Oier azkena izan dadin, gizarte zibilari dei egin nahi diogu, larunbatean, Gasteizen egingo dugun Manifestazioan parte hartzera

Gaur, gizarte zibilari dei egiteko batu gara, igaro berri den larunbatean jazotakoa berriro sekula errepika ez dadin. Gasteiztarrontzat, asteburu lazgarria izan da. Oier Gomez herrikidea hil zaigu, hainbat urtez gaixo egon ostean. Heriotza honek, ordea badu sufrimendu atxiki bat gehitzen dion zergatia; egungo espetxe politika eta giza eskubideen urraketa. Oierri Hodking linfoma bat diagnostikatu zioten 2012. urtean, espetxean zela. Orduztik espetxean egin behar izan zion kantzerrari aurre, senide eta lagunengandik urrundua, konfiantzazko medikuen artatzerik gabe eta euskal presoei atxikitzen zaizkien espetxe baldintza berezituekin. Baldintza horietan, gaixotasunak okerrera egin zuen eta 2017ko urtarrilean gaixotasunak atzera bueltarik ez zuela eta sendaezina zela adierazi zioten medikuek. 2017ko apirilean, ETAren armagabetzearen ostean, Pariseko tribunalak kondena eten zion eta orduztik Lapurdiko hiriburuan igaro zituen azken egunak.

Oierri espetxealdiak heriotza zigorra ekarri dio. Kantzerra jasan duen edonork daki gaixotasunaren artatzea baldintza ahalik eta onenetan jasotzearen garrantzia zein den; senideen eta lagunen babesa gertu izanez, kasua ongi ezagutzen duen eta konfiantza osoa duen mediku baten jarraipena jasoz eta gaixotasuna gainditzeko eta berari indarrez aurre egiteko baldintzak lagun izanik. Oierri ordea horretarako aukera ukatu zioten. Oierrek bizitako egoera bera pairatzen dute egun oraindik 21 euskal presok: kantzerra, esklerosia, eskizofrenia paranoidea, desoreka depresiboa, hernia diskala, hiesa, bihotzeko gaitz larriak eta baita ikusmen arazoak ere…

Larriki gaixo diren presoak ahalik eta artatze egokiena jasotzeko eskubidea dute. Pairatzen duten gaixotasuna gainditzeko ahalegin handiena eta aukera gehien izango dituzten baldintzetan artatze lanak jaso ahal izatekoa. Eta ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean, sendaezina denean, kaleratuak izatekoa, horrek, heriotzera zigortzea suposatzen baitu.

Horregatik, Oier azkena izan dadin, gizarte zibilari dei egin nahi diogu, datorren larunbatean, otsailak 2, Gasteizen arratsaldeko 17:00etan Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Larriki gaixo dauden presoen espetxealdia eten eta dagozkien baldintzetan euren gaixotasunari aurre egiteko artatzea jaso dezaten. Finean, euskal presoen osasun eskubidearen alde, sufrimendu atxikiarekin amaitzearen alde, heriotza zigorraren aurka eta elkarbizitzan aurrera egin ahal izatearen alde batzeko deia egin nahi dizuegu gaur.

Gaurko tarte hau ere, larriki gaixo diren beste hiru presoren egoeraren inguruan aipamena egiteko baliatu nahi dugu:

Batetik, agerraldi hau probestuz, larunbat eguerdi honetan Galdakaoko herrian ere, Txus Martin larriki gaixo den presoaren egoera salatu eta bere kaleratzea eskatzeko Txus Martinen aldeko Plataformak deituta manifestazioa egingo dela jakinarazten dugu, eta bertaratzeko deia luzatu. Txus Martinek eskizofrenia paranoidea eta antsietate desoreka orokortua du eta bakartua egoteak nahasmena okertzen dio. Horrez gain, bihotzeko gaitza ere diagnostikatu diote.

Bestetik, gogorarazi, Ibon Fernandez de Iradik, laster epaiketa izango duela. Ibonek esklerosi anizkoitza du, gaitz degeneratibo, sendaezin, kroniko eta progresiboa. Epaiketa honen aurrean, Fernandez de Iradiren osasun egoera aintzat hartu eta espetxealdia eteteko eskaria egiten dugu, bere gaitzari dagokion moduan aurre egin ahal izateko.

Azkenik, Aitzol Gogortzaren kasuari aipamena egin nahi genioke. Aitzolek eboluzio kronikoa eta ezgaitasunezkoa duen obsesio konpultsio desoreka eta desoreka depresiboa du. Suizidio arrisku larria dela eta, medikuen gomendioz, espetxetik kanpo egoteko beharra ezinbestekoa da.

Txus, Ibon eta Aitzolen kasuak benetan larriak dira, baina baita beste 18 euskal presoenak ere. Horregatik, eta Oierren heriotzak, espetxe politika honen azken ondorio krudel eta mingarria izan behar duelako, larunbat honetan, 12:00etan Donostian eta 13:00etan Galdakaon egingo diren mobilizazioetan eta, bereziki, 17:00etan Gasteizko Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.