Gaur hemen, gizarte zibila ordezkatzen dugun alor ezberdinetan lanean gabiltzan hainbat lagun batu gara. Gutako bakoitzak bere bizipen eta ideiak ditu, baina bada elkartzen gaituenik ere; elkar bizitzeko nahia eta bakerako desira. Etorkizun hobe bat eraiki nahi dugu eta horretarako, sufrimendua sortzeari utzi behar diogu. Zauri irekiak itxi eta mina sortzen jarraitzen duten korapiloak askatu behar ditugu.

Horretarako sortu genuen Orain Presoak dinamika. Elkarbizitzaren eta bakearen alde lan egin eta elkar batzea helburu duena. Bide horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu, euskal preso eta senideen eskubidea urratzen dituen espetxe politikarekin amaitzea. Etorkizunari begira ezberdinen arteko zubiak eraikitzea beharrezkoa dela ustea dugu. Bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar baitira eta horrek denon ardura eta
ahalegina behar du.

Horregatik diogu bakegintza eta elkarbizitzaren bidean, orain espetxe politikaren arazoari irtenbidea emateko unea dela. Eta horixe da urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan egingo dugun aldarria eta gaur hemen batu garenok zabaldu nahi dugun deia. Izan ere, eta aurrera urratsak ematen hasiak bagara ere, gaur gaurkoz ez dira bake justu eta iraunkor baterako baldintzak bete.

Bakearen bidea alde guztien eginkizuna da: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzioena eta estatuena. Aktore guztien eginkizuna da eta horregatik, gu gaur hemen batu garen moduan, urtarrilaren 12an ere jendarte osoari eta baita, herri ordezkariei, eragileei, alderi eta sindikatuei, Bilboko eta Baionako kaleetan gurekin batera etorkizun berri baten alde urratsak ematera gonbidatu nahi ditugu.

Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe, egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegu egia, errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta, horretarako lan egitea, edozein izanik ere gure arteko ezadostasuna.

Aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkarbizitza, azkenean posible ikusten da gure herrian. Orain arte batu ahal izan ez garenen ariketa kolektiboa izango da.

Urtarraileran 12an batu gaitezen guztiok Bilbon eta Baionan

 

>> Bizkaia_ atxikimenduak _ Bizkaia_adhesiones