Abendua 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren baitan, Ginebran izango gara, Euskal Herriko hainbat eragileren ordezkaritzan, Kataluniar herriko kideekin batera, duela hainbat hilabete, NBEaren Giza Eskubideen Kontseiluan aurkeztu genituen txostenen harira egingo den agerraldian.

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan egin ohi den aldizkako azterketa unibertsalak, NBE osatzen duten 193 herrialdeetan giza eskubideen errespetua hobetzea du helburu. Bost urteren tartean, herrialde guztiek azterketa hau igaro behar izaten dute. Urtero, 40 Estatuinguru aztertu ohi dituzte. Aurtengoan, Estatu espainiarrari dagokio. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak aztertuko du eta hori hala, Euskal Herriko bost eragilek (Sare Herritarrak, Etxerat Elkarteak, Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkartea, ELEAK-Libre Mugimendua eta Giza eskubideen Euskal Herriko Behatokia) hainbat alegazio aurkeztu ditugu.

Alegazio guzti hauek ideia berberaren baitan laburtu genitzake: egun, ETA desagertu ostean ere, Estatu espainiarrak bere horretan mantentzen duen lege antiterroristaren baitan eraikitako salbuespen egoerak ekarritako ekintza polizial, penal eta espetxe politikari begirakoak dakartzan giza eskubideen urraketa larriak.

Gure alegazioetan:
Euskal presoek egun oraindik jasaten duten salbuespeneko espetxe politika eta honen ondorio diren giza eskubideen urraketa larriak jaso ditugu txostenean; urruntze politika, gaixo larrien espetxealdia edota zigorren batuketa (beste Estatu batean akusazio beraren baitan bestetako espetxealdia aintzat hartzea) ezaren ondoriozko zigor bikoitzen aplikazioa.
Euskal presoen senideek jasaten duten urraketa, baita arriskua ere. Gogoraraziz 16 direla jada errepidean, euren senidea ikusteko ehundaka eta milaka kilometro egitera behartuak, bizia galdu duten pertsonak.
“Altsasuko auzia” salatu nahi izan dugu; terrorismo akusaziopean, izugarrizko neurrigabekeria judizial eta penala jasan duten gazteen kasua, aurrez aipatutako salbuespen egoera horren adibide garbia delarik.
Hiritarren Babesari erantzun asmo dion 4/2015 Lege Organikoaren aplikazioaren gaineko kezka adierazi dugu, abusu polizialaren hazkundea, baita elkartzeko, manifestatzeko eta prentsarako askatasuna gisako eskubideen gaineko urratzea ere.

Azkenik, giza eskubideen defentsan lan egiten dutenen eta preso diren pertsonei babes profesionala (defentsa juridikoa, babes psikologikoa…) eta elkartasun adierazpena egin dieten pertsonen aurkako jazarpena salatu dugu. Pertsona hauen jarduera publikoa, gardena eta baketsua izan da ere, terrorismo ekintzen akusazioa jasan baitute.

Alegazio hauek oinarri, beraz, bihar Ginebran izango gara espainiar Estatuak Euskal Herrian urratzen dituen giza eskubideak errespetarazteko eskatuz.