Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu ekimenean parte hartzera animatu diren guztiei, herrietan irteerak antolatzen dabiltzanei eta baita ekimenarekin bat egin duten norbanako eta kirol edota kultura mailako pertsonalitateei.

Larunbat honetan milaka lagun mobilizatuko gara 650 tontor igotzeko. Familian, lagunartean edota 400tik gora herri eta auzoetatik antolatu diren irteeren bitartez. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako mendiak aldarriz beteko ditugu; 125 inguru Araban, 130 inguru Bizkaian, 120 inguru Gipuzkoan, 220 inguru Nafarroan eta 60 inguru iparraldean.

Mendi igoerak goizez egingo dira, tontorrera iritsi eta Izan Bidea bandera ezarriz. Herriek irteerak antolatu dituzten mendietan, igoera ostean, ekitalditxoak antolatu dira, betiere, segurtasun irizpideak errespetatuz. Tontorretan argazki eta bideoak zabaltzeko deia ere luzatu nahi dugu; Izan norbere edo taldeko sare sozialetan #650tontor , #IzanBidea eta igotako mendiaren izenaren traolak erabiliz; edota Sarek egun horretarako prestatu dituen telefono zenbakietara whatsappez argazkia edo bideoa + igo den mendiaren izena bidaliz. Telefono zenbakiak herrialdeka banatu dira, geografikoki ordena mantendu ahal izateko. Amaieran adieraziko ditugu telefono zenbakiak.

Ekimen bateratu hau, are bateratuagoa egin asmoz, Julio Soto bertsolari nafarrak Habanera doinua lagun prestatu digun bertsoa helaraziko diegu 650tontor.sare.eus web orrialdean izena eman duten guztiei, baita irteerak antolatu dituzten herrietako kideei ere: Milaka pertsonak, 650 aldiz, Euskal Herri osoan zehar batera abestu dezagun.

Dakizuen moduan ekimen hau, Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu dugu; preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea egin asmo duen dinamika zabal honen baitan, hain zuzen ere.

Behin eta berriz esan dugu une garrantzitsu baten aurrean gaudela, batetik, Euskal Herri mailan inoizko adostasun maila handiena lortu dugulako salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren alde eta bestetik, bai Frantziako zein Espainiako Gobernuek aldaketa hori gauzatzearen aldeko borondatea adierazi dutelako. Ekintzei dagokionean ordea, oraindik ere, mugatuak izaten ari dira.

Guri dagokigu, borondate hori praktika bilakatzea, ez baita benetako erroko mugimendurik emango, bultzatu ezean. Preso eta iheslarien auzia konpontzeko garaia da, baita elkarbizitzaren eta bakearen alde hasitako bidea jarraitu eta gauzatzekoa ere.

Eta guk horretan jarraitu nahi dugu, helmugara iritsi arte. Horixe da tontorretara eramango dugun aldarria.

Horretarako, Izan Bidearen baitan ateratako kamiseta, musuko eta banderak soinean eramateko deia zabaldu dugu; Euskal Herri osoko muinetan, larunbat goizean zehar, marea urdin luze eta zabala irudikatu asmoz.
Amaitu aurretik mendira igoko garen kideontzat, hainbat irizpide eta gomendio emateko ere probestu nahi dugu agerraldi hau:

• Batetik, gogoratu nahi dugu, pandemia egoera batean jarraitzen dugula eta beraz, musukoa ekartzea gogoan hartu behar dugula, baita, segurtasun distantziak eta neurriak presente izatea ezinbestekoa izango dela.

• Bestetik, bereziki garrantzitsua deritzogu, natura errespetatzea eta bidea jaso bezain garbi, edo garbiago, uztea.

• Gogoratu ere eguraldiaren arabera arropa egokia hartu eta mendirako oinetako aproposak janztea, baita ura eta jatekoa eramatea.

• Norbere indarrak ere ondo neurtu. Ongi aukeratu igotzera zoazen mendia eta edozein atsekabe sentituz gero laguntza eskatu.

Eta ez ahaztu ekimen eder honen helburua, etxeratze prozesuaren alde, elkarbizitzaren alde eta bakearen alde mugimenduan den jendartea garela erakustea dela, baina baita gozatzea ere, Beraz, disfrutatu mendiaz eta zatozte larunbatean 650 tontor gurekin igotzera!

TELEFONO ZENBAKIAK:

Araba, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako mendiak: 678 13 74 05

Bizkaiko mendiak: 688 67 46 79

Gipuzkoako mendiak: 688 62 83 66

Nafarroako mendiak: 688 81 20 34