Presoen auzia konpondu eta korapilo oro askatzeko une dela aldarrikatu dute Bilboko aste nagusian

Gaur hemen batu garen pertsonak bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde aurrera urratsak emateko prest gauden herritarrak gara. Izan ere, horixe da Sare Herritarra osatzen dugunak dugun konpromisoa, presoen auziari aterabidea eman eta sufrimendurik gabeko etorkizun baten alde aurrera egitea. Herri gisa aurrera egin, elkarbizitzan sakondu eta presoen auziari aterabidea emateko herritarron aktibazioa eta konpromisoa ezinbestekoa dela adierazi nahi dugu gaur.

Horregatik uste dugu, guztiok izan behar garela konponbidearen parte aktibo, urteetan sortutako eta egun oraindik sortzen den minaren eta indarkeriaren ondorioei soluzio bateratu eta justua eman ahal izateko. Eta bereziki, urteetako indarkerien biktima guztiak eta euskal preso eta iheslariak.

Zentzu honetan, argi dugu, konponbide justu eta duin baten eraikuntzak enpatia ariketa handia egitea suposatzen digula guztioi. Batetik, minak sortutako gorroto eta mendeku sentimenduak, sufrimendu guztien aitortzagatik eta elkar ulertzeko nahigatik ordezkatuak izan daitezen eskatzen du. Eta bestetik, irekita dirauten zauriak isteko prozesuan, batzuei zein besteei sufrimendu atxiki bat sortu dezaketen jarrerak ekiditea eta elkarren arteko oreka topatzea eskatzen digu.

Konponbidea justua izango bada alde guztien sufrimenduari erreparatu behar zaio, horiek gainditu eta horiekin amaitzeko. Horregatik diogu gaur, guztiok batera ekin behar diogula, korapilo oro askatzeko une dela eta preso eta iheslariek euren etxeratze prozesua gauzatzeko egungo salbuespen legediarekin amaitu beharra dagoela.