Martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna, gainean dugun honetan, Sare Herritarrak ez du ahazturan utzi nahi preso diren emakumeek bizi duten zigor egoera bikoitua.

Izan ere, euskal presoek bizi duten eskubide urraketa horri, emakumeen kasuan, hainbat berezitasun atxikitzen zaizkio, euren egoera are lazgarriagoa egiten dutenak. Espetxe politikak ez dira sistema honen mugetatik at geratzen, are gehiago, sistema beraren erakusleiho gorena dira. Jarrera eta jokabide matxistak modu gordinenean zuzentzen dute espetxeen logika. Espetxeak gizonentzat eraikitako gune baitira, ez baita emakumea legez kanpo aritzea kontzebitzen, legez kanpo ari den emakumea “ez-emakumea” baita. Eta logika honen baitan eraikitzen da espetxearen egunekoa; espazioak, tailerrak, janzteko arauak…

Duela hilabete batzuk ezagutu genuen Granadako espetxeko emakume presoek espetxe zuzendaritzaren partetik jasaten duten jarrera matxistaren adibide garbia; emakumeak, emakume izateagatik, gizonen kasuan espetxe berean ez baita halakorik gertatzen, garbiketa lanak egitera behartuak dira, ezezkoaren aurrean isolamenduarekin zigortuz.

Emakume presoak hiru kartzela motatan sakabanatuak daude: gizonentzako kartzelen barruan egokitutako modulu txikietan, gizonezkoen makro-kartzelen barruan egokitutako kartzela txikietan edota emakumeentzako kartzeletan (egun, hiru baino ez dira emakumeentzako kartzelak). Errealitate honek baldintza gogorrei aurre egin beharra dakar, emakume bezala dituzten beharrei erantzuten ez dieten guneak direlako; ginekologorik ez izatea kartzelan, gizonentzako produktuak soilik izatea salgai (tanpoirik, konpresarik… ez), medikuarekiko bisitak izateko zailtasunak… eta guzti hau gutxi balitz, espetxe zuzendaritzetako politikak emakumea berhezitzea dute helburu, genero rolarekin lotutako tailer (josteko, sukaldean, ile-apaindegian aritzeko tailerrak) eta arauak ezarriaz. Emakumearen aurka epaiketa judiziala ez ezik, epaiketa morala egiten da eta kartzelan kondena hori bikoizten da, legez kanpoko ekintzen ondorioz ezarritako zigor judiziala eta emakume izateagatik ezarritako zigor morala.

Gaurko egunean baina, bereziki 12 emakume presok bizi duten bakartze egoera salatu nahi dugu. Beatriz Etxeberria, Ana Belen Egues, Oskarbi Jauregi, Itziar Alberdi, Josune Oña, Irantzu Gallastegi, Oihane Bakedano, Olga Comes, Ainhoa Garcia, Lola Lopez, Josune Arriaga eta Maria Lizarraga kiderik gabe daude Espainiar Estatuko 12 kartzeletan sakabanatuak. Maria Lizarragaren kasuan gainera, guztiz bakartua dagoela salatu nahi dugu, ez kiderik ez eta preso arruntik ere inguruan izan gabe, patiora ere bakarrik ateratzen dutelarik. Bete beharreko kondenaz gain, euskal presoei eransten zaizkien urruntze eta gainontzeko salbuespen neurriez gain eta emakume izateagatik ezarritako zigor moralaz gain, Mariari egun osoa bakarrik egotearen zigorra gehitzen zaio, inolako harremanik garatzeko aukerarik gabe. Egoera honek eragiten dituen gabezi sozial eta psikologikoak mendekuzko politika baten baitan baino ezin dira ulertu.

.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare