Gaurko agerraldia Izan Bidea dinamikaren baitan hainbat abeslari ezagunekin osatu dugun abestia aurkezteko deitu dugu, eta Mikel Mundiñanok aurkeztuko dizue ekarpen eder honen nondik norakoak. Baina gaurko agerraldia, azaroaren 21eko asteburuan antolatu ditugun mobilizazioen berri emateko ere probestu nahi dugu.

Esan bezala, azaroaren 20-21-22ko asteburuan Sarek “bidea gara, bidean gaude” lelopean herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak antolatu ditu Izan Bidea dinamika plazaratu eta ahalik eta herritar gehien dinamikara batu asmoz.

Ekimenak ugariak eta mota askotakoak izango dira; erreleboka eginiko ibilbideak, ilaretan antolatutako mobilizazioak, eskaintza kulturalarekin uztartuko diren ekimenak, mosaikoak…

Guztiak norabide berean; herritarren aktibazioa piztu preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko.

Hala, dei egiten diegu, elkarbizitzaren alde pausuak eman nahi dituzte herritar guztiei, preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera. Herriz herri, auzoz auzo, bidea gara eta bidean gaude.

Esan gabe doa, urriaren 24ean egin genuen moduan, ekimen guzti hauek Covid-19a dela eta ezarritako segurtasun neurriak errespetatuz egingo dira, distantziak mantendu daitezken forma eta espazioak hautatuz.


Argi genuen gurea bezalako dinamika batek behar zuela doinurik, behar zuela soinu bandarik, preso eta iheslarien etxeratzearen alde indarrak batu eta herritarrak bidearen parte egiten laguntzeko. Ideia horrekin hasi ginen; bagenekien luze jotzen dutela proiektu hauek eta zaila izaten dela puzzle osoa osatzea, are gehiago ditxosozko pandemiaren erdi-erdian!

Baina azkenean gaur, Izan Bidea, Ibiltarien doinua aurkezteko moduan gaude. Ion de Luis Iruñeako musikari eta ekoizleak egindako kantuari Amets Arzallusek jarri dio hitza eta hamar abeslari ezagunek, haien ahotsa; Alex Sardui (Gatibu), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Maider Ansa (Tximeleta), Ines Osinaga (Gose), Idoia Tapia (Skabidean), Lorena Aisa (Skabidean), Claudia Rodriguez (Skabidean), Xabi Solano (Esne Beltza), Brigi Duque (Koma) eta Juantxo Arakama (Glaukoma).

Letrari dagokionez esan dezakegu kontzeptu bezala “bidea” hitzak hartu duela indarra, azken batean gure dinamikaren oinarrian bidearen parte izatera gonbidatzen dugulako eta “bidea” kontzeptu gisa dugulako gure leloan. Oinazpiko bidea bezain bat eskubidetik ere badu bideak eta hortaz, eskubideen aldarrikapena. Gure kasuan bidea, eskubideak urratzen dituen aginpidea bezala, askabidea ere izan daiteke. Presoen gaiari loturik horri heltzen zaio. Bidea hitzak ematen digu kantu honen letrarako adar guztiak.

Musikari dagokionez, doinu bizia, dantzagarria esan dezakegu. Errepika indartsu eta sarkor batekin.

Pozik gaude emaitzarekin eta oso eskertuak abeslarien ekarpenarekin. Ikus eta entzun dezagun lehenik, parte hartu dutenek zer dioten bideari buruz (bideoa esaldiak).

Eta abestia eta bideoklipa aurkeztu aurretik, eta bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu proiektu honetan parte hartu duten guztiei. Polita izan da proiektu honen bidea eta esker hitzak baino ez ditugu parte hartu duten guztientzat.

Esaera zahar batek dio “kantatzen duen Herria ez dela inoiz hilko”. Guk gaur gaineratuko dugu kantatzen duen herria ere badela bidearen parte; preso eta iheslaririk gabeko herri baterantz bidea egin nahi dugun ibiltarion parte eta elkarbizitza eta bakea eraiki nahi duen herri baten parte.

Ibilian dabilen bidea, etor zaitez gurekin! Izan Bidea!