Aitzol Gogortzaren etxeratzearen balorazioa eta herritar zein eragile eta instituzioek eginiko “ezinbesteko” lana eskertu dute gaur Orerete-Errenterian egin duten agerraldia. Jon Miner eta Lurdes Urangak irakurritako testua:

Gaur, hemen bertaratu garen norbanako eta eragile guztiok, urteak daramatzagu lanean, urteak larriki gaixo dauden presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzen.

Aitzolek, ia 20 urte eman ditu espetxean eta aste honetan jakin dugunez, espetxealdi arinduan bere etxean jasoko du gaixotasunari aurre egiteko dagokion tratamendua. Saretik positiboki baloratzen dugu aste honetan emandako urratsa; baina ezinbestekoa dugu aipatzea, Orereta- Errenteriako herritarrekin, eragileekin, eta instituzioekin egindako lanketari esker lortu dugula. Hemendik, herritik, erakutsitako aktibazio eta konpromisoak eman dion bultzada ezinbestekoa izan da Aitzol etxeratzeko. Bidea zaila eta luzea izan den arren, gure ezberdintasunak alde batera utziaz, bide berean, elkarlanean lan egiteko gai garela erakutsi dugu beste behin ere. Bide honi irmoki eutsiz, gure herriak hainbeste desio duen elkarbizitza, konponbidea eta bakea lortzeko lanean jarraituko dugu.

Bihar, apirilaren 7, Nazioarteko Osasunaren Eguna da. Osasun eskubidea pertsona guztiona da. Tamalez, larriki gaixo dauden 20 euskal presok jarraitzen dute osasun eskubide horien jabe izan gabe. Kartzelan gaixotasunak areagotu eta sortzen dira; horregatik, gaixotasuna identifkatzerako unean, behar bezala artatuak izan behar direla gogorarazi nahi dugu. Aurrez aipatutako 20 euskal preso horien artean, Mikel Arrieta herrikidea dugu. Mikel, Algeciraseko espetxean dago, etxetik 1200 kilometrotara. Gure ustetan, gaixotasun larriak eta sendaezinak pairatzen dituzten pertsona orok kalean behar luke; izan ere, haren gaixotasun eta espetxealdiak batera ezinak baitira. Horregatik, Mikel Arrietaren eta gainontzeko larriki gaixo dauden presoen gaixotasunak era duinak eta humanitarioetan artatzea eskatzen dugu.

Orereta-Errenteriako Saretik, konponbidearen agertoki justu eta iraunkor baten bidean lanean jarraituko dugu. Bertan, biktima guztien sufrimenduaren aitortza eta errekonoziomendua egingo delarik. Horrez gain, preso guztien giza eskubideen urratzearekin amaitzea eskatzen dugu. Hau dena lortzeko, ezinbestekoa da zubiak eraikitzea. Gaur, pozik hartzen dugun berri honek, elkarrekin lanean jarraitzeko bultzada izan dadila gure helmugara iritsi arte.

Hemendik, herri osoari eskerrak eman nahi dizkiogu eta egin dugun lanak fruituak eman dituela gogorarazi nahi dugu, eskerrak modu batean edo bestean zuen ekarpena eman duzuen guztioi, eragile edo elkarte guztiei.

Legez eta giza eskubidez, larriki gaixo diren presoak etxean behar dute.

Orain presoak! Mikel etxera! Eskerrik asko!

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare