Aurreko larunbatean, Oier Gomez gasteiztarraren heriotzaren ostean, larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu eta Oierren kasua errepikatu ez dadin manifestazioa burutu du Sare Herritarrak Gasteizen gaur arratsaldean. Bertan, milaka lagunek egun oraindik espetxean diren 21 larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu du, “legeak jasotzen duen moduan eta mendekuzko politikak albo batera utzita” dagokien artatzea jaso ahal izateko. Sareko bozeramaileek estatuei, “larriki gaixo diren presoak, gaixotasuna berari aurre egin eta sendatze prozesua ahalbidetzeko helburuarekin” askatu behar dituztela gogorarazi diete, eta “ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean”. Honek, “heriotza zigorra” suposatzen duela azpimarratu dute, eta horixe izan dela “Oier Gomezi ezarritako zigor atxikia”.

Oierri 2012an diagnostikatu zioten kantzerra. Orduztik espetxean egin behar izan zion aurre gaixotasunari, senideengandik ehundaka kilometroetara, prozesuaren jarraipena egingo zion konfiantzazko medikurik gabe eta espetxe politika honek euskal presoei ezartzen dizkien baldintza gogorrenetan. 2017an, medikuen gaixotasuna sendaezina zela eta atzera bueltarik ez zuela jakinarazi zioten eta apirilean kondena eten zioten. Oierren kasu berean daude orain beste 21 euskal preso ere, euren gaixotasun larriei espetxean eta salbuespen neurrienpean aurre eginez. Gaurko manifestazioarekin, Sare Herritarrak, berandu baino lehen eta Oierrena azken heriotza izan dadin, larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu du, “gaixotasuna baldintza duinetan” eta garaitze bidean artatu ahal izateko eskubidea dutela gogoraraziz.

MANIFESTAZIOREN BUKAERAN IRAKURRI DEN TESTUA: 

Duela urtebete milaka pertsonek ibilbide hauxe bera egin genuen OIER GOMEZen askatasuna exijitzeko.

Orduan, lortu genuen. Oierri zigorra eten zioten, baina azken bost urteetan pairatutakoak bizitza murriztu zion. Ordurako, gaixotasunari aurre egiteko beranduegi zen.

Izan ere, bost urte izan dira Oierrek bere gaixotasuna espetxean pairatu behar izan dituenak.

Jakin badakigu beren senide eta gertukoenen eskutik, azken urteak sufrimenduz beteak egon arren, lasai mantendu dela eta ez dela inoiz bere kideez ezta herriaz ahaztu; jaio eta hazten ikusi duen lurraz, jolas garaiko lagunez, ezta bere konpromisoa dela eta arlo politiko, sozial eta kulturalean topatutako kideez ere.

Gaur elkarrekin egiten dugu aurrera, azken urteetan Oierrek egindako aldarriekin jarraituz, gobernuei larriki gaixo diren presoen berehalako askatasuna exijitzeko.

Justizia auzitegiak ezarritako zigorrari, osasun eta bizitza eskubideak ukatzen dituen zigor inhumanoa gehitzea bidegabekeria hutsa dela adierazteko eta berehala amaitu behar dela exijitzeko.

Horrexegatik gaude gaurkoan hemen. Oierrengatik, eta baita Juan Mari Mariezkurrenagatik ere. Oierren gisara, dela aste batzuk bere gaixotasunari aurre egiteko beranduegi izanagatik zendu zena.

Beraiengatik, eta espetxean larriki gaixo dauden beste 21 euskal presoengatik. Geroz eta gehiago baitira, espetxe politika krudel honen ondorioz heriotza ziur baterantz kondenatuan izateko arriskuan dauden presoak.

Guzti honegatik, beste behin SARE Herritarrak gizatasunaz, duintasunaz eta justiziaz dihardu. Bai, justiziaz ere bai. Izan ere, deialdi hau, pertsona baten eta bestearen artean diferentziak markatuaz justizia egokitzen duten horiei ere zuzendua baitago. Hori ez baita justizia. Hori krudelkeria hutsa da.

Instituzioei ere dei egin nahi diegu, baita konfrontazioan eta enfrentamenduan igarotako urteei irtenbide bat bilatzeko helburua duten norbanako, eragile zein alderdiei ere. Ez ezazue beste albo batera begiratu euskal presoen eskubideen urraketen aurrean.

Ez utzi gorrotoa eta mendekuan oinarritutako kartzelako zigorrak gailendu daitezen. Elkarbizitza gauzatzeko espazioak eta adostasunak sortu ditzagun.

Gaurko egun hau ere, aste gutxiren buruan garai zailak biziko dituzten Txus Martin, Aitzol Gogorza eta Ibon Fernandez Iradiren euskal presoak gogora ekartzeko baliatu nahi dugu; Dagokien autoritateei, konponbidea eta bakearen aldeko erabakiak hartu ditzaten eskatzen diegu. Garai berrien egokitutako erabakiak hartu ditzaten. Larriki gaixo diren presoak beraien etxeetan artatuak izateko eskubidea dute.

Gobernuetatik eta hainbat alderdi politikoetatik etengabe esaten zaigu kartzela “askatasunaren eskola” dela, “osasun fisiko zein mentaleko arazoei aurre egiteko marko egokia” dela. SAREren ustetan, inpunitate eta zigorrerako eremu izaten jarraitzen dute. Eta horren ondorioz, espazio injustu eta krudelak.

Oierren egoera antzekoan dauden 21 preso gaixoak askatasunean egon beharko lukete, halaxe jasotzen baitu zigor-kodeak eta espetxe-araudiak. Arazoa ez dago zigor kodean ordea, ezta araudian ere. Arazoa euskal presoei era sistematikoan ezartzen zaizkien salbuespen neurrietan dago. Bere burua Estatu demokratiko eta zuzenbidezko gisa duenaren kontraesan handienetakoa da hau.

Beste behin ere esan nahi dugu, espetxe legedia betetzea ezin dela estatuaren etsitze bat bezala ulertu, gaixo larriak kaleratzea ez baita amore ematea. Barne legedia zein europarra errespetatzea besterik ez da.

DUINTASUNAREN, HUMANITATEAREN ETA JUSTIZIAREN IZENEAN, GAIXO LARRIAK ETXERA.

maitasun osoz Oier, lanean jarraituko dugu.