Iruñeako Oblata eta Santa Engrazia zubiak batu dituzte gaur ehunka nafarrek “presoak etxeratzeko” zubiak eraikitzearen beharra aldarrikatuz. Ekimenaren osteko ekitaldian, ondorengo testua partekatu dute bertaratutako guztiekin:

Korapiloak askatzeko unea azpimarratzen du Julio Sotok entzun berri dugun testu honetan eta hori aldarrikatzeko elkartu gara gaur hemen. Presoen korapiloa askatzeko eta konponbidean urratsak emateko gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duena ikus arazteko ekimen berri bat izan da gaurkoa. Helburu horrekin sortu genuen orain dela 5 urte Sare Herritarra: preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat ekartzea gure herrira.

Preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat behar dugu, desiratzen dugun bizikidetza pertsona guztien eskubideen errespetuan eta konponbide integral batean oinarriturik egon dadin. Urte luzeetako zauriak ixten joan daitezen.

Uste dugu baldintzak ematen direla urteetan luzatu den gatazka hau konponbidean jartzeko eta konbentzituak gaude, etorkizun berri hori eraikitzeko nahitaezkoa dela ezberdinen artean zubiak eraikitzea.

Badakigu, urteetan zehar pilatutako sufrimenduak atzean utzi beharreko inertzia asko barnebiltzen dituela. Baina egoera aldatzea nahi badugu ausardiaz jokatu behar dugu pausoak ematerako orduan. Eta guztioi dagokigu ausardiaz jokatzea, inplikatutako parte guztiek ausardia eta borondatea erakutsi behar dute.

Gaur, hemen Iruñan egiten ari garen ekimen honekin, presoak etxeratzeko ezberdinen arteko zubi-lanaren garrantzia azpimarratu nahi dugu,   adierazi nahi baitugu nafar jendartea izan behar dela presoen etxeratzea gauzatzeko eta konponbidean urratsak biderkatzeko zubiak eraiki behar dituena: nik, zuk, guk… denok leku beretik bultzatu behar dugula!

Eta herritar guztiak helburu bera lortzeko elkartu nahi baldin badira, batzen gaituen hori aldentzen gaituen horren aurretik jartzen jakin behar dugu. Batzen gaituen hori,  etorkizun berri baten ametsa da; non errespetatuak izango diren guztien eskubideak, non proiektu eta ideia guztiak berdintasunean defendatzeko aukera izanen den, bakean eta askatasunean. Horra iristeko ausardia behar da, horra iristeko borondatea behar da.

Konponbide integral baten bidean jendartea batu eta elkarlanean jarduteko gai izan behar gara. Urte luzeetako konfrontazioak eragin  duen eta eragiten jarraitzen duen samin eta sufrimenduaz kontziente izanik. Etorkizun batean hau errepika ez dadin nahi badugu, guzti honi irtenbide bat eman beharrean gaude.

Norabide horretan preso eta iheslarien auzia konpondu behar da eta herritarrok izan behar dugu presoak etxeratzeko zubi, konponbidearen zein elkarbizitzaren alde zubiak eraikitzeko prest gauden herritar aktibo. Egia da, herritarrok ez dugula 249 euskal herritar horiek etxera ekarriko dituen giltza eskuartean. Badakigu, zein den estatu espainiarraren jarrera orain arte. Zeozer esan bai, baina urratsak emateko borondaterik apenas, ezer gutxi!

Horregatik, aktibazio soziala bidea dela berresten dugu. Jendartearen presioa espainiar estatuaren immobilismoarekin amaitu dezakeelakoan gaude. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien kontrako kontsentsu politiko, sozial eta sindikal zabal bat dago gure herrian. Eta estatuaren lehenbiziko pausoa hortik etorri behar du. Preso, senide eta lagunen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren amaiera orain eman behar da. Legea bete dezaten besterik ez da. Mugimendu horrek ez luke presoen korapiloa guztiz askatuko, baina gauzatuz gero, pauso gehiago ematen jarraitzeko baldintza hobeagoak leudeke.

Borondatea da behar den gauza bakarra. Sufrimendu eta gatazka garaiak atzean utzi eta etorkizun berri bat eraikitzeko borondatea. Zauriak itxi eta sufrimendu guztiekin amaitzen badugu denak aterako baikara garaile. Auzolan erraldoi horretan parte hartzea dagokigu guztioi, zubiak eraikiz konponbidearen, elkarbizitzaren eta preso zein iheslaririk gabeko Euskal Herri baten alde.

Denok batera presoak etxera!

 

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare