Sei urteko kartzela zigorra bete ostean aske geratu da gaur Nahikari Otaegi preso donostiarra. Valladolideko kartzela atarian, bere bila joandako senide eta lagunen artean, zain zituen bere bi seme-alabak ere.

Alaba gazteak zazpi hilabete zituela kartzelaratu zuten Nahikari eta hiru urte bete arte elkarrekin egon ziren Aranjuezeko kartzelan; semea, aldiz, aitarekin geratu zen, amagandik urruti.

Saretik gure poza adierazi nahi dugu Nahikarik askatasuna berreskuratu duelako eta, honela, bi haurrek bere amaren ondoan egoteko aukera dutelako berriz ere. Amaren alboan hezteko eskubidea, inoiz urratu behar ez zitzaien eskubidea berreskuratu dute eta horrek albiste ona izan behar luke mundu guztiarentzat.

Esan bezala, Nahikariren askatasunarekin amaituko da, azkenean, bere seme-alabek jasan behar izan duten eskubide urraketa: gurasoak ikusteko ehundaka kilometro egin beharra, aita edo amaren afektibitaterik gabe bizi beharra… Nahikariren askatasunarekin bi motxiladun haur gutxiago daude orain Euskal Herrian.

Bi motxiladun haur gutxiago, baina asko dira oraindik, gehiegi, ama edo aita kartzelan duten adin txikikoak. Sarek orain dela hilabete batzuk lanketa abiatu zuen motxiladun haurren kolektiboaz eta hauen eskubide urraketaz ohartarazteko. Euskal presoen seme-alabek orain arte ezkutuan egon den kolektibo bat osatzen dute, ume hauek ez dute komunikabideen aurrean hitz egiten, ez eta parlamentuetan ere, baina oso modu zuzenean bizi dituzte hainbat politika.

Nahikariren askatasunarekin bi motxiladun haur gutxiago daude, baina asko dira oraindik gurasoen alboan hezteko eskubidea urratuak duten haur eta nerabeak. Gazte guzti hauek helburu politikoetarako erabiliak izan dira, eta erabiltzen dituzte. Ehundaka kilometro eginarazten dizkiete gurasoak minutu gutxi batzuz ikusi ahal izateko, bizitza normal bat eramatea galarazten diete. Hori ez da onargarria, umeen eskubide eta interesek beste interes politikoen gainetik egon behar lukete. Gazte hauek orain behar dute aita eta ama etxean, ez 30 urte barru. Zergatik luzatu egoera hau? Zergatik itxaron?

Horregatik, Sarek haur hauen guztien ahotsa izaten jarraituko du eta, zentzu horretan, eskubide urraketa guztiak sakonki aztertzen dituen dossierra prestatzen ari gara eta, gainera, hemendik gutxira “Motxilak gora!” motxiladun umeen eskubideen aldeko abestia eta bideoklipa ere kaleratuko dugu.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare