Sara Majarenas euskal presoak askatasuna eskuratu ostean, motxiladun hau bat gutxiago dugu Euskal Herrian. Izarrek bizitako egoera eta motxiladun haurrena salatzeko ekitaldia egingo da igande honetan Donostian.

Izarrekin Sara Etxera plataformak ekitaldia antolatu du igande honetarako, apirilaren 22rako, “Motxiladun umeak bat gutxiago” lelopean. Plataformaren azken agerraldia izango da. Sara Majarenas presoa aske geratu ostean, 4 urteko Izar txikiak motxiladun ume izateari utzi diola ospatuko dugu, baina azken urte honetan bizi izan duen egoera gogorra ere salatuko dugu. Aldi berean, oraindik ere Euskal Herrian motxiladun ume asko daudela gogorarazi eta egoera honi amaiera jarri behar zaiola aldarrikatuko dugu.

Ekitaldia 12.00etan egingo dugu Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan (kioskoa dagoen plazatxoan). Ekitaldian zehar Izarrekin Sara Etxera plataformak, Donostiako mugimendu feministak eta Motxiladun umeen ordezkari batek hartuko dute hitza, halaber, bertan izango da Porrotx pailazoa, eta bertsoak, musika eta dantza ere ez dira faltako.