Gaur, prentsaurreko honetan, elkarrekin agertu nahi izan dugu abokatutzan eta osasungintzan gabiltzanok, bat egiteko Sare herritarrak urtarrilaren 13rako Bilbon deitu duen mobilizazioarekin, beste pauso bat izango dena konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren bidean.

Lanbide desberdinetan arituagatik, bat egiten dugu oinarrizko printzipio batzuetan, gizarteak aurreratu egiten dituzten horietan: bizitzaren eta pertsonen osotasun fisikoaren defentsan; gizartearen kudeaketan gizatasunak eta duintasunak duten zentzuan, eta legezkotasunaren erabileran bizitza on kolektiborako.

Printzipio horietan oinarrituta, legelariak garenok eta Justizia eta Demokrazia posible izan daitezen Giza Eskubideetan oinarritutako Zuzenbidearen alde gaudenok exijitzen dugu utz diezaiotela legea arma politiko moduan erabiltzeari preso daudenei kalte handiagoa egiteko.

Eta hori gertatzen da salbuespenezko legediarekin, dagoeneko betetako zigorrak luzatzeko edo graduak lortzea eragozteko sortua baita.

Eta hori gertatzen da, era berean, espetxe politika krudel eta gogortuarekin.

Alde batetik, espetxean eusten die larriki gaixo dauden presoei eta adinekoei, eta horrek azkar edo, are, berehala hilarazten ditu; bestetik, presoak beren ingurukoengandik urruntzen ditu, eta horrek zaildu egiten du etorkizunean berriro integratzen laguntzeko loturak sendotzea, eta, gainera, familia bera behartzen dute ehunka kilometro egitera, maiz eta urte askoan; horrela, haiek ere zigortzen dituzte, nahiz eta ez duten inolako deliturik egin.

Urruntze politika horrek ezinezko bilakatzen ditu askotan bisitak, batez ere adinekoen eta haur txikien kasuan, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenei aurka egiten die, baina baita Espainiako legediari berari ere.

1979ko Espetxe Lege Orokorraren 1. Artikuluak, eta nagusiak, dio espetxeek helburu nagusi dutela “askatasuna kentzen duten zigorrak eta zigor neurriak ezarri dizkietenei berriz heztea eta gizarteratzea, baita atxilotuak, presoak eta zigortuak atxikitzea eta zaintzea ere. Era berean, haren esku daude preso daudentzako eta askatu dituztenentzako laguntza lanak”.

Arrazoi politikoak direla-eta atxilo hartutakoei aplikatzeko modua ikusita, egiazta daiteke justu kontrakoa dela: giltzapetzea gizarteratzeko edozein helbururen gainetik dago, eta, are, gizarteratzea eta laguntzeko helburua nabarmenki urratzen dira. Legearen inperio ezaguna agintari politiko, judizial eta espetxe arlokoen slogan antzua besterik ez da euskal presoentzat.

Printzipio horietan beretan oinarrituta, osasungintza arloko profesionalok ez dugu onartzen salbuespenean oinarritutako legediak, Giza Eskubideetatik urrun dagoenak, berekin ekar dezan osasunerako eskubidea eta osasungintzarako sarbidea presoen delituaren edo zigorraren arabera bereiztea.

Eta hori gertatzen da ez direnean kontuan hartzen gaixotasun larriek edo sendaezinek behar dituzten zaintzak espetxealdia betetzeko lekua ezartzean, eta ez direnean aske uzten muturreko egoeran daudenak espetxe kanpoan tratatu ahal izateko. Berehala hiltzeak baldintzatzen du inor aske uztea; hori gaitzesgarria da, eta ez du zerikusirik horren inguruko Europako legeekin.

Gainera, Espetxeen Lege Orokorraren beraren 3.4. Artikuluaren aurkakoa da, artikulu horrek honako hau esaten baitu: “Espetxe erakundeak preso daudenen bizia, osotasuna eta osasuna zainduko ditu”, baina ez da hala, zigorraren mende jartzen baita bizia.

ETAk indarkeria uztea erabaki zuenetik sei urte eta armagabetzetik sei hilabete pasatu diren honetan, ezin dugu ez onartu ez ulertu Espainiako eta Frantziako botere publikoek euskal presoen eskubideak nabarmenki urratzea, blokeatze jarrera etsigarri eta kezkagarriarekin. Indarkeria eta sufrimendu askoko hamarkaden ondoren, garai berri honek geroari begiratzeko beste modu bat behar du. Garai berri honek eskatzen du ekitatea eta justizia gailentzea gorrotoari eta ezinikusiari.

Legelari eta osasungintzako profesional baina batez ere euskal herritar garen heinean, eta gure seme-alabentzat gizarte hobe bat nahi dugunez, ezin dugu hain oinarrizkoa dena arrotz sentitu: Giza Eskubideak pertsona guztientzat egon behar dira indarrean. Baita, eta bereziki, preso daudenentzat ere.

Giza Eskubideak defendatzeak elkartzen gaitu, eta horien artean lehen-lehenik bizitzeko eskubidea dago, baina baita osasunerako eta bizi kalitaterako eskubideak ere. Horregatik, euskal gizarteari zuzentzen gatzaizkio -beti erakutsi duena konpromisoa eta elkartasuna lotura ideologikoen gainetik- eskatzeko joan dadila urtarrilaren 13an Bilbora, parte har dezala Sare herritarrak gizatasun arrazoiengatik eta Zuzenbide justuaren aplikazio justua exijitzeko egindako deialdian.

> Pretsan bildutakoak

> NAIZ

Profesionales de la abogacía y la sanidad se adhieren a la manifestación de enero en Bilbo.

Una veintena de profesionales de la abogacia y la sanidad ha comparecido en la capital vizcaina para adherirse y además llamar a la ciudadanía vasca a que participe en la movilización nacional convocada por Sare para el 13 de enero en Bilbo, «porque nos une la defensa de los derechos humanos, siendo el primero de todos el derecho a la vida, pero también el derecho a la salud y a la calidad de vida».

Jarraitu irakurtzen