Urteak daramatzagu giza eskubideen inguruko defentsa egiten, horregatik, ez da batzorde honetan parte hartzen dugun lehen aldia. Gai ezberdinek ekarri gaituzte hona; azkenengoz larriki gaixo dauden Jagoba edo Ibonen kasuek adibidez, eta oraindik kasu horiek bere horretan mantentzen diren arren, gaur hona Xuaren egoerak ekarri gaitu.

Xuak 3 urte beteko ditu datorren urtarrilaren 19an. Xua Balentziako Picassenteko kartzelan dago bere aita eta amarekin, Usurbildik 550 kmtara. Espainiar legediari jarraiki, hiru urte betetzean bere gurasoengandik banatu eta amonarekin etorriko da Usurbilera. Honek esan nahi du, soilik hiru urterekin, bere aita, ama edo biak ikusteko asteburuetan 550km joan eta 550km etorri egin beharko dituela, hau da, 1100 km bere gurasoekin egoteko. Baina Xua ez da egoera honetan dagoen haur bakarra, Picassenten beste hiru ume aurkitzen dira egoera antzekoan, eta beste bat Madrilgo Aranjuezen. Guztira egun, 105 motxiladun haur daude.

Egoera honen berri duela bi urte eta erdi inguru eman genuen, eta orain badakigu bizi duten sufrikarioak zer nolako arazo eta hutsune uzten dituen. Guk, egoera honekin amaitu behar dela uste dugu, eta hori legeari jarraiki egin daitekeela. Zergatik ezin dira beraien etxeetatik gertuen dagoen kartzelan egon aita eta ama? Zergatik egin behar ditugu horrenbeste kilometro? Horiek dira 5, 6 edo 10 urteko haurrek egiten dituzten galderak. Eta baita guk egiten ditugunak ere; zergatik? Eta erantzun bakarra datorkigu burura, mendekua.

Eskatzen duguna, ez da legea gainditzea, kontrakoa, Espainiar legedia bera betetzea baizik. Eta hori guztion ardura dela uste dugu.

Argi dugu azken urte eta hilabeteetan euskal jendarteak aurrera pauso handiak eman dituela, eta gai honekiko kontsentsu zabalak eraiki ditugula, baita arlo sindikal eta politikoan ere, eta datorren urtarrilaren 8an eztabaidatuko den eta hemen zaudeten indar politiko guztien (PP izan ezik) babesa duen mozio hau onartzea ere bide honetan beste pauso bat izatea nahi dugu. Bide honetan elkarrekin sakontzen jarraitzea espero dugu.