Berriak

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosen aldeko botoekin, Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den presoaren etxeratzearen aldeko adierazpena

Gaur goizean, Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den presoaren etxeratzearen aldeko adierazpena onartu da, aho batez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosen aldeko botoekin (PPko ordezkaritzarik ez da izan Batzordean). Adierazpenean, Ibon Fernandez Iradiren osasun eskubidearen eta giza eskubideen aldeko aldarria eta baita gaixotasunaren larritasuna dela eta pertsonaren duintasuna oinarri, Fernandez Iradiren etxeratzea eskatu da, berandu baino lehen, etxean artatua izan dadin.

Ibon Fernandez de Iradik esklerosi anizkoitza du. Duela 8 urte hasi zen gaixotasuna espetxean zela eta duela 6 egin zioten lehen diagnosia. Orduztik frantziar espetxeetan izan da preso. Egun Lannemezanen aurkitzen bere gaitzaren aurrean Pariseko Auzitegiak epaiketa data ezartzearen esperoan.

Gaurko Giza Eskubideen Batzordean, Ibonen ama eta emaztea izan dira, Sareko kideekin batera. Bertan, Ibonen egoeraren larritasunaren berri eman diete gerturatutako prentsako kideei. Ainara Fresnera, Ibonen bikoteak, duela urtebetetik atzeratzen ari den epaiketaren zain direla adierazi du, Ibonen egoera larritasuna aintzat hartu eta etxean artatua izateko erabakia hartuko dutenaren esperoan. Adierazi duenez, Ibonen gaitza dela eta, espetxean ugaltzen diren birusak hartzeko erraztasuna du eta edozein gaixotasunek (azken hilabeteetan jasan behar izan dituen gastronteritisa edota gripea kasu) esklerosiak sortzen dizkion min eta dolentziak areagotzen dizkio. Espetxea birus eta gaitzen foko handia izanik, Ibonek egoera gogorrak pairatzen dituela salatu du.

Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak, egun, espainiar zein frantziar espetxeetan larriki gaixo diren 21 preso daudela ohartarazi du eta, legeak jasotakoa betez, preso hauen gaitzak atzera bueltarik ez eta sendaezinak direnean askatu beharrean, euren gaixotasunari baldintza duinetan aurre egiteko etxeratuak izan behar direla gogorarazi du.

Sare Herritarrak eta baita Ibon Fernandez Iradiren senideek ere positiboki baloratu dute gaurko adierazpena aho batez onartu izana eta presoen auziari aterabidea emateko instituzioen babesa eta bultzada beharrezkoa dela azpimarratu dute.

>> [PDF] Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean onartutako ebazpena.


“Orain Jon Gurutz” Dinamika aurkeztu dute Etxarri Aranatzen

Berriki Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi duenez, osasun ikuspegitik begiratuta gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak 21 dira: Tartean dago patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Jon Gurutz Maiza Artola herritarra.

Hau da momentu honetan Jon Gurutzen egoera.

  • 68 urte ditu.

  • Gatazkaren ondorioz 41 urte daramatza herritik urrun.

  • 2007an Frantzian atxilotua. Ia 12 urte daramatza beraz, espetxean.

  • Estatu Frantziarrean oraindik kondena luzea du.

  • Hiru estradizio eskaera eta euro agindu bat ere badu bere kontra.

  • 12 urte hauetan hiru espetxe ezagutu ditu.

  • Momentu honetan Lannemzango espetxean dago, herritik 300km-tara

  • Jon Gurutzek gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra.

  • Patologia horiek eta duen adina ikusita, Igorrek esan bezala, Jaiki Hadi mediku elkarteak gaitz larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen zerrendan sartu berri du.

Jon Gurutzen egoeraz jabetuta lan talde bat jarri dugu martxan, eta hortaz, Jon Gurutzen askatasuna eskatzeko dinamika da aurkeztu nahi duguna. Jon Gurutzen egoeraren berri eman eta herriko eragile eta norbanakoak dinamika honen inguruan aktibatzea ditu helburu, aldarrikapen garbi batekin: konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea ezinbestekoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da.

Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok behar dugu batera bultza eta norabide horretan “Orain Jon Gurutz, gaixo dauden presoak etxera” dinamikaren aurkezpen honekin, herritarrak hemendik aurrera eginen diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Aldez aurretik eskerrik asko!!!

DENOK BATERA PRESOAK ETXERA!


Sistematikoki Euskal Presoei ukatzen zaizkien gradu aldaketen inguruko informazioa emateko agerraldia

Egun, euskal presoen %84a, espetxealdi hasieratik, lehen graduan aurkitzen da, hau da, izatez, denbora murritz baterako diseinatuta dagoen eta presoari neurri zorrotzak ezartzen dizkion graduan. Espainia mailan preso diren gainontzeko pertsonen kasuan, %2,1a baino ez dago lehen graduan. Gradu sistema, espetxealdia presoentzako birgizarteratze prozesu bat izan dadin diseinatu dago, gradu aldaketen bitartez eman beharreko prozesua. Birgizarteratzen plan horretan, presoek bide bat jarraitu behar dute, eta urteak dira, euskal presoei bideo hori jarraitzeko eskatzen zaiela Gobernutik. Horretarako urratsak emateko prest agertu ostean ordea, euskal presoei bide hori egiteko aukerak ukatu eta oztopoak ezartzen ari zaizkie espetxe zuzendaritzetatik. Eginiko eskarietatik, gutxi batzuei baino ez zaie onartu gradu aldaketa hori.  Gradu aldaketa eskatu dutenen gehiengoak ezezko borobila jaso du eskari egiterakoan. 115 eskaera egin dituzte, HIRU onartuak izan dira. 69k ezezkoa jaso dute eta 43k oraindik ez dute erantzuna jaso. Egoera, are konplikatuagoa bilakatzen da, bigarren gradua eskuratu duten apur horientzat, hirugarrena eskuratzerako orduan. Orain artean, ez da hirugarren gradua eskuratzeko aukerarik eskaini.

Salatu nahi dugu ere, Villabona eta Burgoseko espetxe zuzendaritzak izaten ari diren jarrera, bertan diren euskal presoen gradu aldaketa eskaeren aurrean, automatikoki kontrako informeak osatzen ari baitira, bide orri hau egin ahal izateko aukera oro ezabatuz, inolako argudiorik gabe. Hau onartezina dela deritzogu eta interes politiko eta ideologiko hutsetan oinarritzen dela azpimarratu.

Zentzu honetan, Marlaska ministroari gogorarazi nahi diogu, jendarte honek argi adierazi duela, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko ordua dela eta beraz, euskal presoen auziari aterabidea emateko urratsak emateko ordua. Gradu aldaketen ukazioa eta espetxe zuzendaritzetatik izaten ari diren kontrako jarrerak ez datoz Marlaskak berak eta Sanchezen gobernuak adierazitakoarekin bat. Marlaskaren ahotik entzun dugu urrunketa politikak ez dutela zentzurik, behin ETA desagertu denean. Ze zentzu dute gradu aldaketen ukazioak edota bestelako salbuespen neurrien aplikazioak? Eurek ezarritako legedia eta bide orria aplikatzeko eskatzen gabiltza, ez besterik. Gogorarazi nahi diogu ere, horren inguruan eta aurrera begira eman beharreko urratsen inguruan hitz egiteko bilera eskaria egin geniola 85.000 pertsonatik gora espetxe politika honen aldaketaren alde Bilbo eta Baionan batu ostean.

Gauza bera adierazi nahi diogu Sanchez presidenteari ere. Ostiralean apirilaren 28rako hauteskundeak deitu ostean, Gobernuan izan den hilabete hauetan eginikoaren inguruan ere hitz egin nahi baitugu. Presoen auzia askatze bidean kokatzeko intentzioa agertu zuen Sanchezek presidente postua hartzean eta Sarek era positiboan baloratu zuen jarrera aldaketa hura, era positiboan eta esperantzaz. Atzetik etorri diren hilabeteetan ordea, esperantza hori apaltzen joan da, urruntze politikarekin amaitzeko hautua hitzez adierazi duten arren, ez delako gauzatzen ari. Izan ere, hasieratik garbi adierazi dugun moduan, presoak 250kmren bueltan dauden espetxeetara mugitzea ez da, legeak jasotzen duen moduan, euren etxeetatik gertuen den espetxeetara mugitzea, eta ondorioz, ez da urruntze politikarekin amaitzea. Senideak oraindik ere 500km egin behar baidituzte astebururo eta Euskal Herrian diren espetxeetara gerturatzeko aukera erreala delako. Ondorioz, ez egitearen arrazoiak urrunketa politika ezartzearen arrazoi berari jarraitzen dio; zigor atxikia ezartzeari, ez soilik presoei, baita senideei ere. ETA desagertuta urruntze politikak ez badu inolako zentzurik, zein da, mendekua ez bada, urruntze politika hori mantentzearen arrazoia?Gehiago


Ehundaka pertsona eguraldi txarrari aurre egiten batu dira Gasteiz, Galdakao eta Donostian Oier azkena izan behar duela exijitzeko

Aurreko larunbatean, Oier Gomez gasteiztarraren heriotzaren ostean, larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu eta Oierren kasua errepikatu ez dadin manifestazioa burutu du Sare Herritarrak Gasteizen gaur arratsaldean. Bertan, milaka lagunek egun oraindik espetxean diren 21 larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu du, “legeak jasotzen duen moduan eta mendekuzko politikak albo batera utzita” dagokien artatzea jaso ahal izateko. Sareko bozeramaileek estatuei, “larriki gaixo diren presoak, gaixotasuna berari aurre egin eta sendatze prozesua ahalbidetzeko helburuarekin” askatu behar dituztela gogorarazi diete, eta “ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean”. Honek, “heriotza zigorra” suposatzen duela azpimarratu dute, eta horixe izan dela “Oier Gomezi ezarritako zigor atxikia”.

Oierri 2012an diagnostikatu zioten kantzerra. Orduztik espetxean egin behar izan zion aurre gaixotasunari, senideengandik ehundaka kilometroetara, prozesuaren jarraipena egingo zion konfiantzazko medikurik gabe eta espetxe politika honek euskal presoei ezartzen dizkien baldintza gogorrenetan. 2017an, medikuen gaixotasuna sendaezina zela eta atzera bueltarik ez zuela jakinarazi zioten eta apirilean kondena eten zioten. Oierren kasu berean daude orain beste 21 euskal preso ere, euren gaixotasun larriei espetxean eta salbuespen neurrienpean aurre eginez. Gaurko manifestazioarekin, Sare Herritarrak, berandu baino lehen eta Oierrena azken heriotza izan dadin, larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu du, “gaixotasuna baldintza duinetan” eta garaitze bidean artatu ahal izateko eskubidea dutela gogoraraziz.

MANIFESTAZIOREN BUKAERAN IRAKURRI DEN TESTUA: 

Duela urtebete milaka pertsonek ibilbide hauxe bera egin genuen OIER GOMEZen askatasuna exijitzeko.

Orduan, lortu genuen. Oierri zigorra eten zioten, baina azken bost urteetan pairatutakoak bizitza murriztu zion. Ordurako, gaixotasunari aurre egiteko beranduegi zen.

Izan ere, bost urte izan dira Oierrek bere gaixotasuna espetxean pairatu behar izan dituenak.

Jakin badakigu beren senide eta gertukoenen eskutik, azken urteak sufrimenduz beteak egon arren, lasai mantendu dela eta ez dela inoiz bere kideez ezta herriaz ahaztu; jaio eta hazten ikusi duen lurraz, jolas garaiko lagunez, ezta bere konpromisoa dela eta arlo politiko, sozial eta kulturalean topatutako kideez ere.

Gaur elkarrekin egiten dugu aurrera, azken urteetan Oierrek egindako aldarriekin jarraituz, gobernuei larriki gaixo diren presoen berehalako askatasuna exijitzeko.

Justizia auzitegiak ezarritako zigorrari, osasun eta bizitza eskubideak ukatzen dituen zigor inhumanoa gehitzea bidegabekeria hutsa dela adierazteko eta berehala amaitu behar dela exijitzeko.

Horrexegatik gaude gaurkoan hemen. Oierrengatik, eta baita Juan Mari Mariezkurrenagatik ere. Oierren gisara, dela aste batzuk bere gaixotasunari aurre egiteko beranduegi izanagatik zendu zena.

Beraiengatik, eta espetxean larriki gaixo dauden beste 21 euskal presoengatik. Geroz eta gehiago baitira, espetxe politika krudel honen ondorioz heriotza ziur baterantz kondenatuan izateko arriskuan dauden presoak.

Guzti honegatik, beste behin SARE Herritarrak gizatasunaz, duintasunaz eta justiziaz dihardu. Bai, justiziaz ere bai. Izan ere, deialdi hau, pertsona baten eta bestearen artean diferentziak markatuaz justizia egokitzen duten horiei ere zuzendua baitago. Hori ez baita justizia. Hori krudelkeria hutsa da.

Instituzioei ere dei egin nahi diegu, baita konfrontazioan eta enfrentamenduan igarotako urteei irtenbide bat bilatzeko helburua duten norbanako, eragile zein alderdiei ere. Ez ezazue beste albo batera begiratu euskal presoen eskubideen urraketen aurrean.

Ez utzi gorrotoa eta mendekuan oinarritutako kartzelako zigorrak gailendu daitezen. Elkarbizitza gauzatzeko espazioak eta adostasunak sortu ditzagun.

Gaurko egun hau ere, aste gutxiren buruan garai zailak biziko dituzten Txus Martin, Aitzol Gogorza eta Ibon Fernandez Iradiren euskal presoak gogora ekartzeko baliatu nahi dugu; Dagokien autoritateei, konponbidea eta bakearen aldeko erabakiak hartu ditzaten eskatzen diegu. Garai berrien egokitutako erabakiak hartu ditzaten. Larriki gaixo diren presoak beraien etxeetan artatuak izateko eskubidea dute.

Gobernuetatik eta hainbat alderdi politikoetatik etengabe esaten zaigu kartzela “askatasunaren eskola” dela, “osasun fisiko zein mentaleko arazoei aurre egiteko marko egokia” dela. SAREren ustetan, inpunitate eta zigorrerako eremu izaten jarraitzen dute. Eta horren ondorioz, espazio injustu eta krudelak.

Oierren egoera antzekoan dauden 21 preso gaixoak askatasunean egon beharko lukete, halaxe jasotzen baitu zigor-kodeak eta espetxe-araudiak. Arazoa ez dago zigor kodean ordea, ezta araudian ere. Arazoa euskal presoei era sistematikoan ezartzen zaizkien salbuespen neurrietan dago. Bere burua Estatu demokratiko eta zuzenbidezko gisa duenaren kontraesan handienetakoa da hau.

Beste behin ere esan nahi dugu, espetxe legedia betetzea ezin dela estatuaren etsitze bat bezala ulertu, gaixo larriak kaleratzea ez baita amore ematea. Barne legedia zein europarra errespetatzea besterik ez da.

DUINTASUNAREN, HUMANITATEAREN ETA JUSTIZIAREN IZENEAN, GAIXO LARRIAK ETXERA.

maitasun osoz Oier, lanean jarraituko dugu.


Oier azkena izan dadin, gizarte zibilari dei egin nahi diogu, larunbatean, Gasteizen egingo dugun Manifestazioan parte hartzera

Gaur, gizarte zibilari dei egiteko batu gara, igaro berri den larunbatean jazotakoa berriro sekula errepika ez dadin. Gasteiztarrontzat, asteburu lazgarria izan da. Oier Gomez herrikidea hil zaigu, hainbat urtez gaixo egon ostean. Heriotza honek, ordea badu sufrimendu atxiki bat gehitzen dion zergatia; egungo espetxe politika eta giza eskubideen urraketa. Oierri Hodking linfoma bat diagnostikatu zioten 2012. urtean, espetxean zela. Orduztik espetxean egin behar izan zion kantzerrari aurre, senide eta lagunengandik urrundua, konfiantzazko medikuen artatzerik gabe eta euskal presoei atxikitzen zaizkien espetxe baldintza berezituekin. Baldintza horietan, gaixotasunak okerrera egin zuen eta 2017ko urtarrilean gaixotasunak atzera bueltarik ez zuela eta sendaezina zela adierazi zioten medikuek. 2017ko apirilean, ETAren armagabetzearen ostean, Pariseko tribunalak kondena eten zion eta orduztik Lapurdiko hiriburuan igaro zituen azken egunak.

Oierri espetxealdiak heriotza zigorra ekarri dio. Kantzerra jasan duen edonork daki gaixotasunaren artatzea baldintza ahalik eta onenetan jasotzearen garrantzia zein den; senideen eta lagunen babesa gertu izanez, kasua ongi ezagutzen duen eta konfiantza osoa duen mediku baten jarraipena jasoz eta gaixotasuna gainditzeko eta berari indarrez aurre egiteko baldintzak lagun izanik. Oierri ordea horretarako aukera ukatu zioten. Oierrek bizitako egoera bera pairatzen dute egun oraindik 21 euskal presok: kantzerra, esklerosia, eskizofrenia paranoidea, desoreka depresiboa, hernia diskala, hiesa, bihotzeko gaitz larriak eta baita ikusmen arazoak ere...

Larriki gaixo diren presoak ahalik eta artatze egokiena jasotzeko eskubidea dute. Pairatzen duten gaixotasuna gainditzeko ahalegin handiena eta aukera gehien izango dituzten baldintzetan artatze lanak jaso ahal izatekoa. Eta ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean, sendaezina denean, kaleratuak izatekoa, horrek, heriotzera zigortzea suposatzen baitu.

Horregatik, Oier azkena izan dadin, gizarte zibilari dei egin nahi diogu, datorren larunbatean, otsailak 2, Gasteizen arratsaldeko 17:00etan Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Larriki gaixo dauden presoen espetxealdia eten eta dagozkien baldintzetan euren gaixotasunari aurre egiteko artatzea jaso dezaten. Finean, euskal presoen osasun eskubidearen alde, sufrimendu atxikiarekin amaitzearen alde, heriotza zigorraren aurka eta elkarbizitzan aurrera egin ahal izatearen alde batzeko deia egin nahi dizuegu gaur.

Gaurko tarte hau ere, larriki gaixo diren beste hiru presoren egoeraren inguruan aipamena egiteko baliatu nahi dugu:

Batetik, agerraldi hau probestuz, larunbat eguerdi honetan Galdakaoko herrian ere, Txus Martin larriki gaixo den presoaren egoera salatu eta bere kaleratzea eskatzeko Txus Martinen aldeko Plataformak deituta manifestazioa egingo dela jakinarazten dugu, eta bertaratzeko deia luzatu. Txus Martinek eskizofrenia paranoidea eta antsietate desoreka orokortua du eta bakartua egoteak nahasmena okertzen dio. Horrez gain, bihotzeko gaitza ere diagnostikatu diote.

Bestetik, gogorarazi, Ibon Fernandez de Iradik, laster epaiketa izango duela. Ibonek esklerosi anizkoitza du, gaitz degeneratibo, sendaezin, kroniko eta progresiboa. Epaiketa honen aurrean, Fernandez de Iradiren osasun egoera aintzat hartu eta espetxealdia eteteko eskaria egiten dugu, bere gaitzari dagokion moduan aurre egin ahal izateko.

Azkenik, Aitzol Gogortzaren kasuari aipamena egin nahi genioke. Aitzolek eboluzio kronikoa eta ezgaitasunezkoa duen obsesio konpultsio desoreka eta desoreka depresiboa du. Suizidio arrisku larria dela eta, medikuen gomendioz, espetxetik kanpo egoteko beharra ezinbestekoa da.

Txus, Ibon eta Aitzolen kasuak benetan larriak dira, baina baita beste 18 euskal presoenak ere. Horregatik, eta Oierren heriotzak, espetxe politika honen azken ondorio krudel eta mingarria izan behar duelako, larunbat honetan, 12:00etan Donostian eta 13:00etan Galdakaon egingo diren mobilizazioetan eta, bereziki, 17:00etan Gasteizko Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.


Oier Gómez preso ohi gasteiztarra zendu da

Gaur Oier Gomez gasteiztarra zendu da. SARE Herritarrak bere doluminak bidali nahi dizkie Oierren senide eta lagun guztieu. Oier 2017ko apirilean askatu zuten pairatzen zuen gaixotasuna sendaezina zelarik. Oierrek bere gaixotasuna era egokian, konfidantzazko profesionalekin eta senideen alboan artatua izateko eskubidea zuen. Sarek larriki gaixo diren preso guztiak beraien gaitzak sendatzeko espetxetik atera behar dituztela gogorarazi nahi du, ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean, heriotzera kondenatuak. Espainiar eta frantziar gobernuei bide honetan pausoak emateko eskatzen diogu eta sufrikario guztiekin amaitzeko.


Izadi jaio da Espetxean, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba.

Motxiladun haur gisa izendatu ditugun, ama, aita edo bi gurasoak espetxean dituzten umeek bizi duten errealitate gordina jendarteratzeari ekin zion Sarek iaz.

Ama-aita espetxean duten haur-nerabeek zigor hirukoitza pairatzen dute; egunerokoan ama-aita presoarekin egon ezina, guraso presoei aplikatzen zaien ez ohiko legedia eta araudia dela eta etxera etorriko direnaren esperantzaren ukazioa eta eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak. Errepidean astero bizitza arriskuan jartzera kondenatzen dituzte motxiladun haurrak ere; horren erakusle, duela aste batzuk Gari Aspiazu euskal presoaren bikotekide eta haien 23 hilabeteko semeak etxetik 665kmra izandako istripua.

Gaur ohar honen bidez espetxean jaio den beste haur baten berri eman nahi dugu. Urtarrilaren 23an jaio zen Izadi; Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba. Duela hilabete batzuk Alicanteko Villena espetxetik Valentziako Picassent espetxera lekualdatu zituzten bi presoak eta Valentziako ospitalean jaio da txikia.

Sarek Izadik bere gurasoekin Euskal Herrian egon behar duela adierazi nahi du eta ez espetxean dauden beste 4 umeak bezala euren herritik 500-600kmtara. Izadiren etorrerarekin 5 dira espetxe barruan bizi diren umeak; horietako bat gainera, Aranjuezeko espetxean bakarrik dagoela nabarmendu nahi dugu eta beste 4ak Valentzian.

Espetxe politika gizagabe honek haurrek euren gurasoekin hazteko eta hezteko duten eskubidea urratzen du. Esaterako, Iñigo Gutierrezek 30 minutuz baino ezin izan du Maria eta umearekin egon. 30 minutu horiek agerian uzten dute Izadiri ukatu egiten zaiola hasi-hasieratik aitarekin behar bezalako harremana garatzea. Motxiladun umeen lanketa egiten hasi ginenetik hainbat guraso preso kalera atera badira ere, motxiladun haurren kopurua ez da ia aldatu. Izan ere, espetxe barruan zein kanpoan umeek jaiotzen jarraitzen dute eta jaiotzen diren unetik beretik ukatzen zaie gurasoekin bizi, hazi eta harreman iraunkorra izateko oinarrizko eskubidea.

Duela aste batzuk Baiona eta Bilbon argi eta ozen aldarrikatu zuen beste behin euskal jendarteak “Orain presoak!” aldarria. Espetxe politika honen amaieraren alde 85.000 lagun baino gehiago batu ziren bertan, urruntze politikak eta ezohiko legediak dakartzan sufrimendu egoerekin amaitzearen alde. Motxiladun haurren egoera ere sufrimendu horren lekuko da. Horregatik, Bilbo eta Baionan adierazi moduan, egoera hau aldatzeko beharra mahaigaineratu ekartzen dugu gaur ere, Izadiren jaiotzarekin batera. Izadik eta gainontzeko motxiladun haurrak zigor erantsia pairatzeari utzi ahal izateko jendarte osoaren bultzada behar beharrezkoa delako.


Gaur Grande Marlaska barne ministroak sakabanaketaren inguruan eginiko deklarazioak direla eta Sare Herritarrak osatutako oharra:

Gaur Grande Marlaska barne ministroak sakabanaketaren inguruan eginiko deklarazioak direla eta Sare Herritarrak osatutako oharra:

  • ETAren disoluzioaren ostean sakabanaketak zentzurik ez duela adierazi du Marlaskak. Grande Marlaskaren hitzak, aurrez Pedro Sanchezenak bezala, positiboki baloratzen ditugu. Urteetan esan dugun moduan, sakabanaketa ez da legean oinarritutako neurri bat izan, euskal presoei zigor gehigarri gisa ezarritako salbuespen neurri bat baizik.

 

  • Deklarazioak positiboki baloratu eta esperantzaz jasotzen ditugun arren, zuhurtziaz hartzen ditugu, hitzak praktika nola bilakatzen diren ikusi beharra dago. Izan ere, Pedro Sanchezen lehen deklarazioen ostean, ikusi ahal izan dugu ekintzak ez datozela hitzekin bat, ez baitira euskalherriratzeak gauzatu.

 

  • Aurreko larunbatean Bilbon eta Baionan izaniko manifestazio jendetsuen ostean, Grande Marlaskari bilera eskaria luzatu diogu aste honetan. Zentzu honetan, hitz hauek errealitate bilakatzeko urgentziaz eta prozeduraz hitz egitea beharrezkoa ikusten dugu.

Balorazio politikoa egin dute Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarragak Bilbon, antolatze lanetan dabilen taldekide batzuen azken bilera teknikoaren ostean.

Orain Presoak dinamikaren baitan larunbat honetan antolatu den manifestazioan parte hartzeko azken deia luzatu, Bilboko manifestazioaren nondik norakoak azaldu eta balorazio politikoa egin dute Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarragak Bilboko La Bolsan, antolatze lanetan dabilen taldekide batzuen azken bilera teknikoaren ostean.

Azkarraga eta Aldezabalek bi puntu jorratu dituzte prentsaurrean:
Lehenik, azken hilabeteetako balorazio politikoa.
Bigarrenik, larunbateko antolaketari dagozkion xehetasun garrantzitsu batzuk.

Irakurketa politikoa:
Lehen puntuari dagokionez, 2018a Euskal Herriaren bake-prozesuaren bidean bereziki garrantzitsua izan dela azpimarratu dute: “aurreko maiatzean, gure herrian urte luzez min eta sufrimendua sortarazi duen indarkerietako bat behin betirako desagertu zen. Kanboko ekitaldi historiko hartan, herritar askok eta askok garai ilun bati amaiera eman zitzaiola sentitu genuen, baina jakitun izanik horrekin ez zela sufrimendu guztiarekin amaituko eta oraindik bide luzea dugula aurretik bizikidetza baketsu iraunkor bat lortzeko”.

2019a, beraz, itxaropenaren urtea dela azaldu dute, baina baita kezka adierazi ere “orain arteko aldaketa txikiak ikusita, eta aldaketa horien erritmoa ikusita, zuhurtzia eta ezjakintasunen urtea” izaten hasi dela esanaz. Horrekin batera, pasaden urtean eginiko lanaren ondorioz aurrera urratsak eman direla azpimarratu dute, adibide gisa Gasteiz zein Iruñeko Legebiltzarretan lortutako akordioak gogora ekarriz. Baina “tamalez”, aurreko abuztuan Gobernu sozialistaren ahotik entzundako “espetxe politika berriaren inguruko mezu itxaropentsu horiek, oraingoz errealitatean hitzetan besterik ez dira geratu”.

Bestalde, larunbateko manifestazioan parte hartzeko asmoa adierazi duten alderdi politikoei, eta baita sindikatu, eragile sozial eta norbanako guztiei, eskerrak eman nahi izan dizkiete eta baita “errespetu eta begirunea adierazi” bertan ez egotea erabaki duten horiei. Izan ere, “mobilizazioan egongo ez diren arren, badakigu egungo espetxe-politikaren aldaketaren alde daudela, goian aipatu ditugun akordio instituzionalak horren lekuko izanik, eta hori da garrantzitsuena” dinamikako kideentzat. Eta beraz, mobilizazioan parte hartzearen erabakia norberaren esku geratzen dela gogorarazi dute: “gutako bakoitzak, pertsona, herritar bezala, gai honen inguruan gogoeta egin eta barruak eskatzen diona egin dezala”.

“Emozioak sentitu eta esker oneko keinu eta begiradak jaso nahi badituzue ETORRI, zalantzarik gabe” esan du Aldezabalek eta aldiz, larunbata arratsaldean bere etxean geratzea erabaki duen pertsona horri, “eskatuko genioke enpatia-ariketa bat egitea eta une batez, laburra bada ere, euskal presoen senide hauen larrutan jartzea, imajinatuz nolakoa den euren sufrimendua”.

Horrez gain, alderdi politikoei zera adierazi nahi izan diete, “hauteskunde-giroan murgilduta dauden bitartean, ez dezatela presoen egoera kezkagarri hau euren arteko ika-mikak edo desadostasunak elikatzeko tresna gisa erabili”, eta euren arteko akordioen agendaren lehentasunezko gaia izan dadila, “eskubideez hitz egiten ari garelako, eta hauen barnean, giza eskubideez, hauek betearazteko konpromiso eta bermean baitatza demokrazian bizitzea”.

Puntu honekin amaitzeko, Gasteizko Legebiltzarrean Estatus berriaren testua idazten ari den lan-talde horri eskari berezi bat luzatu diote: eskubideen errekonozimenduaren bidean, salto kualitatiboa emateko garaia dela sinistuta, euskal presoen eskubide hauek ere jasota gera daitezen testuan.

Antolaketaren xehetasunak:

  • 11:00 La Bolsan goizeko deklarazioak prentsaurrean

  • 11:30 mahaingurua: Bel Pozueta (Adur Ramirez de Alda preso gazte altsasuarraren ama) + Laura Masvidal (Quim Forn Kataluniako presoaren bikotekidea) + Maider Viso (Harrieta Iragi euskal presoaren bikotekidea). Joseba Azkarraga moderatzaile.

  • 16:00 Gonbidatuen harrera Hotel Silken Indautxun. Zuzenean emitituko da gure sareetatik, eta aukera emango zaio nahi duen guztiari (komunikabide, blogari, eta bestelako plataforma digitalei) esteka hartu eta zuzenean emateko. Emisio honetan ordezkari politiko, sindikal eta sozial desberdinen deklarazioak ere emango dira, bai hoteleko harrerari dagozkionak eta bai manifestazioan bertan egingo direnak.

  • 17:00 manifestazioaren hasiera La Casillan

  • 17:30-18:00 manifestazioa gelditu eta deklarazioak Zabalburun

  • 18:30-19:00 Ekitaldia Udaletxean


Datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan sindikalgintza osoaren ordezkaritza egongo da

Dakizuen moduan Orain Presoak dinamikako kideok eta Bakegileak datorren larunbatean Bilbo eta Baionako kaleak beteko dituen manifestaziorako deia egin genuen duela hilabete batzuk. Gaur, Bidasoaren bi aldeetan agertu gara prentsa aurrean, manifestazioaren inguruko hainbat xehetasun emateko.

Irunen egin genuen agerraldian, aurreko urriaren 20ean Donostiako kaleak zeharkatu zituen manifestazio anitz eta zabalaren ostean, Orain Presoak dinamika eta iparraldean Bakegileek aurrera eramandako dinamikak batu eta urtarrilean egingo den manifestaziorako deia luzatu genuen. Asmoa argia da, elkarbizitza eta bakerako ezinbestekoa zaigun presoen arazoari irtenbidea emateko, ezberdinen arteko elkarrekintza oinarri, gizarte zibila aktibatzea. Bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar baitira eta horrek denon ardura eta ahalegina behar du.

Izan ere, Irunen esan genuen moduan, garai berri baten aurrean aurkitzen gara, urte luzeetan ezinezko izan ditugun aukera berriak zabaldu dizkigun garai berri baten aurrean, eta jendarte bezala aurrera egiteko probestu beharra dugu. Horretarako baina, bakoitzaren bizipen, min edota ideologiak albo batera utzi gabe, elkartzen gaituen horretan jarri behar dugu indarra, behin betikoz sufrimendu ororen sorrerarekin amaitu ahal izateko.

Batasun hau da, hain zuzen ere, datorren asteko manifestazioan agertu nahi genukeena eta bide horretan, urriaren 20ari begira egin genuen moduan, oraingoan ere norbanako, sindikatu, alderdi eta eragileei bertaratzeko gonbidapena luzatu diegu. Miramar Jauregian elkarbizitzaren alde eginiko ekitaldia eredu hartuta, arratsaldeko 16:00etan Silken Indautxu Hotelean gonbidatuentzako harrera txiki bat egingo dugu, ostean guztiok batera manifestazio burura gerturatzeko.

Gonbidapenei dagokionean, gaurkoan, lehenekoz, Bilboko manifestazio honetan sindikalgintza osoaren ordezkaritza izango dugula nabarmendu nahi dugu. Sindikatuekin batera, Donostiako manifestazioan egin moduan, beste eragile zein alderdi politikoei ere parte hartzera gonbitea luzatzen diegu, guztiok baikara beharrezkoak. Alor instituzionalean lortutako espetxe politikaren aldaketa eskatzeko adostasunek egin bezala, gizarte zibil osoa batu behar dugu Bilbo eta Baionan, horregatik alderdi eta instituzioetako kidego osoari luzatzen diegu bertaratzeko gonbitea.

Honekin batera, jakinarazi nahi dizuegu ere Herrialde Katalanetatik ordezkaritza politikoa ez ezik, preso diren politikarien senideak ere manifestazioan izango direla.

Azkenik, eta azken hilabeteetan Orain Presoak dinamikaren baitan egin dugun moduan, alor ezberdinetan lanean ari diren berrehundik gora norbanakoren atxikimenduak batzen aritu gara eta, guztiak datorren larunbateko manifestazioan egon ezin izango diren arren, bakoitzak emandako urratsa eskertu eta txalotu nahi dugu.

Beraz, Baionan eta Bilbon batuko gara datorren astean, elkarbizitzan bizitzeko dugun nahia eta bakerako dugun desira oinarri, etorkizun hobe bati ateak zabaltzeko. Baina baita, espainiar eta frantziar estatuei oraindik bake justu eta iraunkor baterako baldintzak ez direla bete esateko, horretarako, espetxe politika honekin amaitzea behar beharrezkoa baita.

Inor atzean utzi gabe, aurrera egin nahi dugu. Horregatik, gaurko azken hitzak ere, datorren larunbatean Bilbon eta Baionan egingo den manifestaziora herritar oro gonbidatzeko probestu nahi dugu. Urtarrilak 12, larunbata, arratsaldeko 17:00etan Bilboko La Casilla edo Baionako Errepublika plazan elkartuko gara.