Dakizuen moduan Orain Presoak dinamikako kideok eta Bakegileak datorren larunbatean Bilbo eta Baionako kaleak beteko dituen manifestaziorako deia egin genuen duela hilabete batzuk. Gaur, Bidasoaren bi aldeetan agertu gara prentsa aurrean, manifestazioaren inguruko hainbat xehetasun emateko.

Irunen egin genuen agerraldian, aurreko urriaren 20ean Donostiako kaleak zeharkatu zituen manifestazio anitz eta zabalaren ostean, Orain Presoak dinamika eta iparraldean Bakegileek aurrera eramandako dinamikak batu eta urtarrilean egingo den manifestaziorako deia luzatu genuen. Asmoa argia da, elkarbizitza eta bakerako ezinbestekoa zaigun presoen arazoari irtenbidea emateko, ezberdinen arteko elkarrekintza oinarri, gizarte zibila aktibatzea. Bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar baitira eta horrek denon ardura eta ahalegina behar du.

Izan ere, Irunen esan genuen moduan, garai berri baten aurrean aurkitzen gara, urte luzeetan ezinezko izan ditugun aukera berriak zabaldu dizkigun garai berri baten aurrean, eta jendarte bezala aurrera egiteko probestu beharra dugu. Horretarako baina, bakoitzaren bizipen, min edota ideologiak albo batera utzi gabe, elkartzen gaituen horretan jarri behar dugu indarra, behin betikoz sufrimendu ororen sorrerarekin amaitu ahal izateko.

Batasun hau da, hain zuzen ere, datorren asteko manifestazioan agertu nahi genukeena eta bide horretan, urriaren 20ari begira egin genuen moduan, oraingoan ere norbanako, sindikatu, alderdi eta eragileei bertaratzeko gonbidapena luzatu diegu. Miramar Jauregian elkarbizitzaren alde eginiko ekitaldia eredu hartuta, arratsaldeko 16:00etan Silken Indautxu Hotelean gonbidatuentzako harrera txiki bat egingo dugu, ostean guztiok batera manifestazio burura gerturatzeko.

Gonbidapenei dagokionean, gaurkoan, lehenekoz, Bilboko manifestazio honetan sindikalgintza osoaren ordezkaritza izango dugula nabarmendu nahi dugu. Sindikatuekin batera, Donostiako manifestazioan egin moduan, beste eragile zein alderdi politikoei ere parte hartzera gonbitea luzatzen diegu, guztiok baikara beharrezkoak. Alor instituzionalean lortutako espetxe politikaren aldaketa eskatzeko adostasunek egin bezala, gizarte zibil osoa batu behar dugu Bilbo eta Baionan, horregatik alderdi eta instituzioetako kidego osoari luzatzen diegu bertaratzeko gonbitea.

Honekin batera, jakinarazi nahi dizuegu ere Herrialde Katalanetatik ordezkaritza politikoa ez ezik, preso diren politikarien senideak ere manifestazioan izango direla.

Azkenik, eta azken hilabeteetan Orain Presoak dinamikaren baitan egin dugun moduan, alor ezberdinetan lanean ari diren berrehundik gora norbanakoren atxikimenduak batzen aritu gara eta, guztiak datorren larunbateko manifestazioan egon ezin izango diren arren, bakoitzak emandako urratsa eskertu eta txalotu nahi dugu.

Beraz, Baionan eta Bilbon batuko gara datorren astean, elkarbizitzan bizitzeko dugun nahia eta bakerako dugun desira oinarri, etorkizun hobe bati ateak zabaltzeko. Baina baita, espainiar eta frantziar estatuei oraindik bake justu eta iraunkor baterako baldintzak ez direla bete esateko, horretarako, espetxe politika honekin amaitzea behar beharrezkoa baita.

Inor atzean utzi gabe, aurrera egin nahi dugu. Horregatik, gaurko azken hitzak ere, datorren larunbatean Bilbon eta Baionan egingo den manifestaziora herritar oro gonbidatzeko probestu nahi dugu. Urtarrilak 12, larunbata, arratsaldeko 17:00etan Bilboko La Casilla edo Baionako Errepublika plazan elkartuko gara.