Mont de Marsan eta Zaballa batuko dituen Orain Presoak dinamikaren baitako bizikleta itzulia hasi da gaur Mont de Marsaneko espetxe parean. 35 lagun inguru abiatu dira lehen etapa honetan, eta Bagoaz zein Sareko ordezkariek martxari hasiera eman ostean erritmo lasaiean joan dira bidean aurrera.

Hasierako hitzartzean, Frantziako gobernuak urruntze politikarekin amaitze bidean emaniko lehen urratsak aipatu dira, gogora ekarriz gizarte zibilaren lanari esker ez balitz egoera hau ezinezkoa litzatekela. Horrez gain, oraindik ere urrats gehiago emateko daudela adierazi dute eta baita, iparraldean aurrera eramandako dinamika hegoaldera ekartzeko beharra azpimarratu ere, euskal presoek bizi duten salbuespen legediarekin amaitzeko bide gisa.

Itzuliaren baitan lehen geldialdia Saint Aubin herrian izan da, bertan mokadu bat hartu ostean autobusean Peyehoradera gerturatu eta bertatik Baionara bitarteko azken txanpari ekin diote. Baionarako azken zatia euripean izan bada ere, martxa umorez eta jarraitzeko gogoz amaitu da, Baionako Barnetegi kanpoan argazkia atera dutelarik iritsi berritan. Ostean, afaldu eta aisirako tartea izango dute Baionako Gaztetxean.