Hilabete pasatxo igaro da Bilboko manifestazioa egin genuenetik, eta balorazioan adierazi genuen moduan, txosten bat osatu dugu, Iñaki Lasagabaster eta Ramon Zalloren laguntzarekin. Txosten hau Madrileko Diputatuen Kongresuko legebiltzar-taldeei helarazi diegu dagoeneko.

Txostenean, salbuespen espetxe politikak euskal presoengan duen eragina jaso dugu, bertan urratzen diren giza eskubideak nabarmenduz, berauen errespetua bermatzea demokrata ororen oinarri izan behar dutela ulertuta.

Saretik argi dugu gu ez garela nor Legebiltzar-taldeei zer egin behar duten esateko, baina bai kontuan hartu beharreko hainbat egoeraren berri emateko. Laburbilduz:
Adinez nagusi diren presoen (70 urtetik gorakoak) eta larriki gaixo direnen etxeratzea.
Euskal presoen urruntze politikarekin amaitzea eta Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea.
Zentzu honetan, nabarmendu nahi dugu, lehentasunezkotzat jotzen dugula gaixo dauden presoen eta haurrak dituztenen egoera hobetzea, haurrei ezartzen zaien zigor atxikiarekin amaitu eta artatzea senideengandik eta konfiantzazko medikuengandik gertu jasotzeko eskubidea bermatu dadin.
Gradu progresioen aurrean ezatzen den ukapen sistematiko eta arrazoigabearekin amaitzea.
Kondenaren ¾ betea duten presoei baldintzapeko askatasunerako aukera eskaintzea.
Finean, salbuespen legediak alboratu eta dagokien legedia arrunta ezartzea.

Hau da, iniziatiba honen baitan emaniko lehen urratsa. Aurrera begira, hala nahi duten Legebiltzar-taldeekin biltzeko prestutasun osoa dugu, halaber, horrelako ekimenak beste instantzia batzuetan ere lantzeko aukera aztertzen gabiltza, Europako Parlamentuan, adibidez.

Uste baitugu Europan ere, ONUko Giza Eskubideen Batzordearekin egin genuen moduan, egoera honen berri ematea garrantzitsua dela.

Ondoren, Joseba Azkarragak eta Iñaki Lasagabasterrek txosten honen edukia azalduko dute, bai giza eskubideen ikuspegitik, bai espetxe-legediaren beraren ikuspegitik.