Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekimen egin dira Bilbon eta Iruñean salbuespen neurriek euskal presoen osasunean duten eragina salatzeko.

Aste honetan urtebete da apirilean ETAk gizarte zibilaren bultzadaz armagabetzea gauzatu zuela. Gaur gaurkoz ordea, urrats honen aurrean, urteetan luzatu den mendekuzko espetxe politikak bere horretan darrai. Osasunaren Nazioarteko Eguna den honetan, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu eta euskal presoen osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu:

  • Euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politika: isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen ditu. Gaixo diren presoen kasuan gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.

  • Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu segurtasun politiken aitzakia pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.

Politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak aurten ere gora egin baitu eta horren adibide da Xabier Reyren kasua. Egun 22 dira larriki gaixo diren presoak. Sarek argi du salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean eskubide urraketa honen ondorio lazgarriei aurre egiten jarraitu beharko dugula.

Horregatik eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu, behin betikoz, presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean eta guztion bultzadaz lortu ahal izango baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea eta konponbidearen eta bakearen baitan urratsak ematea.