Baionan hasi eta Donostian amaitu da Orain Presoak bizikleta itzuliko bigarren etapa eta 60 lagun inguru batu ditu iparraldea eta hegoaldea batu dituen ibilbideak.

Atzoko etaparen ostean, Baionako Barnetegian loaldia eta gosari ederra hartuta, goizeko 09.30ak inguruan irten da Zizpa Gaztetxe paretik Donostia alderantz. Baionako hiria euri eta eguzki artean agurtu ostean, Bidarte, Biarritz, Donibane Lohitzune, Ziburu eta Hendaia atzean utzita Irunen sartu da. Bertan hainbat herritar izan dira zain, batzuk euren babesa eta animoak helarazteko eta besteak bizikleta gainean, itzulira batzeko. Animo berarekin gertatu dira ere hurrengo geldialdiak, Oiartzun eta Orereta-Errenterian. Baionatik etorritako eta bidean batutako guztiei lehen harrera Orereta-Errenterian egin diete bertako herritarrek, festa giroan murgilduta den herriak, txosnagunea eta festa gunea eskaini die bizikletan gerturatu diren guztiei. Bertan herriko bi kidek bertsoa eta irakurketa eskaini dute eta ostean guztiok batera bazkadu dute.

Arratsaldeko txanpa 15:30etan hasi da eta Donostiara 16:00tan iritsi ostean ordubeteko itzulia egin da hiriburuaren barnean, auzoz auzo haur, gazte eta heldu batu direlarik bizkleta gainean. Zuloaga plazara iristean Sara Majarenas Orain Presoak dinamikako kideak irakurketa bertakoekin partekatu eta suziria jaurti du itzuliaren bigarren etapa honi amaiera emanaz. Aisialdiari ekin diote ostean La Jodedera taldearen eskutik lehenbizi eta Andoni Oilokiegirekin ostean. Giro ezin hobea gipuzkoako hiriburuan bihar berriro ere bizikletak hartu eta nafarroara bidea hartu aurretik indarberritzeko.