Berriak

Igor Gonzalez Sola Euskal presoaren heriotza hau, ozen eta saminez salatzen dugu. Igor salbuespeneko espetxe politika krudel honek erail baitu

Gaur hemen batzen gaituena, sekula gertatu behar ez zen gertakari lazgarria izan da. Ostiralean Igor Gonzalez Sola Euskal presoa hilik topatu zuten bere ziegan. Ozen salatu dugu heriotza hau, ozen eta saminez, Igor salbuespeneko espetxe politika krudel honek erail baitu.

Igorren heriotza, ez da bakarra, urte luzeetan indarrean dagoen salbuespen legediak badu heriotz zerrenda luzea bere baitan.

Igorrek etxean behar luke, aske eta bizirik, bere zigorraren 3/4ak beteak baitzituen. Espetxe legedi arrunta ezarri eta zegozkion eskubideak errespetatuak izan balira, Igor bizirik legoke, aske eta bizirik.

Sare Herritarrak, euskal presoen eskubideen defentsan lan egiten duten beste elkarte eta talde batzuekin batera, denbora asko darama horrelako egoerak salatzen.

2005eko martxoan espetxeratu zutenetik, Igor urruntze politika jasan behar izan duen presoetako bat da. Soto del Real, Badajoz, Valdemoro, Soria… Martutenen amaitzeko.

Urruntze politika horren biktima izateaz gain, tratamenduan zegoen preso gaixo bat ere bazen, eta hala ere, espetxean mantentzen zuten, beste behin ere, heriotzerarte.

Sarek, gaur egun inoiz baino gehiago, balioa eman nahi die Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan, Batzar Nagusietan eta hainbat eta hainbat udaletan lortu diren indar politiko gehienen arteko akordioei, bai eta euskal sindikalismoaren ahobatezkotasunari ere, egungo espetxe-politikaren erreforma sakon baten alde. Baina era berean, instituzioetan euren babesa adierazi dutenei egoera hau behin betikoz amaitzeko konpromisoan urrats bat gehiago emateko eskatu nahi diegu. Egoera hau ezin da errepikatu eta guztion ardura da.

Horregatik, eta Euskal Herrian dagoen gehiengo sozial eta politikoa kontuan hartuta, helburu honen alde, honako hau eskatzen dugu:
A) urruntze-politikaren amaiera, eta EHko kartzeletara eraman zituen
hala eskatzen duten preso guztiak.
B) Gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna, haien gaixotasun
larriengatik arreta jaso dezaten, espetxeko harresietatik kanpo.
C) graduen progresioa aplikatzea, gainerako presoei bezala.

Egoera honek amaitu behar du. Salbuespen politika bertan behera geratu behar da. Ezohiko legedia honek gorrotoa eta mendekua baino ez ditu oinarrian. Onartezina da eta ozen eta garbi esan beharra dago. Igorrek etxean, libre eta bizirik behar luke.


Oharra Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren aurrean:

Sarek Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatzen du. Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu du Sarek aspalditik.

Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte.

Igorrek, beste preso askoren kasuan bezala, sistema anker baten ondorioz bizia galdu du, aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz. Horrek gogoeta eginarazi behar die erakunde eta alderdi guztiei.

Igorrek, eskubide urraketa ugari jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske egon zen eta bizirik.

Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea.

Horregatik, igande honetan, irailaren 6an, herritar guztiei dei egiten diegu Bilbon 12:00etan egingo den manifestazioan parte hartzera.


SARE Nafarroaren oharra Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu ondoren

Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita.
Gogor kritikatzen dugu gaurko erabakia, are gehiago; Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita neurriz kanpokoa eta ulertezina dela azpimarratu nahi dugu.
Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Gaurko erabakia salatu eta Mikel Barrios lehenbailehen aske uzteko eskatuko du Arrosadiako Sarek irailaren 4tik 6ra antolatutako bizikleta martxak. Goizeko 8.30ean hasiko da Iturgoienen, eta Alduden bukatuko da lehen etapa afari batekin. Bigarren etapa Aldudetik Lahontanera izango da eta Itsasun, azken urteetan Mikel Barrios bizi izan den tokian, egingo da bazkaria. Azkenik, Mont de Marsan presondegiraino helduko da martxa, eta ondoren Elkartasun Eguna ospatuko dute Itsasun.

Ohar honen bidez, ekimenean izena eman eta bizikleta martxan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei. onartezinatxikitorena@gmail.com

Mikel Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. 2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua.


Urriaren 3an, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dugu Euskal Herrian

“Izan Bidea dinamikaren baitan, datorren urriaren 3an milaka herritarrekin batera Euskal Herriko tontor ezagunenak igoko ditugu, 650 tontor inguru, preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde”

Maiatzean Izan Bidea aurkeztu genuenetik ia 230.000 kilometro egin ditugu izena-eman dugun ia 3000 pertsonen artean. Egunero-egunero gero eta gehiago gara Ibiltarien Sare honen parte egin garen herritarrak eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzanak.

Dinamika honek, euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako.

Horretarako une aproposa dela uste dugu; euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko. Denok ozen esan dugu, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko garaia dela. Bestetik, Madrili dagokionean, Gobernuan diren alderdiek egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dute behin baino gehiagotan, izan EHko instituzio ezberdinen baitan, edota Madrilgo gobernukideek eginiko adierazpenen bitartez. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, zeren zain dira? Egoera honek ezin du gehiagoan luzatu. Presoak Euskal Herrian egon behar dute eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei Covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Nahikoa da. Konponbide garaia da.

Horregatik, bidea egiten jarraitu behar dugula diogu, Ibiltarien Sare hau gero eta handiago eta zabalagoa egin behar dugula, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egi bilaka dezagun.

Eta bide hori batera egiteko, datorren urriaren 3an inoizko erronka handiena ezarri diogu gure buruari eta Euskal Herriko herritarrei; guztion arten, egun berean, Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara gure aldarria eramatea. Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko.

Honela, urriaren 3an, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dugu Euskal Herrian. Gure herriko tontor esanguratsuenak igoaz; aurten kaleratutako zentenarioen zerrendan bilduta dauden tontorrak eta herriz herri kuttunenak ditugun horiek igoko ditugu; maila altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak, baita, urtean behin mendi-buelta txikia baino egiten ez dugun horiek guztiak elkartu nahi ditugu ekimen honetan eta horregatik guztiontzako eskaintza luzatuko dugu. Datozen asteetan sareren web orrialdean informazioa gehitzen joango gara, baita, ekimenerako izen-emateko aukera zabaldu ere (bai web orriaren bitartez, baita herrietan ere).

Honekin batera, gaurko agerraldi hau probestu nahi dugu udan zehar hiriburuetan egingo ditugun hainbat ekimenen berri emateko:

• abuztuak 1, Gasteizen
• abuztuak 14, Donostian

Elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea izan nahi duten guzti horiei, urratsak eman eta kilometroak egiteko prest dauden guzti horiei, abuztuan eta bereziki urriaren 3an gurekin batzera dei egiten diegu.

Izan gaitezen bidea, osa dezagun Ibiltarien Sare erraldoia.


OHARRA Auzitegi Nazioanalaren aginduz Itxaso Zaldu preso ohiaren atxiloketa dela eta:

12 urte baino gehiago frantziako espetxeetan preso egon ostean, Auzitegi Nazionalaren aginduz Itxaso Zaldua atxilotu izana, bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia dela salatu nahi du Sare Herritarrak.

Itxasok auzitegiek ezarritako zigorra betea du jada, eta, beraz, Auzitegi Nazionalaren erabaki honek, lekuz kanpokoa izateaz gain, iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du, jendartea konponbidearen eta bizikidetzaren bidean laguntzearen kontrakoa.

Saretik, egoera hau salatu nahi dugu, eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi nahi dugu; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Horregatik, gaur arratsaldean, uztailak 21, manifestazioa deitu dugu Hernanin (Itxasoren jaioterrian), 20:00etan Gudarien Plazan, "Konponbide garaia da. Izan Bidea” lelopean.


Motxiladun umeek beren aita, ama edo kasu batzuetan biekin egon gabe urte erdia daramate

Hemen elkartu gara Espainia eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta dauzkaten euskal presoen seme-alaba eta hauen ama-senide batzuk. Ez gaude denak, ez baita erraza guztiak elkartzea. Gaur gaurkoz, oraindik ere ia 100 motxiladun haur-nerabe ditugu Euskal Herrian. Haserre gaude. Minduta. Inpotentzia handia sentitzen dugu. Gure haurrak beren aita, ama edo kasu batzuetan biekin egon gabe urte erdia daramate. Egoeraren gogortasun eta krudeltasunak kalera atera gaitu, jendarteari ezkutuan dagoen errealitate hau kontatzeko. Nola da posible egoera hau onartzea? Zein agintari, politikari, epaile edo herritarrek onartuko luke bere seme-alabak ikusi eta besarkatu gabe hainbeste hilabete egotea?

Haur hauen inguruko lanketa hau abiatu genuenean esan genuen motxiladun haurrek zigor hirukoitza bizi zutela; egunerokoan guraso presoarekin ezin egona, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia dela eta beraiek noizbait etxean izateko esperantza ere ukatzea, eta urrunketa medio, eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak.

Gaurkoan, berriz, horri guztiari gehitu beharreko beste zigor bat ere badugu, laugarrena. Covid-19a dela eta, denok pentsatuko ez genukeen egoera bizi behar izan dugu; eskolak itxita, etxetik ateratzeko debekua, maite ditugun senitarteko-lagunekin ezin egona… eta gure haurren kasuan guzti horri aitarekin, amarekin edo biekin hilabete luzez ezin egotea gehitu zaie.

Horren erakusgarri da, hemen dauden haur hauetako asko, preso dagoen bere aita edo amarekin egon ziren azken aldia otsaila edota martxoa hasiera izan zela, bada hemen aitarekin egoteko azken aukera otsaila hasieran izan zuenik ere. Otsailetik haur gehienek oraindik ere ez dute berriz euren guraso den presoarekin egoteko aukerarik izan. Badira aste batzuk “normalitate berria” kontzeptua entzuten ari garela eta guretzat “zaharrak berri” izaten jarraitzen du; motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira.

Badira bi-hiru aste lokutorioko bisitak egiten hasi direla Estatu espainiarrean, baina oraindik ere kartzela gehienetan ezin da aurrez aurreko familiar eta elkarbizitzakorik egin. Gainera, uztailean joan ahal izan duten haurren kasuan

preso gurasoa kristal baten atzean ikusi edo bidaia ohiz kanpoko baldintzetan egin behar izan dute. Gure haurrek 6 hilabete beteko dituzte barruko guraso presoarekin egon gabe. Kartzela batzuetan esan diete abuztuan ere ez dutela familiarteko aurrez aurrekorik izango; badirudi beste kartzela batzuetan, , abuztuan izango dugula berriro ere aurrez aurreko horiek egiteko aukera, baina nork ziurta diezaguke egoera ezegonkor honetan hori horrela izango dela? Konfinamendu, isolamendu eta neurri berrien mamua geroz eta handiagoa den honetan; abuztuan nork ziurta diezaieke ama ikustera Galiziara edo aitarekin jolastera Cordobara joan ahal izango dutenik? Esaterako, Zuerako espetxean aurrez aurrekoak eten dituzte berriz ere.

Frantziar espetxeetan gurasoak dituzten haurrak otsailetik uztailera arte egon dira eurekin egon ezinik. Gainera, bisitetan musukoa, aita presoa ezin ikutua…izan dira espetxeren batean izan dituzten neurrietako batzuk.

Bestalde, Espetxean bizi diren motxiladun umeen egoera bereziki larria da. Aranjuez eta Picassenteko espetxeetan daude Izadi, Irati eta Ilargi. Oraindik ere ez dizkiete aurrez aurreko familiarrak eta konbibentzikoak onartu, eta ez dakite abuztuan izango dituzten.

Hainbat arrazoirengatik 3 amek 10-15 egunetako konfinamendua egin behar izan dute; horietako bik euren umeekin. Eguneko 21 ordu umearekin zeldan pasa behar izan dituzte!

Ume hauek covid aren aurreko egoeran asteburuak senideekin kanpoan pasatzen zituzten, kalearekin lotura sendotzeko ezinbesteko prozesu progresiboa baita. Orain, irteera horiek etenda daude eta horrek umearen erritmo eta egokitzapenean izan dezakeen eragina latza izan daiteke; hainbeste denbora kalera atera gabe egotea larria da, euren ingurua ezin ikusi, estimulo falta, kalearekiko prozesua etetea…

Euskal presoek Euskal Herrian egon behar lukete aspaldi, eta jakin badakigu etxetik gertuen duten espetxeetan egon beharko luketela aspaldi. Aldarrikapen hori ez da guk, hemen bildu garenok, senideok egiten dugun eskaera soila. Presoek hemen egon behar luketela euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarria da. Hor daude gainera, estatu espainiarreko kongresuko hainbat alderdik

sinaturiko presoen eskubideen aldeko manifestua edota #SOSPresoakCovid19 dinamika bera ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko zuzendariak egindako idatzia ere esanguratsua da eta honela dio: osasun publikoa prebenitzeko eta babesteko neurria litzateke preso bakoitza bere familia bizi den komunitate edo probintziara gerturatzea.

Alarma egoeran probintziatik ateratzeko debekua ezarri zenean motxiladun umeak ia egunero galdetzen zion amari: “Gure probintziatik atera ezin badugu nola bidaiatuko dugu hain urrutira aitatxo ikustera?” Jende asko bere urteroko oporrak bertan behera utzi eta etxe inguruan geratzea erabakitzen ari denean gure haurrek aita-amekin egoteko hamarnaka probintzia igaro behar ditugu, errepideko gasolindegi-restopetan geratu behar dugu, urruti, oso urruti dituztelako eta egun berean joan-etorria egitea ezinezkoa delako etxetik urrun dauden hostal-hoteletan igaro behar dugu gaua. Noiz arte? Zergatik? Aspaldi behar genituen ama-aitak hemen, baina orain ezinbestekoa da. Lehendik genuen urrunketa, arrisku, gastu ekonomiko, nekeari… pandemiak sortutako egoera hau gehitu zaio; ez da sontengarria. Salbuespen egoera honek aldatu behar du eta posiblea da. Gurasoak Euskal Herrian behar eta nahi ditugu orain!

Normalitate berria” kontzeptua bolo-bolo dabilen honetan benetako “normalitate berrirako” deia egin nahi dugu ozen gaurkoan. Bai, “normalitate berria” behar dugu Euskal Herrian, denok hobe biziko garen normalitatea behar dugu, haurrek beren gurasoekin egoteko aukera ukatua egongo ez den normalitate berria, euskal presorik gabeko normalitatea besteak beste. Behar dugu eta posiblea da.

Konponbidearen aldeko urratsak emateko deia luzatu nahi dugu. Aspaldi esan genuen eta gaur ere errepikatuko dugu; gu ari gara konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak ematen, eta horretan jarraituko dugu. Baina nola aurreratu daiteke bakean edo elkarbizitzan gaur azaleratutako egoera hauek mantenduz? Ezinbestekoa eta urgentea da preso eta iheslarien auzian ere benetako urratsak ematea.

Gu, ibiltarien sarearen parte gara, eta zuek ere euskal preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte izatera animatzen zaituztegu, izan bidea!

Azkenik, jakitera eman nahi dugu gure egoeraren berri emateko Arartekoari bilera eskatuko diogula, eta baita Espainiar gobernuko delegatuari ere, azken honek duen ardura kontuan harturik.


Sare Herritarrak hirugarren bizikleta itzulia antolatu du uztailaren 23, 24, 25ean, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia batuko dituzten hainbat martxarekin

Uztailaren 23an, 24ean eta 25ean izango da aurtengo bizikleta itzulia, Sarek antolatzen duen hirugarrena. Aurtengoa ordea, edizio berezia izango da, Covid-19a dela eta ezarritako egoerak dakartzan oztopoak eta hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta. Horregatik, 2020ko bizikleta itzulia hiru egunetan egingo diren etapa ezberdinek osatuko dute; uztailaren 23an, Lekunberritik Hernanira martxa egingo dugu, Nafarroa eta Gipuzkoa batuz. Uztailaren 24ean, Urduñatik Durangora martxa egingo dugu, Araba eta Bizkaia lotuz. Eta azkenik, uztailaren 25ean, lau etapa izango ditugu, Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetara (Zaballa-Gasteiz, Basauri-Bilbo, Iruñeko espetxea-Iruñea, Martutene-Donostia).

Aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da, bai senide eta baita preso dauden Euskal Herritarrentzat ere. Covid-19a dela eta hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe. Hiru hilabete luze izan dira, zeinetan haurrak ezin izan duten euren gurasoekin bisitarik izan. Denbora guzti horretan ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoei dagokionean, baita espetxeetan dagoen gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz, beldurra ere. Hori nahikoa ez balitz, urruntze politikak gauzak are zailago eta gogorragoak bilakatzea ekarri du. Orain, bisitak berreskuratu ostean, senideek berriro ere ehunka eta milaka kilometro egin behar dituzte, pandemia oraindik indarrean den honetan, bizia errepidean arriskatuz.

40 urte luze daramatzate senideek sufrimenduzko egoera hau pairatzen eta Covid-19ak are ageriagoan utzi du politika honek dakartzan oztopoak eta sufrimendua eta euskal presoak euren bizilekutik gertu egotearen beharra. Bada garaia behin betiko egoera honekin amaitzeko. Bada garaia presoak euskalherriratu eta hauen etxeratze prozesua gauzatzeko.

Horregatik, igaro berri den maiatzean aurkeztu genuen Izan Bidea ekimenaren baitan antolatu dugu ekimen hau; preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako. Eta hain zuzen ere horregatik uztailaren 25ean antolatu dugun azken etapa Euskal Herriko espetxeetatik irten eta gure herriko hiriburuetan amaituko dugu, etxean.

Beraz, bizikleta hartu eta gurekin batera bidea egitera animatu nahi zaituztegu, guztion artean kilometroak egiten jarrai dezagun. Bizikleta itzulian izena emateko www.sare.eus web-orrian sartu eta bizikleta itzulia atalean sartu.

>>IZEN-EMATEA


#IzanBidea #MikelEtxera! Konponbide garaia da! Lelopean datorren larunbatean manifestazioa antolatu du Sarek Mikel Barrios auzokidearen espetxeratzea salatzeko.

Berriz ere kartzela, berriz ere herritar bat espetxera eta berriz ere sufrimendua gure auzora. Bost urteko espetxe zigorra, eta hau betetzean Estatu Frantziarrean 10 urtez bizitzeko debekua ezarri dio Frantziako Auzitegiak Mikel Barrios Santamariari. Mikelek egun bere bizimodua egonkortua zuen Ipar Euskal Herrian. 12 urte daramatza Arrosadiatik urrun. 2009an atxilotu zuten lehenik eta Espainiak eskatutako euro-agindua Frantziako estatuak onartu ez zuen arren, poliziaren jazarpena zela eta ezkutatzea erabaki zuen. 2017. urteko urriaren 27an atxilotua izan zen Berlinen (Alemania). Bi hilabete Alemanian preso egon eta gero, Frantziak eskatutako euro-agindua Alemaniak onartu eta 2017ko abenduaren 15etik 2018ko urriaren 26 arte Osnyko (Paris) espetxean preso izan zuten. Neurri judizialekin baldintzapeko askatasunean egon da hilabete batzuk. Pasa den ekainaren 23an Parisen epaitua izan zen eta astelehenean, ekainak 29, Mont de Marsanen espetxeratua kondena betetzeko.

Mikel, beste askorekin batera, bake prozesuari bere ekarpena egiten ari zela atxilotu zuten, berak epaileari argi eta garbi adierazi zion moduan.

Baina Estatu Frantziarreko epaitegietan, Estatu Espainiarrekoetan bezala, gorroto eta mendekuan gotortuta dauden epaileak daude. Konponbideari oztopoak jarri nahi dizkioten epaileak, sufrimendu garaiak atzean utzi nahi ez dituzten epaileak. Norabide horretan kokatzen dira azken aldian Estatu Frantsesaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta orain, Mikel espetxeratzeko agindua!

Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Aldi berean, Estatu Espainiarrari, Frantziarrari, eta nola ez Nafarroako gobernu eta erakundeei bide horretan inplikatzea exijitzen diegu.

Azkenik, herritarrak datorren uztailaren 4an, arratsaldeko 18:00tan, Felisa Munarriz plazatik abiatuta egingo den “Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel Etxera!” manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Besarkada bat Mikeli eta senide zein lagunei!
Izan Bidea eta PRESOAK ETXERA!


Eskutitza eraman dute Sareko kideek Bilboko Kontsulatu Frantsesera, Mikel Barriosen espetxeratzea salatzeko

Sareko kideek Mikel Barriosen espetxeratzea salatu eta bere etxeratzea eskatzen duen gutuna eraman dute gaur goizean Bilboko Frantziar kontsulatura.

Bost urteko espetxe zigorra, eta hau betetzean Estatu Frantziarrean 10 urtez bizitzeko debekua ezarri dio Frantziako Auzitegiak Mikel Barrios Santamariari. Mikelek egun bere bizimodua egonkortua zuen Ipar Euskal Herrian. 12 urte daramatza Arrosadiatik urrun. 2009an atxilotu zuten lehenik eta Espainiak eskatutako euro-agindua Frantziako estatuak onartu ez zuen arren. Ondoren, 2017. urteko urriaren 27an atxilotua izan zen Berlinen (Alemania). Bi hilabete Alemanian preso egon eta gero, Frantziak eskatutako euro-agindua Alemaniak onartu eta 2017ko abenduaren 15etik 2018ko urriaren 26 arte Osnyko (Paris) espetxean preso izan zuten. Neurri judizialekin baldintzapeko askatasunean egon da hilabete batzuk. Pasa den ekainaren 23an Parisen epaitua izan zen eta gaur, astelehenean, ekainak 29, Mont de Marsanen espetxeratua izango da kondena betetzeko.

Sarek espetxeen auziari aterabidea emateko ordua dela nabarmendu du, eta ez konponbideari oztopoak jarriz sufrimendua garaiak errepikatzekoa. Norabide horretan kokatzen dira azken aldian Estatu Frantsesaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta orain, Mikel espetxeratzeko agindua.

Sarek konponbiderako garaia dela esan du. Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko garaia. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraituko duela adierazi du.

Aldi berean, Estatu Espainiarrari, Frantziarrari, eta nola ez EAE eta Nafarroako gobernu eta erakundeei bide horretan inplikatzea eskatzen diegu.

Azkenik, herritarrei datorren uztailaren 4an, arratsaldeko 18:00tan, Iruñeko (arrosadia auzoa) Felixa Munarriz plazatik abiatuta egingo den “Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel Etxera!” manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete.


Presoek haien errotze-lekuan kondena betetzeko duten eskubidea berma dadila eskatzen dute hainbat erakunde sozialek.

Presoek haien errotze-lekuan kondena betetzeko duten eskubidea berma dadila eskatzen dute hainbat erakunde sozialek.

Estatu espainiar osoan 8000 pertsona baino gehiagok errotuta dauden tokitik kanpo betetzen dute zigorra.

Horri 7.600 preso gehitu beharko litzaizkioke, Idazkaritza Nagusiak ez dakielarik zein den haien bizilekua.

Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasuko Gurasoak eta Sare Herritarrak osatutako #SOSPresoakCovid19 dinamikak uztailaren 4an goizeko 12:30ean Iruñeko Gaztelu plazan egingo den ekitaldia eta kanpainari laguntzeko bideoa publiko egin du gaur goizean.

Joan den apirilean publiko egindako dinamika honek Espainiako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die presoen eskubideak errespeta ditzatela Covid-19ren eraginez sortutako osasun-krisiaren kudeaketan eta agerian uzten du espetxeetan neurriak ezarri beharko direla, besteak beste, presoen osasunerako eta duintasunerako eskubidea bermatzeko. Nafarroako gizarteak asko babestu ditu proposamen hauek eta Espainiar Estatu osoan aldarrikatu izan dira, giza eskubideen aldeko hainbat talde eta elkarterekin batera.

Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu aplikatu presoak espetxetik ateratzera bideratutako nazioarteko erakundeen gomendioak, haien jarduera-ildoak markatu beharko lituzketenak. Neurri horiek ezinbestekoak dira duintasun pertsonala eta ongizate kolektiboa babesteko eta beraz, Covid19-aren aurrean bereziki ahulak diren kolektiboetako pertsonak espetxetik atera beharko dira, hala nola 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edo seme-alabak espetxean dituztenak.

Deseskaladaren faseetan aurrera egin ahala, #SOSPresCovid19tik kartzeletako “deskonfinamendua” askatasunean dauden pertsonei aplikatzen zaizkien irizpide berberekin eta gizartearen gainerakoarekin batera egitea eskatu zen maiatzaren 19an. Hala ere, praktikak agerian utzi du hori ez dela horrela izan, kalean “normaltasun berriaren” fasean gauden bitartean Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak, atzo arte, ez baitu jarraibiderik eman “2. fase”-tik haratago. Gaur egun oraindik ere bi senide baino gehiago ezin dira bisitara sartu, ez dira berriz hasi aurrez aurreko komunikazioak, oraindik ere mantentzen dira nahitaezko koarentenak irteera-baimenaren ondoren espetxera itzultzean, oraindik ez dira espetxean egiten diren jarduera guztiak berrezarri… Beharrezkoa da muga-eguna jartzea presoen eskubideak erabat urratzen dituzten egoera hauei. Idazkaritza Nagusiak espetxerako “normaltasun berrirako” atzo hartutako neurriak berandu iritsi dira berriz ere. Gainera, jarraibide horiek ez dira oso argiak eta espetxe bakoitzaren esku uzten dituzte hauek ezartzeko modua eta denborak. Hala ere, espetxeetan jarraitu beharreko jarduera arautzeko autonomia-erkidegoetako osasun-agintariek eskumena dutela adierazi nahi da.

Hau horrela izanik, pandemia honek presoek jasaten duten zaurgarritasun erantsia azaleratu du eta agerian utzi du presoen eta haien senideen eskubideak urratu egin direla. Esan beharra dago, gainera, urraketa hori are handiagoa izan dela haien errotze-tokitik urrun kondena betetzen ari diren presoentzat. Pertsona hauek ezin izan dute kristalezko komunikazioen bidez haien familiarekin harremana berrezarri, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak ez dielako baimenik eman beste autonomia erkidego batzuetara joateko. Halaber, ezin izan dute irteera-baimenik jaso haien bizilekua probintzia berean ez bazegoen, kasu horietan ere ez baita joan-etorria baimendu.

Egoera honen aurrean, adierazi nahi dugu Espetxe Lege Orokorrak presoen eskubide gisa ezartzen duela haien errotze-lekuan kondena betetzea, eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari dagokiola preso bakoitzak kondena non bete behar duen erabakitzea eta, beraz, eskubide hori gauzatzea. Idazkaritzaren datu ofizialek agerian uzten dute sistematikoki urratzen dela presoen eskubide hori. Nafarroako kasuan, nafarrak diren edo Nafarroan errotuta dauden 184 presok Foru Komunitatetik kanpoko espetxeetan betetzen dute zigorra. Galiziaren kasuan, gutxienez 234 preso dira, 564 Kataluniaren kasuan eta 1.093 Andaluziaren kasuan… Horiei 7.600 preso baino gehiago gehitu beharko litzaizkioke, Idazkaritza Nagusiak ez dakielarik haien errotze-lekua zein den.

Horregatik guztiagatik, alarma-egoera amaitu den une honetan, berriro ere Madrilgo eta Nafarroako gobernuei interpelazioa egiten diegu, bi exekutiboak, bakoitza bere eremutik, lanean has daitezen eta eskatzen ari garen neurriak har ditzaten lehenbailehen espetxetan mantentzen ari diren egoerei muga-eguna jartzeko, presoen eskubideak erabat urratzen baitituzte, hala nola preso guztiak familia edo gizarte errotzea duten espetxeetara eramatea.

Ezin dugu COVID-19aren berragertze baten eraginez berriro ere presoen eskubideak urratuak izatera arte itxaron. Horregatik, eskakizun horiek guztiak ikustarazten jarraitzeko, ekitaldi baterako deia egiten dugu uztailaren 4an, 12:30ean, Iruñeko Gaztelu plazan.

#SOSPresoakCovid19

Salhaketa Nafarroa – Etxerat – Altsasu Gurasoak – Sare Herritarra

Eragile sinatzaileak

#SOSPresoakCovid19 (Salhaketa NafarroaEtxeratAltsasu GurasoakSare Herritarra).

A.L.A (Asociación Libre de Abogadas y Abogados de Madrid).

A.L.A.Z (Asociación Libre de Abogadas y Abogados de Aragón).

A.P.D.H.A (Asociación Pro derechos Humanos de Andalucía).

C.A.M.P.A (Colectivo de Apoyo a Mujeres Presas en Aragón).

Comisión Legal Sol.

Esculca (Observatorio para a defensa dos dereitos e liberdades).

Federación andaluza ENLACE.

Iridia – Centre per la Defensa dels Drets Humans.

Observatori del Sistema Penal i els Drets Humans (OSPDH) de la Universitat de Barcelona.

Oteando (Observatorio para la Defensa de los Derechos y Libertades).

Salhaketa Bizkaia.

Salhaketa Araba.