Sare Herritarrak arduraz hartzen du epaia, ebazpena aldekoa dela ulertuta, baina honen irakurketari dagokionean ez da esperotakoa izan. Izan ere, giza eskubideak urratzea bermatzen duela ulertzen du Sarek, Estatu batean zein bestean oinarri berdinaren baitan betetako zigorrak kontuan hartzeari uko egiten dio, ondorioz, euskal presoek euren zigorra birritan betetzen jarraitu beharko dute, sententziak, prozedura judiziala okerra izan dela onartu arren.

Sare Herritarraren ustetan epai honek sufrimendua areagotu eta presoen auziari irtenbidea emateko urratsak baino oztopoak dakartza, mendekuan oinarritzen den lege bati aurre egin eta justiziaz jokatzeko eskatu beharrean, beste aldera begiratu eta egoera hau bere horretan mantentzea dakar.

Era berean Espainiar estatuari zigorrak luzatzea dakarren lege injustu hau bertan behera uzteko eskatzen du Sare Herritarrak, mendekua eta gorrotoa alboratu eta elkarbizitza eta bakea ahalbidetuko dituen egoera eraikitze bidean lagun izan dadin. Zentzu honetan, Espainiar kongresuko ordezkariei ere dei egiten diegu norantza honetan jardun eta europako araudiaren ezarpena aplikatzearen alde egiteko, aurrera urratsak ematearen alde ekiteko.

Sarek gogorarazi nahi du euskal jendartearen gehiengoak argi adierazi duela aurrera urratsak emateko garaia dela eta euskal presoen auziari, mendeku dinamika batetik aldenduz, irtenbidea emateko beharra dagoela elkarbizitzan oinarritzen den jendartea osatu ahal izateko. Nabarmendu du 40.000 lagun batu zirela Donostian joan den larunbatean espetxe politika hau aldatzeko nahiak batuta, orain arteko manifestaziorik anitzenean. Bide honi eutsi eta elkarrekin lanean jarraitzeko deia luzatu nahi du eta bide batez, jendarteari gaurko egunerako herrietan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera animatu.