begiratzeari uzteko ere eskatu nahi diegu. Izan ere, egiten dutena egiten dutela euren kontrakotasuna ziurra izango baita. Eta gu gaur hemen eskatzen ari garena ez da inongo pribilegiorik ematea. Salbuespeneko espetxe politika bertan behera gera dadin eskatzen ari gara, euskal presoei lege arrunta ezartzeko eskatzen dugu. Ezohiko erregimen hau baita euskal presoen kopuru handi bati bizi osorako zigor kamuflatuak ezartzea ahalbidetzen dabilena.

Eta bai, onartzen dugu eman direla hainbat urrats txiki, hainbat presoren lekualdatzeekin, baina uko egiten diogu egoera normaltzen ari denaren sinesmenari. Urruntze politikarekin amaitzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen baita, eta ez, oraindik ere Euskal Herritik 300kmtara dauden espetxeetara lekualdatzean. Horregatik, ausardia eskatzen dugu. Hitzak ekintza izatera igaro daitezen eskatzen dugu. Gobernu presidenteak 2018ko ekainean espetxe politika antiterroristarekin amaitu eta legedi arruntean oinarritutako espetxe politika ezartzeko agertutako konpromisoa praktikara eramateko ordua da, erdibidekorik gabe.

Eta noski, badakigu, senide askorentzat lasaitasuna dakarrela Algeciras, Caceres edo Sevillaraino joan beharrean, Estremera edo Topasera joateak, baina hau ez da urruntze politikarekin amaitzea, hau ez da mendeko politikarekin amaitzea, ezta legea betetzea ere.

Ordu hauetan senide asko, tartean pertsona helduak eta haurrak, euren bizia arriskuan jartzen ari dira Estatu osoko errepideetan zehar ehundaka kilometro egitera behartuak daudelako euren semea, ama, arreba… ikusi ahal izateko. Egoera hau, orain, are larriagoa da gainera bizi dugun pandemia hau dela eta. Izan ere, gugan eragina duen moduan, era zuzenean eragiten die ere espetxean diren pertsonei. Espetxean ez baita distantzia sozialerako aukerarik ez eta osasun segurtasunik, kanpo komunikazioak murriztuak izan baitira, bis a bisak etenak, 90 haur daudelako gurasoak espetxean dituztenak eta horietako askok sei hilabete baino gehiago daramatzate euren ama, aita edo biak besarkatu ezinik.

Beste egun bat gehiago, beste aste bat, beste hilabete bat, beste urte bat… honela, milaka bidaia egun gehituz eta kristalak banatutako harremanak, senitartekoen egonezinak, kezkak, esfortzu ekonomiko izugarriak eta sufrimendua barruan zein kanpoan dagoenarentzat. Guzti hau, giza eskubideen oinarriarekin eta legearekin talkan den espetxe politika ezohiko honen ondorioz. Mendeku honek amaitu behar du.

Izan ere, ze zentzu dauka, ez bada mendekua, bisita minutu bakoitzagatik, Andaluzia, Galizia edo Levanten dauden presoen senideek 40na km egin behar izateak.

Adierazi nahi dugu ere, gaur aldarrikatzen gabiltzan konponbide erreal hori, biktima guztiekiko errespetuan oinarritua eta espetxeetako auziari aterabidea emanez baino ezingo dela ahalbidetu.

Sententzia baten ondorioz pertsona batek bere askatasunerako eskubidea galdu dezake, baina ez bere osasunerako, bere duintasun pertsonalerako ez eta bere bizitzeko eskubidea.

Eta bide honetan batera egingo dugu aurrera, biktima, preso eta senideekin batera. Jendartearen zati garrantzitsua baituzue zuen alboan. Egoera bere horretan onartzeko prest ez den jendartea. Bere izenean inongo eskubiderik urratzerik nahi ez duena. Ez preso diren pertsonen eskubideak, ezta sufritzen ari diren haien senideenak ere.

Euskal jendartearen gehiengo nagusiak konfrontazio etapak garaitzeko unea dela uste du. Aurrera begiratzeko unea dela. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe. Horixe baita aurrera egiteko modu bakarra.

Eta ez, ez gaude bakarrik. Gehiengo politiko eta sindikala ere aurrera egiteko konpromisoaren baitan dago. Jakin dezatela beraz espainiar zein frantziar gobernuek, eta bereziki entzun gaitzala mundu osoak; konponbidearen parte aktibo izaten jarraitzeko konpromiso irmoa dugu.

Pasaden hilaren 13an, Estatu osoko 300 juristatik gora, Sarek osatutako dokumentu batera atxikitu ziren, ondorengo ideiak barnebilduz:
• presoak EHtik urrun pasatzen duten egun bakoitzeko, sufrimendua gehigarri eta lege haustura egun bat gehitzen da.
• Larriki gaixo diren presoak espetxean mantentzen dituzten egun bakoitzeko, euren senideekiko urrunduta heriotzatik gertuago dauden egun bat gehiago gehitzen da.

Esan bezala, gaur hemen batu garenok konpromisoa adierazi nahi dugu. Argi eta ozen adierazi nahi dugu lege arrunta aplika dezatela:
• Adin altukoan edota larriki gaixo dauden pertsonak berehala aske gera daitezela.
• Urruntze politika amaitu dadila
• Etxeratze prozesua martxan jartzea dakarren gradu progresioa ahalbidetzea.

Eta argi eta ozen esan ere kaleak duintasunez, giza eskubideen defentsaz eta elkarbizitza eta bakearen aldeko aldarriz betetzen jarraituko dugula. Hala egingo dugu datorren urtarrilean ere. Gorde zuen agendetan urtarrilaren 9a, modu batean edo bestean Euskal Herriko kaleetan elkartuko baikara.