Duela egun batzuk amaitu ziren Gasteizko festak Zeledonekin, gaur Marijaiaren etorreraren zain gaude Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko. Biek dituzte antzekotasunak, tartean, festa giroa eta gure artean egon ezin diren pertsonen eskubideen defentsaren aldarria eta memoria guztiz bateragarriak direla. Preso diren pertsonak ez dute soilik askatasuna galdu, egun oraindik oinarrizko hainbat eskubide urratuak izaten jarraitzen dute.

Gaur, Bilboko Konpartsetako ordezkariekin batera, datorren abuztuaren 23an eguerdiko 12:30etarako elkarrekin antolatu dugun manifestazioaren deialdia egin nahi dugu, bertaratzeko gonbita herritar guztiei zabalduz.

Sare Herritarrarentzat urte berezia da aurtengoa; Batetik, bost urte bete dituelako, 2014ko ekainaren 14ean hainbat eta hainbat pertsonalitate eta norbanakoren bultzadaz bere ibilbidea hasi zuenetik.

Bestetik, azken urtebetean eman diren urratsek garai berri bat ekarri dutelako Euskal Herrira, konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako esperantza eta aukera eskaintzen duena.

ETAren desagerpena. Presoen kolektiboak hartutako erabakiak eta emandako urratsak, Estatuaren partetik espetxeetako egoera bere horretan mantendu ez ezik, kasu askotan, gogortua izan den arren. Ipar Euskal Herrian Bakegileek Estatu frantsesarekin abiatutako prozesuak eta baita, hemen, poliki-poliki Estatuko instituzioekin zabaltzen gabiltzan harreman bideak. Edota, Hegoaldean orain arte lortu gabeko babes instituzional, politiko, sindikal eta sozialak, etorkizun berri bati ateak zabaltzeko aukera ezin hobea sortu dute. Eta horretara goaz.

Gaur aurkezten dugun manifestazioaren leloak dioen moduan, korapiloak askatzeko unea da: urteetan indarkeria ezberdinek sortutako min eta zauriak lantzeko unea da, ezberdinen arteko enpatia ariketak erdigunera ekarriaz eta memoria, errespetua eta aitortza guztientzako oinarri gisa hartuaz.

Baina baita, egun oraindik ere hainbeste sufrimendu sortzen duen salbuespeneko espetxe politikaren auziari aterabidea emateko unea ere.

Bizkaian, oraindik orain, 91 euskal preso daude salbuespeneko legediaren menpe. Horietatik %75a bizilekutik 500kmtik gora urrunduak. Sei dira larriki gaixo dauden presoak, horietatik bi, espetxean diren beste 14 bizkaitarrekin batera, 20 urte baino gehiago daramatzate preso. Beste bi datu aipatzearren, oraindik 79 preso mantentzen dituzte lehen graduan eta zigorren batuketa ezak 17 presori kondena gehigarria ekarri die. Guzti honek, euren etxerako bidea egiteko oztopoak dakartza, egoera luzatu eta zigorra legedia ezohikoen bitartez gogortuz.

Bat gatoz ETXERATekin: Josu Urrutikoetxea euskal presoa berehala aske uzteko eskatzen dugu. Bere egoera dela eta, osasun-arreta espezializatua eta urgentea behar du, pasatzen den egun bakoitzak arriskuan jartzen baitu bere bizia

Urteetako sufrimenduaren ondorioz askatu gabe diren korapiloak eta egun oraindik indarrean den salbuespenezko espetxe politikak sortzen dituenak askatzeko unea dela aldarrikatuko dugu abuztuaren 23an. Baita, horretarako, guztion artean ekin behar diogula ere. Jendarte anitz honen parte garenon aktibazio eta konpromisoa izango baita aurrera egiteko berme bakarra; elkarbizitza eta bakearen bidean aurrera urratsak emateko eta baita preso eta iheslarien auziari aterabidea eman eta euren etxeratze prozesua dagokien moduan eman ahal izateko bermea. Elkarrekin, politika hitzetatik ekintzetara igaro dadin akuilu izango gara.

Sare ez da, presoen auzian, instituzioen edo alderdien lana ordezkatzeko jaio. Sare gizarte zibila aktibatzeko jaio da, ezarritako helburuak lortu bidean.

Datorren abuztuaren 23an Bilboko kaleetan erakutsiko dugu Gateizen eta Iruñean, hala nola, Batzar Nagusietan eta Udaletxeetan lortutako akordioek, jendartearen %85 ordezkatzen dutela.

Bertan elkartzea espero dugu. Gure izenean inork ez ditzan euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu.