Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean parte hartu dugu, Irati Gurasoekin EHra plataformarekin batera

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean parte hartu dugu, Irati Gurasoekin EHra plataformarekin batera

Irati Aranjuezeko kartzelan dagoen ume bat da. Martxoaren 8an 3 urte beteko dituen haurra. Legeak dion bezala, urte hauetan kartzelan dauden gurasoekin egon da, baina 3 urte betetzean, umea kartzelatik atera eta beste senideekin bizi beharko da gurasoak Aranjuezeko kartzelan utzita.

Gure ustez, bizi dugun egoera honetan, onartezina da gaur egun legeak dituen mekanismo ezberdinak ez erabiltzea eta guraso preso hauei salbuespenezko espetxe politika aplikatzen jarraitzea. Zenbait adituk dioten bezala, banaketa honek larritasun psikologiko eta emozional handia eragiten du umearengan, eta, horregatik, banatzea ekidin behar dugula azaltzera gatoz.

Ez da Irati egoera hau pasatuko duen ume bakarra izan, eta, tamalez, azkena ere ez. Aspalditik daramagu egoera hau salatzen eta, une hau iritsi aurretik, dagozkien arduradunek umearen hobe beharraren ikuspuntutik hartu beharreko erabakiak hartzeko eskatu nahi dugu. Guztion ardura da ume honen eskubideak errespetatzea eta bere gurasoekin egon ahal izateko lan egitea.

Kalean mobilizazioetan, edota babes oso zabalarekin atera zen, Bilboko udaletxeko mozioan agertu bezala, aspalditik gai honekiko daukagun kohesioa argitara zabaldu nahi izan dugu, eta behingoz salbuespenezko espetxe politika honekin amaitzeko eskatu nahi dugu. Bide batez, salatu nahi dugu familiak elkarrekin egon ahal izateko modulu mistorik ez dagoela ez Autonomi Erkidegoan ez eta Nafarroan ere. Duela 20 urte jaio zen Onditz haurra kartzelan, eta orduan ere salatu zen egoera hau; gaur, 2021. urtean, egoera horrek berdin-berdin jarraitzen duela azpimarratu nahi dugu, sinestezina dirudien badirudi ere.

Legeak kartzelan ezartzen dituen gradu-progresioak eta baldintza ezberdinak erabiltzea soilik eskatzen dugu. Irati gurasoekin egoteko dauden aukerak baliatzea eta ume honen eskubideak errespetatzea. Martxoaren 8an, Irati motxiladun haurra izatera pasako da eta, beste 90 umek bezala, gurasoak ikusteko ehundaka kilometro egitera behartua egongo da. Hilabetean ordu batzuk ikusteko.

Horregatik, gaur hemen, giza eskubideen batzorde honetan, Iratiren kasua, edota Aranjuezeko kartzelan geratuko den Izadiren kasuak bezalakoak amaitzeko, modulu mistoak edota haurren eskubideak errespetatzeko eskaera egiten dugu.

Azkenik, denok bizi dugun pandemia garai honek ume hauei bete-betean eragin diela salatu nahi dugu, ezin baitituzte gurasoak ikusi, eta jada urte bat betetzera doa egoera horretan daudenetik, eta okerrena da ez dakigula noiz arte luzatuko den….

Horregatik, gaur inoiz baino gehiago salbuespenezko espetxe-politika honek urratzen dituen eskubideak ikusita, Irati gurasoekin egoteko egin beharrekoa egiteko eskatu nahi dugu.