Astelehenean, urriaren 24ean Donostian deitua zegoen manifestazio nazionala egokitu behar genuela iragarri genuen. Pandemiak eragindako osasun krisiak arduraz jokatzera behartzen gaituelako. Baina euskal preso eta iheslariek bizi duten egoera eta haien senideek pairatzen duten sufrikario erantsia larritasunez bizi dugu eta horrek ere arduraz jokatzera garamatza. Horregatik, manifestazioa bertan behera utzi arren, osasun irizpideen arabera aurrera eraman ahal izango den ekimen baterako deialdia egin genuen larunbat honetarako Donostian. Behar-beharrezkoa ikusten dugulako preso eta iheslarien alde mobilizatzen jarraitzea. Eta milaka pertsonek irudikatuko zutena 600 pertsonako mosaiko batekin egingo dugu.

Mobilizazio honen helburua, euskal preso eta iheslarien egoera nazioartera zabaltzea zen eta jarraitzen du izaten. Euskal Herritik mundura egingo dugun garrasi bat. Konponbide garaia dela ozen esateko, ETAk bere jarduera utzi zuela 10 urte bete direnean eta bere amaieratik 2 urte pasa direnean euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika amaitu behar dela exijitzeko eta euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesuan, urratsak beharrezkoak direla aldarrikatzeko.

Nafarroan ezarri diren neurrien ondorioz, nafarroi Donostiara bertaratzea ezinezko egingo zaigu. Baina ez bakarrik hori, are eta larriagoa dena: gobernuak mantentzen duen urrunketa politika krudelak eta gaurtik aurrera ezartzen diren neurriek, espetxean, eta haien jaioterritik urrun dauden nafarren eta haien senideen eskubideak are eta urratuagoak bihurtzen ditu. Ez litzateke hau gertatuko urrunketarik ez balego! Eta nahikoa da! 63 lekualdaketa izan dira espainiar estatuan 2018ko ekaina geroztik, horietatik soilik 12 Euskal Herrira. EPPk-ko 222 euskal presoetatik (31 estatu frantziarrean), 11 bakarrik daude egun Euskal Herriko espetxeetan!

Prentsaurreko honen bidez, konponbidearen eta preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko gure aldarria egin nahi dugu. Donostiara bertaratu ezingo bagara ere, gure herrialdeko luze-zabalean mobilizatzen segiko dugula adierazi nahi dugu, herriz-herri, auzoz-auzo, iraunkorki eta herritarron presentzia masiboarekin. Zentzu horretan datorren azaroaren 21ean herri eta auzoetan burutuko den mobilizazio egun nazionalean parte hartzera gonbidatzen ditugu herri eta auzoak. Mendekuzko espetxe politikaren bukaera eskatzeko eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte garela erakusteko. Korapiloak askatzeko garaiak dira, konponbide garaia behar du herri honek; bakea eta elkarbizitza ahalbidetuko dituen preso eta iheslaririk gabeko etorkizuna.