Orain Presoak dinamikaren agerraldi hau Nafarroako euskal presoen senideekin batera egiten dugu. Batetik urrunketa politika salatzeko eta bestetik nafar gizarteari datorren urriaren 20an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeko. Gaur egun 40 preso nafar daude Frantzia eta Espainiako kartzeletan, haietatik 39 beren etxetik ehunka kilometrora urrunduak. Bisita batera joateko senideek egin behar duten batazbesteko distantzia 650 kilometrotakoa da. Ez bakarrik hori! Mendekuan oinarritutako urrunketa politika honek 16 senideren bizitzak eraman ditu! Asko izan dira istripuak! Astebururo-astebururo bizitza arriskuan jartzen dute nere atzean dauden senide eta lagun hauek. Sufrimendu injustu honek ez du etenik…

Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu eta batu garenok, ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena.

Horretarako, ekainaren 2an eginiko aurkezpenean azaldu moduan, ezinbestekotzat jotzen dugu milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea. Jakitun gara, herri honetan bizi garenon artean, minak eta oinazeak askotarikoak direla. Ez ditugu horiek ahantzi ez eta atzean utzi nahi. Aurrez esan bezala, gure nahia elkarbizitzan eta bakean den jendarte baterantz urratsak ematea da, horretarako zauriak sendatu eta korapiloak askatzea beharrezkoa delarik.

Baina, argi dugu ere, oraindik orain, indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz gain, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela, astebururo astebururo milaka kilometro egitera behartuak izanik edota larriki gaixo diren euren senideak hain urrun izanda, alerta egoeran bizitzera behartuak egonez.

Zentzu honetan, azken hilabeteetan hainbat ahots entzun ahal izan ditugu espetxe politika honen aldaketa beharraz mintzo izan direnak. Baina, esan beharra dugu ere, oraindik ez dugula argi zein den proposatzen duten bide-orria. Eta horrek kezka ere sortu du. Benetako aldaketa batez ari bagara, hitzak ez ezik, ekintzak ere beharrezko baitira, eta helburu garbiak; sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea. Hori da, gure ustez, jendarte honek merezi duena eta gure ondorengoei utzi beharreko ondarea. Ez baitugu sinesten, inork, herritarrok azken urte luzeetan bizi izan duguna gure atzetik datozenei opa dienik. Ez dugu halako astakeriarik sinetsi nahi.

Horregatik, dinamika honen baitan gabiltzanok, aipatzen dugun aldaketa horren oinarriak ezartzeko unea dela konbentzituak gaude. Horretarako aukerak zabaldu zaizkigulakoan gaude eta guztiok desio dugun sufrimendurik gabeko egoera berri bat eraikitzeko, gutako bakoitzaren bultzada behar beharrezkoa dela uste dugu. Hala ba, herritar oro gonbidatu nahi dugu gurekin batera bakearen eta elkarbizitzaren norantzan ekitera eta espainiar gobernuari urratsak determinazioz emateko, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eskatzera.
Urriaren 20ko zita horretarako da hain zuzen ere, elkarrekin eragiteko. Urratsak eman daitezen bultzatzeko.

Hortaz, nafar gizarteari luzatu nahi diogu deia. Aktiba gaitezen, gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko garaia da ORAIN! Elkar gaitezen, bultza dezagun elkarrekin ORAIN! Urteetan luzatu den sufrimenduarekin amaitzeko aukera dugu ORAIN. Zauriak ixten hastekoa. Korapiloak askatzekoa. Bakean eta elkarbizitzan den jendarte bat eraikitzekoa.

ORAIN Presoak!
Urriaren 20an goazen elkarrekin Donostiara!