Sarek, Gasteizko unibertsitatean larriki gaixo diren presoen inguruan antolatutako hitzaldiaren baitan sortutako polemika dela eta hurrengo irakurketa egin du hitzaldiari hasiera eman aurretik:

Hitzaldiari hasiera eman aurretik, hainbat argipen egin nahi ditugu:

  • Gaur,Giza Eskubideen Nazioarteko eguna den honetan,euskal presoei ukatzen zaien osasunerako eta bizitzarako eskubidea lantzeko hitzaldi bat eskaintzera goaz. Euskal presoek, gainontzekoen moduan, etxean, euren senideen babesarekin eta konfiantzazko medikuarekin artatuak izateko eskubidea dute, eta gaur gaurkoz, eskubide hori ukatua zaie salbuespeneko legedia deritzona dela eta. Horixe, ez bestelakorik, da gaurko hitzaldian landuko dena.
  • Sarek, lanean daramatzan bost urte hauetan, helburu berari ekin dio; urteetako sufrimenduari, minari eta giza eskubideen urraketari irtenbidea eman eta elkarbizitzarako oinarriak ezartzeko lan egiteari. Bide honetan, biktima guztiekiko errespetua erakutsi dugu beti, eta hala egiten jarraitzen dugu.
  • Ibilbide honen baitan, Sarek, sekula ez dio inorekin hitz egiteari, elkartzeari, entzuteari uko egin, ezta ere, inoren hitza isiltzeko erabakirik hartu. Sarek parte hartu duen eremuetan edota Sarek berak antolatutakoetan ahots anitzak izan dira beti, ETAko zein bestelako indarkerien biktimen ahotsa, Estatu funtzionari izan direnena, espetxea ezagutu duten senide eta pertsonena eta noski, giza eskubideak urratuak izan zaizkien horiena, beste askoren artean. Ahots anitz eta zabal horiei gauza bakarra eskatu izan diegu beti; besteekiko errespetua.
  • Kontziente baikara,oraindik orain,zauri gehiegi daudela zabalduak. Horiek sendatzeak ordea ezin du inor bazterrean laga. Empatia eta elkar-ulertze ariketa da benetako elkarbizitza eta bakea eraikitzeko bide bakarra. Eta horretarako, elkar entzun, bata zein bestaren minak onartu eta errealitate eta sufrimendu asko eta askotarikoak direnaren jabedun egin behar gara.
  • Konbentzituak gaude, garai berri baten aurrean aurkitzen garela. Hala erakusten duten azken urteetan eman diren urratsek; presoek sortutako minaren inguruan eginiko adierazpenek eta legeak ezarritako bideak jarraitzeko hartutako erabakiak, ETAren desegiteak, maila instituzional, politiko, sindikal eta sozialean lortutako adostasunak edota hainbat udalerri eta espazio irekietan biktimen arloan eman diren elkarbizitzarako pausoak aukera berriak zabaldu dituzte gure herriarentzat. Elkarbizitzarako eta bakerako ateak zabaltzen ari gara.
  • Zentzu honetan, egun oraindik espetxean diren eta euren eskubideak urratuak zaizkien 21 larriki gaixo diren presoen inguruan antolatutako hitzaldi honen gaineko boikot deialdia, garatu nahi dugun bide horren aurkakoa dela deritzogu. Batetik, Jose Ramón Lopez de Abetxukok, bere ekinbideagatik epaitegiek ezarritako zigorra bere osotasunean betea duelako eta egun gizon askea delako, eta dagozkion eskubide guztien jabedun. Bestetik, gaur hemen partekatuko duena larriki gaixo egon den preso baten bizipenak izango direlako, ez besterik. Zentzu honetan, boikot deialdi hau adierazpen askatasuna ukatzeko modu larria dela deritzogu. Eta Sarek, giza eskubideen defentsan aritzen den mugimendu gisa, ez du halako urraketarekin bat egingo. Hori hala, hitzaldia bere horretan mantentzea erabaki dugu.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare