Gaur goizean, Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den presoaren etxeratzearen aldeko adierazpena onartu da, aho batez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosen aldeko botoekin (PPko ordezkaritzarik ez da izan Batzordean). Adierazpenean, Ibon Fernandez Iradiren osasun eskubidearen eta giza eskubideen aldeko aldarria eta baita gaixotasunaren larritasuna dela eta pertsonaren duintasuna oinarri, Fernandez Iradiren etxeratzea eskatu da, berandu baino lehen, etxean artatua izan dadin.

Ibon Fernandez de Iradik esklerosi anizkoitza du. Duela 8 urte hasi zen gaixotasuna espetxean zela eta duela 6 egin zioten lehen diagnosia. Orduztik frantziar espetxeetan izan da preso. Egun Lannemezanen aurkitzen bere gaitzaren aurrean Pariseko Auzitegiak epaiketa data ezartzearen esperoan.

Gaurko Giza Eskubideen Batzordean, Ibonen ama eta emaztea izan dira, Sareko kideekin batera. Bertan, Ibonen egoeraren larritasunaren berri eman diete gerturatutako prentsako kideei. Ainara Fresnera, Ibonen bikoteak, duela urtebetetik atzeratzen ari den epaiketaren zain direla adierazi du, Ibonen egoera larritasuna aintzat hartu eta etxean artatua izateko erabakia hartuko dutenaren esperoan. Adierazi duenez, Ibonen gaitza dela eta, espetxean ugaltzen diren birusak hartzeko erraztasuna du eta edozein gaixotasunek (azken hilabeteetan jasan behar izan dituen gastronteritisa edota gripea kasu) esklerosiak sortzen dizkion min eta dolentziak areagotzen dizkio. Espetxea birus eta gaitzen foko handia izanik, Ibonek egoera gogorrak pairatzen dituela salatu du.

Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak, egun, espainiar zein frantziar espetxeetan larriki gaixo diren 21 preso daudela ohartarazi du eta, legeak jasotakoa betez, preso hauen gaitzak atzera bueltarik ez eta sendaezinak direnean askatu beharrean, euren gaixotasunari baldintza duinetan aurre egiteko etxeratuak izan behar direla gogorarazi du.

Sare Herritarrak eta baita Ibon Fernandez Iradiren senideek ere positiboki baloratu dute gaurko adierazpena aho batez onartu izana eta presoen auziari aterabidea emateko instituzioen babesa eta bultzada beharrezkoa dela azpimarratu dute.

>> [PDF] Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean onartutako ebazpena.