Orain Presoak dinamikako kideok larunbat honetan Miramar Jauregian antolatu dugun elkarbizitzaren aldeko ekitaldian parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen berri eman nahi dugu. Izan ere, garrantzitsua deritzogu Miramar Jauregian batuko den ordezkaritza baita, norbanakoak ez ezik, hainbat alderdi eta sindikaturen batasuna irudikatzeko sortuko den aukera.

Elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta atzo Aieten adierazi bezala, lan handia egin dugun arren, badauzkagu egiteke batzuk oraindik ere, guztiak elkarrekin egitekoak. Bide horretan kokatzen dugu presoen gaiari irtenbidea ematea eta elkarbizitzaren norabidean pausuak ematea…

Miramar Jauregian antolatutako ekitaldirako zabaldutako gonbidapenek harrera ona izan dutela adierazi nahi dugu, sindikatu guztiak egoteaz gain (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE, HIRU, ETXALDE), talde politikoei dagokionean ere, herritarren gehiengo bat ordezkatzen duten alderdiak batuko baitira (EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, EELV). Horrez gain, Bake Artisauak, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bake Bidea eta Bagoazeko ordezkaritza ere bertan izango da, besteak beste.

Pozez adierazi nahi dugu, orain artean izan den manifestaziorik anitzena izango dela eta honekin batera, ohar hau probestu nahi dugu larunbatean bertan Antiguako Tuneletik arratsaldeko 17:00etan irtengo den manifestaziorako azken deialdia egiteko, gizarte zibilaren aktibazioa ezinbestekoa dela baiteritzogu presoen egoera konpontzeko.