Orereta-Errenteriako Sarek agerraldi jendetsua egin du Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta preso gaixo larrien egoeraren berri emateko.
Larunbat eguerdian eginiko agerraldian honako irakurketa egin du Orereta-Errenteriako Sarek:
Tamalez,azken aldi honetan, guk nahi baino maiztasun handiagoarekin elkartzen ari gara Aitzol eta bere familiak pairatzen duen injustizia salatzeko. Azkena, uztailan egindako mosaiko herritarra; bertan, ehundaka lagun bildu ginen herri honen nahia eta konpromezua adierazteko. Aitzolek, gaixotasun larri eta sendaezina pairatzen du eta kondena beteta eduki arren, Basauriko espetxean dirau; bere eta bere senideen giza eskubideak urratzen diharduten bitartean. Abuztuan, Kepa Del Hoyoren heriotzaren atsekabea soinean genuelarik, Mikel Arrietaren osasun egoeraren berri izan genuen. Mikelek 57 urte ditu eta horietatik 17 daramatza espetxean. Egun, Algeciraseko espetxean aurkitzen da; etxetik 1200 kilometroetara. Duela 7 urte hasi zen gaixotasunaren lehenengo zantzuak sumatzen baina espetxe aldaketaren ondorioz, ezin izan zitzaion gaixotasunaren inguruko jarraipen egoki bat egin. Pasa den urtarrilean, Algeciraseko ospitaleko medikuek burututako diagnostikoaren arabera, Arrietak espondilartropatia kroniko seronegatiboa pairatzen du: gaixotasun larri, sendaezin eta degeneratiboa. Aitzol eta Mikel, Mikel eta Aitzol. Bi diagnostiko ezberdin baina egoera bakarra: giza eskubideen urraketaren adibide nabarmena eta gure ustetan egoera bateraezinak espetxeko egonaldiarekin. Etsipenera kondenatu nahi gaituzte, baina, herri honek aspaldi egin du konponbidearen aldeko hautua. Azken finean,aldarrikatzen duguna honako hau da: espetxe politika konfrontazio klabeetatik konponbide klabeen aldeko urratsak ematea, salbuespen neurriekin amaituz, non giza eskubide guztiak errespetatuak izango diren. Baina aldaketa hau gauzatzeko ezinbestekoa da herritarrok ikusle hutsak izatetik protagonistak izaterako jarrera aldatzea; bakoitzak bere eremutik ekarpenak eginez lortuko dugu giza eskubideen urraketarekin amaitzea eta Aitzol eta Mikel etxeratzea. Eta ziur gaude lortuko dugula! Larriki gaixorik dauden presoak etxera! Gu prest gaude!