Ehundaka pertsona batu dira Gasteizen Jose Angel Otxoa de Eribe azkena izan behar duela exijitzeko

Jose Angel Otxoa de Eribe, Estatuko botereen estatistiketan, preso egon eta gaixotasun larri bat dela eta kaleratua izan zena.

Jendarte honen zati gero eta garrantzitsuago batentzat, Jose Angel bere etxean hil zedin aske utzi zuten euskal preso bat da. Ez zuten askatu bere gaitz larria espetxeko hormetatik at artatu ahal izateko. EZ. Ez zuten bere gaitzari aurre egin eta bizia luzatzeko askatu. EZ. Askatasuna, bere bizi esperantzak ia hutsalak zirenean baino ez zioten eman.

Gobernu honek bere egin du PPko Gobernuak bere garaian onartu zuen zirkularra; bertan, ondorengoa jasotzen zen larriki gaixo dauden presoen zegokionean “soilik heriotza ate joka dutela ziurtatzean” izango direla askatuak.

Guztiz krudela da, baina egun oraindik ere errealitate bat izaten jarraitzen du; bada hau baino zerbait zitalagorik?

Salatu nahi dugu, beste behin ere, saihestu zitekeen heriotza bat. Salatu nahi dugu ere, Jose Angelen moduan, hainbat euskal preso daudela, sendaezinak diren gaixotasunekin, euren bizia eskuetatik ihesi doakiela ikusten duten bitartean, espetxean, Gobernu espainiarraren eta Justiziaren pasibitatearen aurrean. Horren adibide da, Ibon Fernandez Iradiren kasua, beste behin ere, justiziak bere gaitzaren gaineko erabakia ebazteko epea luzatu baitu, bere egoeraren larritasuna aintzat hartu gabe, bere etxeratze prozesua eternizatuz.

Jose Angelek eta bere sendiak, gaixotasunaren gora beherez gain, urruntze politikak dakarren sufrimendu atxikiari egin behar izan diote aurre urte luzeetan zehar, mendeku bikoitza jasanez.

Ekin diezaiogun elkarrekin egoera hau aldatzeko. Atera gaitezen kalera, atera gaitezen bidera, zerrenda ilun hau zabaldu ez dadin. Eta batez ere, egin dezagun posible dena eta ezinezko dena, pertsona hauek espetxea atzean utzi eta euren gaitza etxean era duinean artatzeko aukera izan arte.

Bere burua demokratikotzat duen jendarte batek, ezin du elkarbizitzarako espazioen sorrera, gorrotoa eta mendekua oinarri dituen espetxe politika batengatik aldatu.
Aspaldidanik, espetxeak inpunitate eta zigor eremu dira.

Osasunerako eskubidea, oinarrizko eskubidea da, baina baita eskubide unibertsala ere eta errespetatua izan behar da, pertsona preso egon ala ez.

Eta osasunerako eskubide hau, larriki gaixo diren presoen kasuan, espetxearekin bateraezina da.

Tribunalek ezarritako zigorrak, askatasuna ukatzen die presoei, baina ezin die osasunerako eta, are gutxiago bizitzarako eskubidea ukatu.

Jendarte hau euskal presoen aurka ezartzen den gorroto eta mendekuarekin amaitzeko prest dago. Aurrera egiteko prest gaude.

Gorrotoari eta mendekuari ateak itxi eta askatasunari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak zabaldu nahi dizkiogu.

Lanean jarraitzeko dei egiten dizuegu. Gure herri, auzo, ikastola, unibertsitate edota frabriketan…

Eta berriro ere kalera aterako gara, beharrezkoa den bitartean.

Marisol, Asier, Garazi… ez zaudete bakarrik. Zuen herriaren maitasuna eta babes osoa duzue.

Gobernu espainiarrari azken deialdi bat eginez amaitu nahi dugu:

GIZATASUNAGATIK, DUINTASUNAGATIK, ETA LEGALITATEAGATIK, LARRIKI GAIXO DIREN PRESOAK ASKATU!

ETXEAN NAHI DITUGU ETA BIZIRIK NAHI DITUGU.