2018ko irailean Donostiako Udalak adierazpen instituzional hau onartu zuen EAJ, PSE-EE, EHBildu eta Irabazi Donostiaren babesarekin. Hauxe zioen:

“Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horiek bergizarteratze printzipioen arabera, Donostiako Udalak adierazten du ez dagoela ados urruntze espetxe politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste du espetxe-politika berri bat behar dela, hain zuzen ere presoak zigorrak gizarte eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubideen alde”.

Hemen elkartu garenok, atxikimendua adierazi nahi diogu adierazpenari. Asko gara bat egin dugun herritarrak. Denak ez ditugu aipatuko, baina batzuk aipatzearren hainbat elkarte gastronomiko, emakume-talde, langile-batzorde, aisialdi-talde, jai-batzorde, ikastetxeetako guraso-talde, elizako talde eta auzo-elkarte gaude.

24 dira urrunduak dauden donostiar presoak. Haiek ez ezik, senide eta lagunok sufritzen ditugu urrunketaren ondorioak. Azken hilabeteotan Mugimendu batzuk izan dira; preso batzuk hurbildu dituzte, baina ez da nahikoa. Gaur, eta hemen, konpromiso bat hartzen dugu: guk eman dugu atxikimenduaren bidetik, norbanako eta eragile gehiagoren atxikitzea lortzea eta denon artean Donostiako euskal presoak etxean egon daitezen adierazpenari babes zabalena lortzea.

Jarduera honekin irudikatu nahi izan dugu, horren urrun dauden euskal presoak etxeratzea, Donostiara ekartzea. Eta adierazpen honi jarraiki, Donostiako Udalari ahal duen guztia egin dezala eskatzen diogu.
Elkarlanean jardun behar dugu guztiok, desberdinok batu eta bizikidetza bat lortzeko bidean, korapilo hau askatu behar dugu elkarrekin.

Orain bizikidetzaren, eta konponbidearen garaia da, orain euskal presoen garaia da.

DENOK BATERA, PRESOAK ETXERA