Agerraldia egin du gaur Sarek, Bagoaz eta Etxerat Elkartearekin batera Baionan, abenduaren 9an Bake Artisauek Parisen egingo duten mobilizazioa bultzatzeko antolatutako Espetxe Bira aurkezteko.
Espetxe Bira azaroaren 16an hasiko da Mont de Marsanen eta 20 espetxe zeharkatuko ditu abenduaren 9a bitarte. Bagoaz, Etxerat eta Sareko ordezkariek adierazi dute "azken aste eta hilabeteetan, konponbidearen alde gizarte zibilaren partetik" sortzen ari diren iniziatiba ezberdinak jarraiki "gure ekarpena egin nahi diogu, bakegileek bultzaturiko «Orain presoak» ekimenari". Espetxe Bira azaroaren 16-tik abenduaren 9-ra izango da eta hainbat ordezkari euskal presoak diren 20 presondegietara joango dira, 8 herri zeharkatuz: Toulouse, Marseille, Lyon, Poitiers, Nantes, Rennes, Lille eta Parise. "Gure asmoa, bertako eragile, hautetsi, prentsa eta biztanleekin bake prozesua eta presoen egoeraren inguruan aritzea da". Herri bakoitzean egitarau oparoa antolatu da, LDH (Giza Eskubidee Liga) erakundearekin batera. Espetxe Bira aurkezteaz gain, Baionako agerraldia Bakearen Artisauek abenduaren 9an Parisen antolatu duten Mobilizazioari atxikimendua adierazi eta herritarrak bertaratzeko deia egiteko baliatu da.