Albisteak

OHARRA Jonan Fernandezek, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean

Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean (euskal preso guztiak inolako aurre baldintzarik gabe EHko espetxeetara hurbiltzea, edota Logroño, Burgos eta Santoñako espetxeetara), Saretik jakinarazi nahi dugu:

  • Batetik, Sarek ez zuela aurrez proposamen berri honen berri eta, beraz, notizia ezagutu orduko, Jonan Fernandezi bilera eskaria egin diogula proposamena sakon ezagutu eta baloratu ahal izateko, eta, era berean, gure jarduera-eremuan garatu duguna eta garatuko duguna transmititu ahal izateko, kontuan hartuta egungo espetxe-politikari amaiera emateko herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean lortu diren adostasun zabalak. Gure ustez, horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu, betiere eman beharreko urratsetan beharrezkoa izango ohi den diskrezioa ahaztu gabe.
  • Bestalde, Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren adierazpenak entzun ondoren, lehen inpresio bat ere helarazi nahi dugu.

Horretarako, funtsezkoa da aldez aurretik PP eta PSOEko gobernuei aurkeztutako planak kontuan hartzea.

Alde horretatik, Sare Herritarrak interes handiz hartu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera berria, euskal presoei aplikatzen zaien urruntze-politikari dagokionean.

Balioan jarri nahi dugu ere gizarte zibilaren garrantzia helburu horiek lortze bidean. Eusko Jaurlaritzak, 80.000 pertsona baino gehiagok, beste urte batez, Bilbon eta Baionan espetxe-politika berri bat eskatu eta lau egunera, aurreko jarrera aldatu izanak berretsi egiten du gizarte-mobilizazioaren beharra eta garrantzia helburu hori lortzeko bidean.

Aurrekoetan, Sarek, beharrezko errespetu instituzionaletik, aurreko plan horiekiko bere desadostasuna adierazi izan du. Plan horietan, Eusko Jaurlaritzak euskal presoak 250 km-ra hurbiltzea proposatu izan dio Espainiako gobernuari. Orduan esan genuen moduan, hori ez da urruntze-politikari amaiera ematea, eta horregatik pozten gara posizio aldaketa honetaz, hainbatetan adierazi duguna berresten baitu, alegia, urruntze politikaren amaiera ezin dela izan ezein lege, arau edo erregelamendutan jasota ez dauden baldintza eta eskakizunen trukean beteko den zerbait.

Nolanahi ere, espero dugu proposamen hau beste instantzia batzuetan interesarekin hartzea, eta urruntze-politikaren amaiera helburu garrantzitsua dela ahaztu gabe, zuzenean eragiten baitio familien kolektiboari, aukera hau probestu nahi genuke, era berean, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utzi eta euskal presoen kolektiboari ezartzen zaion salbuespen-legeriarekin amaitzea ere lehentasunen agendan egon behar duela esateko.

Esan dugun bezala, Sarek, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariari biltzeko eskaria egin dio, helburu horiek lortzeko egiten ari garen urratsak azaltzeko. Gure ustez, arlo honetan batera lan egitea da euskal gizarteak eskatzen diguna, betiere behar den diskrezioarekin.


Igandean "Motxilak Gora" ikuskizuna antolatu dugu Donostiako Atano pilotalekuan

Urtarrilaren 19an Donostiako Atano pilotalekuan egingo dugun “Motxilak gora” ekitaldira gonbidatu nahi zaituztegu. Egun horretan Xuak 3 urte beteko ditu eta Atanon elkartuko garenok Zorionak Xua! Abestuko diogu. Haurrek urteak betetzen dituzten eguna pozgarria, koloretsua eta alaia izaten da. Hortxe aritzen dira txikiak euren urtebetetze egunerako falta diren loak ilusioz eta urduritasunez kontatzen. Xuaren hirugarren urtebetetzeak, ordea, badu berezitasun handi bat.

Xua 2017ko urtarrilaren 19an jaio zen Valentzian. Ordutik Picassenteko kartzelan bizi izan da bere amarekin, eta aita ere espetxe berean preso duenez, bisitetan egoten da berarekin. Datorren igandean 3 urte beteko ditu eta Sara eta Izarren kasuan ongi ikasi genuen moduan, Espetxe legediak hala aginduta, ezin izango du amarekin espetxe barruan bizitzen jarraitu. Igandetik aurrera beraz, Xua motxiladun haur bilakatuko da, eta gurasoekin hilean behineko bisitetan soilik egon ahal izango du. Horretarako gainera, Usurbildik Valentziarainoko 600km-ko bidaia luzea, arriskutsua, aspergarria eta garestia egitera behartuko dute.

Guk igandean Xuari zorionak abesteaz gain, bere gurasoak, Olatz eta Patxi ere Xuarekin batera Usurbilen, etxean nahi ditugula aldarrikatuko dugu. Izan ere, hori ez da Xuak amestutako edo asmatutako ezinezko ipuina. Olatz eta Patxi etxean egotea, legedia betetzea soilik litzateke; legedi arrunta aplikatuta posiblea baita baldintzapeko askatasunean Xuarekin batera etxeratzea, biek zigorraren 3/4a beteta dute eta.

Motxilak gora diogu. Garaia delako herri honetan oraindik ere etxe askotan mantentzen den sufrimenduarekin bukatzeko. Gaur egun 18 urte arteko 102 motxiladun haur-nerabe ditugu Euskal Herrian eta konbentzimendu osoz diogu, garaia dela eta posiblea dela motxila horien zamarekin bukatzea.

Errealitate hau aldatzea posible da. Horretarako, beharrezkoa da euren gurasoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak eta salbuespen legedia bertan behera uztea. Euren gurasoak etxeratze bidean lehentasunezkoa da gurasoak Euskal Herriko kartzelatara ekartzea. Bestetik, preso gehienak lehenengo graduan daude; espetxeko erregimen itxi eta zorrotzenean. Beharrezkoa da lehenengo graduarekin amaitzea, horrek edozein presori legez dagozkion espetxe baldintzak jasotzea oztopatzen baitu; hala nola, zigorraren ¼ betetzean, egun batzuetarako irteera baimenak eskuratzeko aukera, zigorraren ¾ betetzean baldintzapeko askatasuna, hirugarren graduarekin eguna kanpoan pasa eta espetxera lotara bakarrik joatea…

Motxiladun haurren gaia kaleratzen hasi ginenean salatzen genuen moduan, haur-nerabe hauei noizbait gurasoak etxean izateko esperantzarako eskubidea ere ukatu egiten zaie eta bada garaia horri buelta eman eta etxeratze bidea ikusten hastekoa. Nola? Eurekin egoteko egin beharreko bidaia luzeekin bukatuz lehenik, eta egun zehatzetan, urtebetetzeetan, Gabonetan… baimenekin etxean izanez, eta azkenik baldintzapeko askatasunarekin edo hirugarren graduan.

Horregatik, haur hauek gurasoekin bizitzeko eskubidea dutelako, eta aipatutako baldintzak betearaztea guztion ardura delako, Igandean hurbil gaitezen txiki eta handi Atanora. Bertan, dantza, musika, magia… denetarik ikusteko aukera izango dugu. Xua Euskal Herrian biziko delako oso pozik gaude eta guk komunitatean, taldean sinesten dugunez, badakigu Xua alai eta babestuta egongo dela; baina Olatz eta Patxik eta gainontzeko guraso guztiak ere Euskal Herrian nahi ditugu.

Asteburuan 80.000 pertsona atera ginen kalera Bilbo eta Baionan. Euskal jendartearen mezua eta aldarria argia da; bada garaia preso eta iheslarien auzia konponbidean jartzeko. Guztioi dagokigu salbuespen legediarekin amaitu eta, legedi arrunta oinarri hartuta, presoen etxeratze prozesua gauzatu dadin bidea egitea. Beraz, zatoz igandean Atanora! Jaurti ditzagun motxilak gora! Hau hauek merezitako etorkizuna izan dezaten.

🎟 Sarrerak salgai: https://bit.ly/2sPpEjk


📺 ZUZENEAN | Euskal presoen eskubideen aldeko Manifestazioa Bilbon #OrainPresoak #U11Bilbo

ZUZENEKO EMISIOA 

URTARRILAK 11 ENERO DEIALDIAK 

11:15 La Bolsa (Alde Zaharra)

Mahaingurua – Mesa Redonda

>> Derechos / Libertades <<

🗣️Antoni Bassas (Kazetaria)

🗣️Pili Kaltzada (Kazetaria)

🗣️Javier Sadaba (Filosofoa)

Moderadoratzailea: Joseba Azkarraga (Sare Herritarra)

15:30 Zuzeneko saioaren hasiera. (gazteleraz) Euskaraz ikusteko: Hamaika telebista
17:00 manifestazioaren hasiera La Casillatik 

ORDEZKARI ETA GONBIDATU NAGUSIEN ZERRENDA 

  • EH Bildu: Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Bakartxo Ruiz
  • Elkarrekin-Podemos: Josetxo Arrieta, Eneritz de Madariaga eta Andeka Larrea
  • ELA: Mikel Lakuntza, Joseba Villareal, Leire Txakartegi
  • LAB: Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo, Maider Jauregi
  • CCOO: Jone Robledo, Alfonso Rios
  • UGT: Dani Gonzalez, Iñaki Gonzalez
  • Steilas: Xabin Arrizabalaga, Nagore Iturrioz, Ana Perez
  • HIRU
  • ENHE-Etxalde
  • ESK: Isa Garcia, Txejo Ortega
  • CNT: Arantza Burgoa, Kepa Bermejo, Galder Anton
  • ERC: Núria Picas (diputada al Parlament) i Isaac Peraire (vicesecretari general)
  • JxCat: Eduard Pujol (portavoz diputado al Parlament)
  • CUP: Albert Botran
  • Puyalon (Aragon)
  • Rosa Rodero (ETAren biktima)
  • Axun Lasa (GALen biktima)
  • Pili Zabala (GALen biktima eta Parlamentaria EAEn)
  • Ainhoa Aznarez (Parlamentaria Nafarroan)
  • Gemma Zabaleta (Kontseilari ohia)
  • Esther Larrañaga (Kontseilari ohia)
  • Javier Sádaba (filosofoa)
  • Dani Arranz (Ex Gobernador Civil)

JASOTAKO BESTELAKO ATXIKIMENDUAK 
Carles Puigdemont, Juan Jose Ibarretxe, Carlos Garaikoetxea, Paul Rios, Carod Rovira, Jordi Cuixart, Txell Bonet, Kike Amonarriz, Andoni Aizpuru, Xabier Eguzkitze, Laura Perez, Iker eta Eneko Pou anaiak, Jose Angel Iribar, Felix Arrieta, Asier Sota,

 


ALDERDI, SINDIKATU ETA ERAGILEEN OHARRAK


SAREk agerraldia egin du Bilboko manifestazioaren atarian. "Espainiako Gobernu berriari: Orain ez bada, noiz? Orain da unea"

Azken agerraldi hau, Euskal Herrian urtero egin ohi den manifestazio jendetsuena hasteko 48 ordu baino falta ez diren honetan, egun aldarrikatzaile honen baitako hainbat informazio emateko deitu dugu.

Baina, jakitun izanda duela bi egun eskas Madrilen Diputatuen Kongresuan Gobernu presidente berria izendatu dutela, honek duen garrantzia politika aintzat hartuta, ezin ezer esan gabe geratu.

Pasaden azaroaren 30ean, Miramon Parke Teknologikoan eginiko agerraldi batean, Madrileko Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdiei eskari eta galdera bat luzatu genien:

Eskari hau izan zen, eta honek izaten jarraitzen du; euskal diputatuen bozkek legealdi honetan izango duten garrantzia kontuan izan da, bozka hauek presoen egoera eta giza eskubideen urraketarekin amaitzeko beharra akordioen agendan txertatzeko erabiliak ere izan daitezela.

Eta galderak ere bera izaten jarraitzen du, bai euskal alderdientzat, baita presidente berriarentzat ere; ez bada orain, noiz?

Ez dakigu baikorrak izatea bertutea edo gabezia den, baina, edozein kasutan, badugu esperantza gauzak, eremu honi dagokionean, aldatuko direnarena. Hala behar luke, behinik behin.

Izan ere, Gobernu berri hau osatu duten bi alderdi nagusiek, hemen, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, espetxe politika hau aldatzeko borondatea behin eta berriro erakutsi dute azken urtean onartu diren adierazpen anitzetan. Honi, Gobernu honen aldeko bozka eman edota abstentzioaren bitartez ahalbidetu duten alderdien izaera gehituz gero, alderdi katalan eta euskaldunak kasu, elkarbizitzaren eta bakearen alde zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude. Horregatik, gaur, are enfasi gehiagorekin, galdera bera errepikatzen dugu; orain da unea, izan ere, orain ez bada, noiz?

Datorren larunbatean milaka eta milaka pertsonak hauxe bera aldarrikatuko dute Bilbo eta Baionako kaleetan. Euskal instituzioek, gehiengo politikoak eta gehiengo sindikalak onartu duten bera aldarrikatuko dugu. Hori hala, jendarte honen gehiengo zabalaz mintzo garela kontuan izanda, Madrileko Gorteetan dauden euskal diputatuei, larunbatean Bilboko zein Baionako kaleetan entzungo den aldarria beren egitea eskatzen diegu.

Aukera ezinhobe baten aurrean gaude. ETAk urte eta erdi baino gehiago darama deseginda. Euskal politikagintzan akordio sendoak lortu dira espetxe politikaren aldaketaren harira. Eraman diezaiogun aldaketa nahi hau Gobernu berriari.

Urteetako minari amaiera emateko ordua da. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da. Elkarbizitzen den jendarte bat osatzeko unea da. Giza Eskubideen errespetuan eta akordioetan oinarrituko den jendarte bat eraikitzeko ordua da.

Hau da, aurtengo urtean gure buruari ezartzen diogun helburua larunbatean, arratsaldeko 17:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazio honetan. Amaiera Bilboko Udalean izango da eta bertan Asun Lasa eta Rosa Rodero, GAL eta ETAko biktimak izango dira manifestua irakurriko dutenak.

Beste urte batzuetan egin izan dugun moduan, urtarrilaren 11ean ez dugu soilik manifestazioa antolatu, berau ekintza nagusia izan arren, beste bi ekimenen berri ere eman nahi dizuegu:

1) Batetik, La Bolsa, Alde Zaharreko eraikinean, goizean, 11:15etan Eskubideak eta Askatasunak izenburupean mahaingurua antolatu dugu. Bertan Antoni Bassas, kazetari katalana, ziurrenik Catalunyan gehien entzuten den kazetarietako bat; Pili Kaltzada kazetari euskalduna eta Javier Sádaba Filosofoak hartuko dute parte.
2) Bestetik, manifestazioaren aurretik, 15:30etan Silken Hotelean “emakumea espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea” ekitalditxoa antolatu dugu. Bertara politikagintzan, sindikalgintzan, giza eskubideen eta bakearen alorrean zein eragile sozial eta feministetan lanean dabiltzan hainbat emakume gonbidatu ditugu.

Ez dugu amaitu nahi, berriro ere, sortu diren benetako aldaketarako aukerak baliatzeko deia luzatu gabe; orain da unea, orain ez bada, noiz bestela? Guztion bultzada ezinbesteko dugulako espetxe politika aldatu eta jendarte gisa aurrera egiteko, datorren larunbatean 17:00etan Bilbon elkar ikustea espero dugu.


150 ostalaritza-establezimendu inguru dira "atera Bidera, Orain Presoak" ekimenari atxikimendua eta ekarpena erakutsi nahi diotenak

Gaur hainbat ostalaritza-establezimendu eta kultura-animazioko taldeek prentsaurreko eman dute Bilbon. Urtarrilaren 11n euskal presoen eskubideen alde, gatazkaren eta haren ondorioen konponbide integralaren aldeko deialdia parte hartuko dutela esateko.

Aurten, 150 ostalaritza-establezimendu inguru dira “atera Bidera, Orain Presoak” ekimenari haien atxikimendua eta ekarpena erakutsi nahi diotenak. Establezimenduak Zazpikaleetan, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta manifestazioaren ibilbidean zehar daude banatuta. Pegatina batekin identifikatuta egongo dira Taberna Laguntzaile – Orain Presoak logoarekin.

“Era berean, sei animazio-talde izango dira, esparru desberdinetakoak, eta Alde Zaharreko kaleak animazioa 12: 00etatik 14: 30era: Santutxuko txistulariak, Santutxuko gaiteroak, Bilboko trikitilari eta pandero joleak, Sare kantari, Gernikako batukada eta Zorrozako Fave de fuca Elektro-txaranga. Helburua da, gune horretara urtarrilaren 11ko manifestazio handi horretan arratsaldean parte hartzeko asmoz etorriko diren pertsona guztiak, senti daitezela gatazkaren eta haren ondorio zuzenen konponbidearen alde Euskal Herri alai dagoela horretan, une honetara arte eten den bizikidetza hori egiazkoa egiteko asmo argiarekin. Izan ere, gaur egun, euskal presoak salbuespen-politika bat aplikatzearen biktima izaten jarraitzen dute egunero, eta politika horrek oinarrizko eskubideak urratzen dizkie, ez bakarrik beraiei, baita haien senide eta lagunei ere. Ziur gaude posible dela giza eskubideen babesgabetasun eta urratze horrekin amaitzea, herri honen gehiengoak irrikatutako ebazpen horri bidea irekitzeko, behar dugun benetako bizikidetzan oinarritutako gizarte kohesionatu horretara iristea ekarriko baitu.”

Horregatik guztiagatik, dei egiten dute urtarrilaren 11 honetan egun solidario eta errebindikatzaile horretan parte hartzera, goizean jai-aldarrikapen giroz gozatuz eta arratsaldean izaera solidario-errebindikatzaile horretan.

Mahaingurua – Mesa Redonda

>> Derechos / Libertades <<

🗣️Antoni Bassas (Kazetari katalana)

🗣️Pili Kaltzada (Kazetari euskaduna)

🗣️Javier Sadaba (Filosofo bizkaitarra, Madrilen bizi dena)

Moderatzailea: Joseba Azkarraga (Sare Herritarra)

📆Urtarrilak 11 ⏰11:15 📌La Bolsa · Bilbo


Rosa Rodero, (ETAko biktima) eta Asun Lasa, (GALen biktima) izango dira Bilboko Manifestazioaren azken mezuari ahotsa jarriko diotenak.

Gaurko agerraldi honen bitartez datorren larunbatean, urtarrilak 11, Bilbon eta Baionan egingo den manifestazioaren baitako hainbat datu eman nahi ditugu.

Lehenik eta behin, euskal presoen senideei esan nahi diegu Bilbo eta Baionako manifestazioan batuko diren milaka eta milaka lagunen babesa dutela, oraindik orain indarrean den urrunketa politika krudelaren aurrean. Gaur bertan, ordu batzuen buruan, ehundaka senide eta lagunek errepidera jo beharko dute berriz ehundaka edo milaka kilómetrotara urrunduak diren euren senide presoak ikusteko.

Bigarrenez, esan; Batetik, Bilbon kalera irtengo garela, egun batzuk barru osatuko den Madrileko Gobernu berria ispilu aurrean jartzeko, estaltzen saiatzen diren errealitate hau argitara ateraz, jendartearen zati handi baten aldarriekin. Bestetik, Baionan kalera irtengo garela Gobernu frantsesari gure haserrea, deliberamendua, gure anbizioa modu berean adieraziz, aniztasun handienean, bake justu eta iraunkor bat nahi dugulako, konbentziturik presoen gaiak ez diela kalte egiten biktimei.

Orain da unea. Madrilen eratuko den Gobernu berri honen aurrean, hemen lortutako gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren adostasunak bertara eramateko. Madrileko politikariek hemen konpondu gabeko arazo bat denaren kontziente egin daitezen eta elkarbizitzarako konponbidea ezinbestekoa dela ulertzeko. Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak, ekintzak ordea ez horrenbeste.

Eta orain da unea ere Baionan kalera irtekoa, Parisekin eztabaida berrabiatzeko. Macron presidenteak 2019ko maiatzean Biarritzera etorri zenean adierazi zuen «Euskal Herria eredugarria da niretzat gatazkaren konponbidean eta armetatik ateratzeko bidean. (...). Estatuaren eginbeharra da mugimendua sustengatzea. Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu behar da». Ele ederrak sinesten dituenak engaiatzen ditu, eta lehenik eta behin ahozkatu dituztenak ditu engaiatzen! Baionan izanen gira hau adierazteko: «hitza hitz! ez dezagun historia errepika!» ez dugu etsiko ele eder horiek errealitate bihurtu arte!

Guk ere ez dugu historia errepika dadin nahi, aurrera egin ahi dugu, gure seme-alaba eta bilobentzat etorkizun hobe bat utzi. Horregatik, Baionan, traktoreak aintzinean dituztela, “Ez dezagun historia errepika araz” jasotzen duen pankarta bat eramango dute etorkizun berri baten jabedun diren generazio berriek, gure herriko gazteek. Eta Bilbon, gazteak izango dira ere manifestazioaren aurrealdean “Orain Presoak” lemapean lona handi bat eramango dutenak.

Bilboko manifestazioari dagokionean ordea, gaur, indar bereziz, manifestazioaren amaiera ekitaldian hitza hartuko duten pertsonen izena ezagutzera eman nahi dugu.

Argi dugu, elkarbizitzarako ezinbestekoa dela bai biktimen, baita presoen ekarpen, hausnarketa eta parte hartzea ezinbestekoa dela. Urte hauetan zehar eginiko bide honen baitan, iragarri nahi dugu, gatazka honen baitako biktimak ere erdigunera ekarri asmoz, herri honek jasandako indarkerien biktima diren bi emakumezkok ahotsa eman nahi izan diotela manifestazio amaieran irakurriko den testuari.

Maite duten pertsona galtzearen mina era zuzenean jasan duten bi emakumezko. Gorrotoa eta mendekuak kalte baino ez duela egiten argi dutenak. Argi dutenak ere ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edota euren mina modu alderdikoi batean erabiltzea. Eta batez ere, euren sema-alabei eta bilobei jaso zutena baino jendarte hobe bat utzi nahi dieten emakumeak. Eraiki nahi dutenak, ahanzturarik gabe, baina aurrera eginez, gorrotorik gabe.

Rosa Rodero, ETAko biktima eta Asun Lasa, GALen biktima izango dira azken mezu horri ahotsa jarriko diotenak. Elkarbizitzari egin nahi diogun ekarpenaren parte izango da beraz manifestazio amaierako ekitaldia.

Amaitzeko, adierazi nahi dizuegu Baionako eta Bilboko manifestazioa era sinbolikoan batuko dugula; Bilbokoari hasiera ematerakoan, Baionan manifestazioan presente izango diren makilen sinbologia baliatuz, testigua pasako diegu Bilbon batuta diren kideei, gure manifestaldia amaitzear delarik.

Eman diezaiogun guztion artean amaiera prozesu honi, gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Horretarako, irtenbide justu eta iraunkorra eraiki ahal izateko, dagokien errespetua eta erreparazioa eskaini behar zaie biktima guztiei eta espetxeetan preso eta senideek jasaten duten eskubideen urraketarekin behin betiko amaitu.


Haur motxiladunen aldeko bi mobilizazio handi iragarri ditu Sare Herritarrak: abenduaren 28an eta urtarrilaren 19an biak Donostian

Pare bat urte igaro dira motxiladun haurren egoera argitara eman genuenetik. Bi urte aita, ama edo biak espetxean dituzten haurrek bizi duten egoera salatzen hasi ginenetik. 30 urte bete dira ordea espainiar Estatuak urrunketa politika ezarri zuenetik, euskal presoen senide eta lagunek ehunka eta milaka kilometro egitera eta errepidean bizitza jokatzera zigortu zituenetik. Zigor honen aurpegi ilunena da motxiladun haurrek jasaten dutena.

Denbora daramagu bada, motxiladun umeek bizi duten sufrikario egoera hau amaitzeko eskatzen, gogoraraziz oraindik ere 105 direla aita, ama edo biak espetxean, urrunduak dituzten umeak; horietatik bost kartzelan daude beraien ama edo gurasoekin. Lau Picassenteko kartzelan Balentzian, eta bat Madrilgo Aranjuezeko kartzelan.

Haur jaioberriak, kartzelan hiru urte bitarte egoten dira, eta hiru urteak betetzean ama edo gurasoengandik bananduak izaten dira. Honek, bi eratara eragiten dio haurrari; batetik, gurasoengandik eta ordurarte ezagutu duen bizitzatik aldendua izateak dakarren kalte psikologikoa. Bestetik, haurrak banaketa jasateaz gain, datozen urteetan gurasoak ikusteko egin beharko dituen kilometroak eta honek dakarren guztia.

Hori da, Xuak datorren urtarrilean biziko duen egoera. Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilaren 19an, eta horrek, gurasoak Balentzian utzi eta amonarekin Usurbilera etorri beharko duela esan nahi du. Ia 600kmtara. Asteburuetan beraz, gurasoak ikusteko 600km joan eta 600km etorri egin beharko ditu, guztira, 1200km ordu gutxi batzuk gurasoekin egon ahal izateko.

Xua bezala dabiltzan 105 motxiladun haurrek, kilometro pila bat egin behar dituzte asteburuetan, eskola galduz, etxeko lanak egiteko denborarik gabe, futbol edo pelota partiduak galduz, lagunen urtebetetze ospakizun jaietan ezin egonez…

Egoera honekin amaitzea denon ardura dela uste dugu, guztiok baikara jendarte honen eta gure ondorengoen etorkizuna eraikiko dugunak. Azken hilabete eta urteetan eraiki ditugun adostasun bai politiko, sindikal zein sozialei jarraiki, urte garrantzitsu hau kalean, motxiladun haurren auziari aterabidea emateko aldarrikapenarekin, amaitu nahi dugu. Eta jendarte osoari dei egiten diogu gurekin batera, datorren abenduaren 28an 12:00etan Donostiako Bulebarretik abiatuko den Kalejiran parte hartzera.

Honekin batera, urteari hasiera emanez, urtarrilaren 11ean Bilboko eta Baionako kaleak beteko dituen manifestaziorako deia ere luzatu nahi dugu;

2020a motxiladun haurren auziari aterabidea ematen diogun urtea izan dadin. 2020. urtea espetxe politika aldatuko dugun urtea izan dadin. Horregatik, ekitaldi baten berri ere eman nahi dizuegu gaurkoan; Urtarrilaren 19an, Xuaren urtebetetze egunean, Donostiako Atano Pilotalekuan goizeko 11:30tan Porrotxekin batera egingo dugun Motxilak Gora! Ekitaldia aurkeztu nahi dugu.

Motxiladun haur guztiak gurasoekin etxean egon daitezen, motxilak gora!


Sare Herritarraren oharra hurrengo larunbatean Iruñean egingo den manifestazioa harira.

Datorren abenduaren 21ean arratsaldeko 18:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta “Atera bidera, presoak etxera!” MANIFESTAZIOA antolatu du Sare herritarrak.

Mobilizazio honekin egun indarrean dagoen eta hainbat eskubide urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren indargabetzea aldarrikatu nahi dugu, elkarbizitzan eta benetako bakean urratsak emateko presoen korapiloa askatzea  beharrezkoa dela azpimarratuz. Gaixo larrien etxeratzea, urrunketa politikaren amaiera, motxiladun haurren eskubideen aldarrikapena edo eta emakume presoek bizi duten egoera salatuko dugu abenduaren 21ean Iruñeko kaleetan.

Gaur egun 36 dira preso Nafarrak, hauen %80 lehenengo graduan dago, espetxean dagoen erregimenik gogorrean.

35 urrunduak Espainiako eta Frantziako estatuetan, 1 espetxe arinduan (Etxean preso). Horietatik 4 Larriki gaixo daude, 4 emakumeak dira, bizi baldintza okerragoetan. Ama, aita edo biak espetxean dituzten haurrak 11 dira (Motxiladun umeak) eta horietako bat espetxean dago bere amarekin.

Urte luze hauetan bi izan dira urrunketak eragindako biktimak. Sara Fernandez eta Karmele Solaguren.

Manifestazioa 18:00etan abiatuko da autobus geltoki zaharretik eta lau gune izango ditu.

1. Vianako Printzearen plazan Nafarroako Presoen senide eta lagunei data berezi hauetan keinu bat egingo diegu. Ondoren Manifestaziora batuko dira.
2. Merindadeen Plazan Performance baten bidez urrunketaren ondorio diren kotxe istripuak irudikatuko dira.
3. Karlos III.a etorbidean (entzierroaren oroitarriaren ondoan) larriki gaixo dauden presoen egoera salatuko da.
4. Txapitela kalearen hasieran espetxean daude emakumeak bizi duten muturreko egoera salatuko da.

Manifestazioa Iruñeko udal plazan amaituko da. 

Bestetik gogoratu nahi dugu LARRIKI GAIXO DAUDEN PRESOEN egoera salatzeko ekimen ugari egingo direla asteburu honetan eta hurrengoan Nafarroan zehar.

Datak:
Abenduak 19 Iruñeko alde zaharrean 17:30 Zezen plazatik abiatuta esku orrien banaketa.
Abenduak 19 Antsoaingo Kaputxinoen biribilgunean 19:30 elkarretaratzea.
Abenduak 20 Iruñeko Sarasate pasealekuan 20:00 elkarretaratzea.
Abenduak 22 Lesaka beheko plazan 13:30 mobilizazioa.
Abenduak 26 Donibane auzoko Azuelo plazako biribilgunean 19:30 elkarretaratzea.
Abenduak 27 Sakanako Manifestazioa – Etxarri Aranatz – 19:00 Plazan.


Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Xua gurasoekin etxera mozioa landu da

Urteak daramatzagu giza eskubideen inguruko defentsa egiten, horregatik, ez da batzorde honetan parte hartzen dugun lehen aldia. Gai ezberdinek ekarri gaituzte hona; azkenengoz larriki gaixo dauden Jagoba edo Ibonen kasuek adibidez, eta oraindik kasu horiek bere horretan mantentzen diren arren, gaur hona Xuaren egoerak ekarri gaitu.

Xuak 3 urte beteko ditu datorren urtarrilaren 19an. Xua Balentziako Picassenteko kartzelan dago bere aita eta amarekin, Usurbildik 550 kmtara. Espainiar legediari jarraiki, hiru urte betetzean bere gurasoengandik banatu eta amonarekin etorriko da Usurbilera. Honek esan nahi du, soilik hiru urterekin, bere aita, ama edo biak ikusteko asteburuetan 550km joan eta 550km etorri egin beharko dituela, hau da, 1100 km bere gurasoekin egoteko. Baina Xua ez da egoera honetan dagoen haur bakarra, Picassenten beste hiru ume aurkitzen dira egoera antzekoan, eta beste bat Madrilgo Aranjuezen. Guztira egun, 105 motxiladun haur daude.

Egoera honen berri duela bi urte eta erdi inguru eman genuen, eta orain badakigu bizi duten sufrikarioak zer nolako arazo eta hutsune uzten dituen. Guk, egoera honekin amaitu behar dela uste dugu, eta hori legeari jarraiki egin daitekeela. Zergatik ezin dira beraien etxeetatik gertuen dagoen kartzelan egon aita eta ama? Zergatik egin behar ditugu horrenbeste kilometro? Horiek dira 5, 6 edo 10 urteko haurrek egiten dituzten galderak. Eta baita guk egiten ditugunak ere; zergatik? Eta erantzun bakarra datorkigu burura, mendekua.

Eskatzen duguna, ez da legea gainditzea, kontrakoa, Espainiar legedia bera betetzea baizik. Eta hori guztion ardura dela uste dugu.

Argi dugu azken urte eta hilabeteetan euskal jendarteak aurrera pauso handiak eman dituela, eta gai honekiko kontsentsu zabalak eraiki ditugula, baita arlo sindikal eta politikoan ere, eta datorren urtarrilaren 8an eztabaidatuko den eta hemen zaudeten indar politiko guztien (PP izan ezik) babesa duen mozio hau onartzea ere bide honetan beste pauso bat izatea nahi dugu. Bide honetan elkarrekin sakontzen jarraitzea espero dugu.


Larriki gaixo diren presoen inguruko hitzaldia Gasteizko Unibertsitatean

Sarek, Gasteizko unibertsitatean larriki gaixo diren presoen inguruan antolatutako hitzaldiaren baitan sortutako polemika dela eta hurrengo irakurketa egin du hitzaldiari hasiera eman aurretik:

Hitzaldiari hasiera eman aurretik, hainbat argipen egin nahi ditugu:

  • Gaur,Giza Eskubideen Nazioarteko eguna den honetan,euskal presoei ukatzen zaien osasunerako eta bizitzarako eskubidea lantzeko hitzaldi bat eskaintzera goaz. Euskal presoek, gainontzekoen moduan, etxean, euren senideen babesarekin eta konfiantzazko medikuarekin artatuak izateko eskubidea dute, eta gaur gaurkoz, eskubide hori ukatua zaie salbuespeneko legedia deritzona dela eta. Horixe, ez bestelakorik, da gaurko hitzaldian landuko dena.
  • Sarek, lanean daramatzan bost urte hauetan, helburu berari ekin dio; urteetako sufrimenduari, minari eta giza eskubideen urraketari irtenbidea eman eta elkarbizitzarako oinarriak ezartzeko lan egiteari. Bide honetan, biktima guztiekiko errespetua erakutsi dugu beti, eta hala egiten jarraitzen dugu.
  • Ibilbide honen baitan, Sarek, sekula ez dio inorekin hitz egiteari, elkartzeari, entzuteari uko egin, ezta ere, inoren hitza isiltzeko erabakirik hartu. Sarek parte hartu duen eremuetan edota Sarek berak antolatutakoetan ahots anitzak izan dira beti, ETAko zein bestelako indarkerien biktimen ahotsa, Estatu funtzionari izan direnena, espetxea ezagutu duten senide eta pertsonena eta noski, giza eskubideak urratuak izan zaizkien horiena, beste askoren artean. Ahots anitz eta zabal horiei gauza bakarra eskatu izan diegu beti; besteekiko errespetua.
  • Kontziente baikara,oraindik orain,zauri gehiegi daudela zabalduak. Horiek sendatzeak ordea ezin du inor bazterrean laga. Empatia eta elkar-ulertze ariketa da benetako elkarbizitza eta bakea eraikitzeko bide bakarra. Eta horretarako, elkar entzun, bata zein bestaren minak onartu eta errealitate eta sufrimendu asko eta askotarikoak direnaren jabedun egin behar gara.
  • Konbentzituak gaude, garai berri baten aurrean aurkitzen garela. Hala erakusten duten azken urteetan eman diren urratsek; presoek sortutako minaren inguruan eginiko adierazpenek eta legeak ezarritako bideak jarraitzeko hartutako erabakiak, ETAren desegiteak, maila instituzional, politiko, sindikal eta sozialean lortutako adostasunak edota hainbat udalerri eta espazio irekietan biktimen arloan eman diren elkarbizitzarako pausoak aukera berriak zabaldu dituzte gure herriarentzat. Elkarbizitzarako eta bakerako ateak zabaltzen ari gara.
  • Zentzu honetan, egun oraindik espetxean diren eta euren eskubideak urratuak zaizkien 21 larriki gaixo diren presoen inguruan antolatutako hitzaldi honen gaineko boikot deialdia, garatu nahi dugun bide horren aurkakoa dela deritzogu. Batetik, Jose Ramón Lopez de Abetxukok, bere ekinbideagatik epaitegiek ezarritako zigorra bere osotasunean betea duelako eta egun gizon askea delako, eta dagozkion eskubide guztien jabedun. Bestetik, gaur hemen partekatuko duena larriki gaixo egon den preso baten bizipenak izango direlako, ez besterik. Zentzu honetan, boikot deialdi hau adierazpen askatasuna ukatzeko modu larria dela deritzogu. Eta Sarek, giza eskubideen defentsan aritzen den mugimendu gisa, ez du halako urraketarekin bat egingo. Hori hala, hitzaldia bere horretan mantentzea erabaki dugu.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare